KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Argitalpen-data: 2017/09/29

Kontsumobidek kontuz ibiltzeko gomendioa egiten die adinekoei, koltxoien eta atsedenerako produktuen etxez etxeko salmenta dela-eta

EAEko zenbait herritan, hainbat komertzial dabiltza etxez etxe koltxoiak saltzen, eta horrek hainbat erreklamazio jartzea eragin du, taktika komertzial agresiboak erabiltzen baitituzte, batez ere adinekoekin. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak gomendatzen du zuhurrak izateko artikulu bat erosi aurretik, baldin eta inolako oinarri zientifikorik gabe agintzen bazaizu zure osasunak mirarizko hobekuntza bat izango duela.

Enpresa horietako langileek hainbat amarru erabiltzen dituzte beren produktuak saltzeko:

  • Batzuk mantal zuri batekin joaten dira etxeetara, osasun-gaietan nolabaiteko autoritatea dutela erakusteko eta adinekoak erostera bultzatzeko. Batzuetan, gainera, organismo ofizial bat ordezkatzen dutela baieztatzen dute.
  • Adin handiko jendearengana jotzen dute. Asko bakarrik bizi dira, kontratuen letra txikia irakurtzeko zailtasunak dituzte, eta eskaintzen dizkieten artikuluek beren osasuna hobetuko dutelako promesa aintzat hartuta, iruzurra onartzen dute.
  • Epekako ordainketa onartuz gero, finantza-erakunde batekin kreditu bat izenpetzea ere ekar dezake kontratuak.
  • Salgaiak askotarikoak dira, eta fakturak 1.000 edo 2.000 eurotik gorakoak izan daitezke.
    • Koltxoiak: produktu izar dira.
    • Koltxoi-oinarriak eta erregeneratzaileak, osasunerako onuragarriak omen direnak; adibidez, talasoterapiarako oinarriak, erregeneratzaile batera konektatu behar direnak, hobekuntza bat nabaritzeko (adibidez, zirkulazioa hobetzeko).
    • Ohe artikulatuak.
    • Ura eta airea arazteko gailuak.

Saltokitik kanpoko erosketak

Atez ateko salmenta horiek saltokitik kanpo egiten diren kontratuak dira, eta kontsumitzaileari aukera ematen diote atzera egiteko eskubidea baliatzeko, hau da, ahalmena izateko kontratu bat indarrik gabe uzteko eta ondasuna itzultzeko, inolako zigorrik gabe eta arrazoirik eman gabe. Kasu horietan:

  • Kontuan izan, kontratuaren kopiaz gain atzera egiteko agiri bat eman behar dizutela, alegia, kontratu hori ondoriorik gabe uzteko agiria, berariaz jasotzen duena kontratuan atzera egiteko eskubidea badagoela, eta hori baliatzearen baldintza eta ondorioak. Azken dokumentu horretan data jarri eta sinatu egin behar duzu.
  • Atzera egiteko eskubidea baliarazteko epea 14 egun naturalekoa da, eta zuk produktua jasotzen duzun momentutik hasiko da kontatzen. Epe horren barruan produktua bueltatu ahal izango duzu eta, hala, ordaindutako dirua berreskuratu. Hala ere, baldin eta enpresak ez badizu aipatutako eskubidea gauzatzeko aukeraren gaineko informazioa eta dokumentazioa eskaintzeko betebeharra gauzatu, 12 hilabete gehiago izango duzu atzera egiteko eskubideaz baliatzeko.
  • Kontratuan atzera egiten baduzu, saltzaileak gehienez ere 14 eguneko epean itzuli beharko dizu ordaindutakoa.
  • Kontratua kreditu batekin finantzatu baduzu eta atzera egitea aurrez ezarritako epe barruan egiten baduzu, finantziazio-kontratua zigorrik gabe deuseztatuko da.
  • Zuri dagokizu frogatzea atzera egiteko eskubidea gauzatu duzula. Hori dela eta, komenigarria da enpresari egindako jakinarazpena behar bezala dokumentatuta izatea (burofax, gutun ziurtatua, fax edo posta elektronikoaren bidez).
  • Atzera egiteko eskubidea baliatzeak ez dizu inolako gasturik eragingo, baldin eta kontratuan produktua itzultzearen gastuak ordainduko dituzula zehazten ez bada eta hala jakinarazi bazaizu.
Euskadi, auzolana