Kontsumobide

Kontsumobidek gomendatzen du telefono mugikorraren ordainketa-zerbitzua berrikustea, fakturan ezustekorik ez izateko

Argitalpen-data: 

Kontsumoko Euskal Institutuak hainbat erreklamazio jaso ditu, nahi gabe egindako erosketengatik

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak gomendatzen du telefono-konpainiekin kontratatutako zerbitzuak berrikustea, ezustekorik ez izateko telefono mugikorraren fakturaren kargura egindako ordainketengatik. Ordainbide horrek aukera ematen du operadorea ez den beste enpresa batzuek eskainitako hainbat zerbitzutan harpidetzeko edo produktu desberdinak lortzeko —esate baterako, aplikazioak, eduki digitalak edo jokoak—.

Horrelakoetan, telefono-konpainiak fakturan kontratatutako produktu edo zerbitzuaren prezioa baino ez du kobratzen; baina, hirugarrenak edo hornitzaileak du prestazioa betetzeko ardura. Funtzio honen izendapena aldatzen da operadore batetik bestera: Movistar ordainketak, hirugarrenei egindako ordainketak, fakturan egindako ordainketak edo edukien erosketak, besteak beste.

Eragozpen nagusiena da zenbait konpainiak espresuki eskatu gabe aktibatzen dietela mugikorra duten bezero guztiei. Horrela, transakzioak egin ditzakete Interneten, kreditu-txartelaren datuak eman gabe edo kontuaren zenbakia adierazi gabe. Pantailak ematen badu ere eragiketa-kostuaren berri, gorabehera horrek dakar kontsumitzaileak batzuetan ez jabetzea haien fakturan edo saldoan zorra baimentzen ari direnik —aurreordainketa-txartelen kasuan—.

Eta arazoa larriagotu daiteke adingabeek erabilitzen badituzte gurasoen telefono mugikorrak. Erosketa onartzea nahikoa denez, faktura handitu daiteke konturatu gabe. Gainera, ordaintzeko modu horren bidez, produktuak eros daitezke beste gailu batzuetan, hala nola ordenagailu, telebista edo tabletetan. Horrelako kasuetan, telefono zenbakia eta SMS bidezko kode bat sartu behar dira.

Kontsumoko Euskal Institutuak hainbat erreklamazio jaso ditu, nahi gabeko ordainbide honen bidez egindako transakzioengatik. Eskainitako ohiko zerbitzuen artean, nabarmentzen dira zinema, jokoak, kirolak, musika edo onlineko ikastaroak dituzten atariak. Beste batzuetan, parkimetro baten kostua ordaindu edo autobus txartela eros daiteke. Eta beste batzuek asteroko, hileroko edo urteroko harpidetza eskaintzen dute, aldizkakotasun bereko zorrak dakartzatenak.

Gomendioak

Kontsumobidek gomendatzen dizu neurri hauek hartzea:

  • Kontsultatu zure telefono-konpainiarekin, espresuki eskatu gabe aktibatuta duzun fakturan kargatu beharreko hirugarrenei egindako ordainketen zerbitzua. Ez baduzu erabili behar, eskatu desaktibatzea.
  • Aktibatuta baduzu, jakin ezazu zure fakturak gehituko direla eragiketaren bat baimentzen baduzu.
  • Edozein aplikaziotan baja eman aurretik, egiaztatu doakoa edo ordainpekoa den. Zuhurragoa izan weben publizitatearekin. Kontuan hartu zer onartzen duzun banner bat sakatzen baduzu.
  • Produktu edo zerbitzu bat kontratatzen baduzu, arretaz irakurri baldintzak. Batzuek aldizkako harpidetza dute, eta horrek aldizkakotasun bera duten karguak ekarriko ditu. Horrelakoetan, hirugarrenei egindako ordainketen aukera desaktibatzeaz gain, ezabatu nahi baduzu, harpidetza bertan behera uzteko tramiteak zuzenean egin beharko dituzu zerbitzuaren hornitzailearekin.
  • Arreta berezia jarri adingabeei uzten badiezu zure mugikorreko edukiak bistaratzea. Klik soil batek atsekabea eragin diezazuke.

Erreklamazioen adibideak

Online ikastaroetara harpidetzea

Gustavok (gezurrezko izena) espero ez zuen telefonoko faktura jaso du; izan ere, 24,95 euroko aparteko gehikuntza zeukan. "Beste zor batzuk" atalean, bost zenbateko daude, 4,99 eurokoak, eta ezagutzen ez zuen Academia Fast izeneko enpresa batek (gezurrezko izena) astero kobratzen zituen; dirudienez, online ikastaroetan espezializatuta zegoen, telefono mugikorretik hirugarrenei egindako ordainketen bidez.

Telefono-konpainiaren arabera, aktibatuta du hirugarrenei ordaintzeko zerbitzua, eta horrek baimena ematen dio aplikazioak eta eduki digitalak erosteko edo zerbitzuetara harpidetzeko, kreditu-txartelaren datuak edo kontuaren zenbakia eman gabe. Prezioa zuzenean kargatzen da fakturan. Baina, Gustavok ez du gogorarazten Academia Fast izenekoarekin ikastarorik kontratatu duenik eta, are gutxiago, asteroko harpidetza egin izanik. Egia esan, kontratazioa gauzatuko zelako susmoa du bannerren bat sakatzean edo laster-leihoren bat ixtean.

Ligatzeko foro batera harpidetzea

Amparok (gezurrezko izena) Bisabis enpresaren (gezurrezko izena) aparteko kargu bat jaso du telefonoko fakturan, 16,49 eurokoa, zeina honela ematen baita jakitera: “adin nagusikoen arteko topaleku-foro birtuala”. Hark ez du harpidetzarik egin zerbitzu horretan; baina, mugikorrean hirugarrenei egindako ordainketa-zerbitzua aktibatuta duenez, zorra sor dezake banner edo web batean egindako edozein klik-ek.

Zer egin horrelakoetan?

Eman baja hirugarrenei egindako zerbitzu-ordainketan, ezusteko gehiagorik ez izateko.

Telefono mugikorrean jasotako SMSak egiaztatu. Hirugarrenei egindako ordainketen bidezko erosketek SMS bat sortzen dute, zeina telefonora bidaltzen baita. Bertan agertu beharko da zerbitzuaren kostua, karguan aldizkakotasuna dagoen edo ez, eta nola eman baja zerbitzuan.

Hornitzailearekin harremanetan jarri (kasu horietan, Academia Fast edo Bisabis), harpidetza bertan behera uzteko. Bestela, asteroko karguak egiten jarraituko dute.

Ez itzuli faktura. Arazo gehiago baino ez dizu ekarriko. Kontsumon, erreklamazioa aurkez dezakezu; baina, baliteke telefono-konpainiak adieraztea ezin dizula zenbatekoa itzuli, bitartekari hutsa izan baita ordainketan. Alta jasota badago zerbitzu-hornitzailearen harpidetzan, enpresak ez dizu berriro faktura egingo.