KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Argitalpen-data: 2017/04/07

Nola egin erreklamazio bat hegazkin-konpainiari honelakoetan: atzerapena, bertan behera uztea, gainerreserba edo gorabeherak ekipajearekin

Kontsumobidek azaltzen dizu zer eskubide dituzun eta nola jokatu hegaldiarekin arazoak badituzu

Nola egin erreklamazioa

Konpainiak ez baditu errespetatzen zure eskubideak, aurkeztu erreklamazio bat. Erreklamazio-orriak dituzte informazio-mahaietan eta -guneetan. Eredua ere deskarga dezakezu.

Aurkeztu egiaztagirien kopia eta jatorrizkoak gorde.

Airelineak ez badizu erantzuten hilabeteko epean, erreklamazioa aurkez dezakezu Aire Segurtasunerako Estatu Agentzian (AESA).

Garai honetan ohikoa da hegazkina hartu eta ihes egitea. Hala ere, arazoa lekualdaketan egon daiteke aukeratutako hegaldia irteeran edo iritsieran atzeratzen bada, bertan behera uzten bada edo gainerreserba badu, edo fakturatutako ekipajearekin gorabeherarik izanez gero. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak azalduko dizu zer eskubide exiji ditzakezun eta nola jokatu, urratsez urrats, erreklamazio bat aurkezteko.

Gogoratu eskubide horiek Europako araudiaren mende daudela eta hegaldi hauei aplikatzen zaizkiela:

  • Europar Batasuneko, Islandiako, Norvegiako, Suitzako aireportuetatik ateratzen badira.
  • Europar Batasuneko aireportuetatik ateratzen badira Europar Batasunekoa ez den estatu batera, nahiz eta Batasunekoa ez den konpainia batek erabili hegaldia.
  • Batasuneko konpainia batek erabiltzen baditu, Europar Batasunekoa ez den aireportutik ateratzen bada ere.

Hegaldiaren irteeran atzeratzea

Aireportuan zaude, dena prest duzu, eta irteeren berri ematen duen pantailan ikus daiteke hegaldia ez dela aterako programatutako orduan. Zer eskubide dituzu? Izan ere, atzerapen-denboraren arabera aldatzen dira.

Informazioa jasotzeko eskubidea: idatziz eska dezakezu zure eskubideei buruzko informazioa konpainiaren mahaian.

Laguntza jasotzeko eskubidea, atzerapenaren eta distantziaren arabera. Konpainiak jateko eta freskagarri nahikorik eman behar dizu, ostatua eta, beharrezkoa bada, aireportutik hotelera lekualdatzea, baita telefono-dei bi egiteko aukera edo telefax edo fax bi igortzeko aukera edo posta elektroniko bi igortzeko aukera ere. Behartuta dago atzerapen kasu hauetan:

  • Bi ordu baino gehiagokoa, 1.500 km-ko hegaldietan.
  • Hiru ordu baino gehiagokoa, 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko hegaldietan edo EBren barruko hegaldietan.
  • Lau ordu baino gehiagokoa, 3.500 km-tik gorako hegaldietan.

Dirua itzultzeko eskubidea, atzerapena bost ordukoa edo hortik gorakoa bada —atzerapen handia— eta ez bidaiatzea erabakitzen baduzu. Txartelaren kostu osoa itzuli behar dizute zazpi eguneko epean, egin ez duzun bidaiaren zatiari dagokiona eta funtsik ez duen egindako bidaiaren zatiari dagokiona ere bai. Azken kasu horretan, eskubidea duzu hegaldia hartzeko ere, abiapuntura itzultzeko ahalik eta lasterren.

 

Hegaldia atzeratuta heltzea

Hegazkina destinora heltzen bada hiru ordu baino gehiagoko atzerapenarekin, eskubidea duzu diru-konpentsazioa jasotzeko; betiere, atzerapena ez badator hegazkin-konpainiak saihestu ezin izan dituen aparteko gorabeherak egotetik, hala nola eguraldi txarra.

Eta zer gertatzen da greba badago? Hasiera batean, airelineako langileek egiten badute, ezin izango dute sartu aparteko gorabeheretan; aldiz, beste kolektibo batzuek eginez gero, aire-zirkulazioko kontroladoreek, —teorian— aparteko gorabeheratzat har zitekeen. Zalantzarik izanez gero, aholkatzen da erreklamazioa egitea.

Hala egokituz gero, kalte-ordaina distantziaren araberakoa izango da:

  • 250 euro, 1.500 km arterainoko hegaldietan.
  • 400 euro, Batasunaren barruko 1.500 km-tik gorako hegaldi guztietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko gainerako hegaldi guztietan.
  • 600 euro, Europar Batasunetik kanpoko 3.500 km-tik gorako hegaldietan.

Hegaldia bertan behera uztea

Airelineak jakinarazten dizu hegaldia bertan behera utzi dela. Nola jokatu behar da?

Informazioa jasotzeko eskubidea: idatziz eska dezakezu zure eskubideei buruzko informazioa konpainiaren mahaian.

Laguntza jasotzeko eskubidea, irteeran atzerapena gertatzen den kasuetako baldintzetan.

Diru itzulpenerako edo garraio alternatiborako eskubidea. Hauen artean aukeratzen utzi behar dizute:

  • Txartelaren kostu osoa itzuli behar dizute zazpi eguneko epean, egin ez duzun bidaiaren zatiari dagokiona eta funtsik ez duen egindako bidaiaren zatiari dagokiona. Azken kasu horretan, eskubidea duzu hegaldi bat hartzeko, abiapuntura itzultzeko ahalik eta lasterren.
  • Helmugara iristeko ordezko beste garraio bat erabiltzea, lehenbailehen edo zuk aukeratzen duzun datan.

Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea, atzerapenaren kasuan egin bezala. Airelinea ez dago behartuta behar besteko aurrerapenaz jakinarazi badizu bertan behera utzi dela edo beste alternatibaren bat eskaini badizu. Zenbatekoak % 50era arte ere murriztu ahal izango dira, konpainiak garraio alternatiboa eskaintzen badizu, zeinak aurreikusitako iristeko orduan aldaketa duen:

  • Bi ordukoa gehienez, 1.500 km-tik beherako hegaldietan.
  • Hiru ordu edo gutxiagokoa, komunitate barruko 1.500 km-tik gorako hegaldi guztietan eta 1.500 km-tik 3.500 km-ra bitarteko gainerako hegaldi guztietan.
  • Lau ordu edo gutxiagokoa, gainerako hegaldi guztietan.

Txartelen overbooking edo gainerreserbagatik ontziratzea ukatzea

Airelineak gainerreserba egin badu eta eserleku baino bidaiari gehiago agertzen badira aireportuan, boluntarioak eskatu behar ditu lehenengo. Horietako bat bazara, enpresarekin negozia ditzakezu uko egitearen baldintzak. Boluntario nahikorik ez badago, lurrean geratzera behartu zaitzake. Horrelakoetan, hau egin behar duzu:

Informazioa jasotzeko eskubidea: idatziz eska dezakezu zure eskubideei buruzko informazioa konpainiaren mahaian.

Laguntza jasotzeko eskubidea, atzerapenaren kasuan egin bezala.

Diru itzulpenerako edo garraio alternatiborako eskubidea, bertan behera uzten denean egin bezala.

Kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hegaldia bertan behera uzten den kasuen baldintzetan.

Ekipajea galtzea, hondatzea edo berandu entregatzea

Fakturatutako ekipajean kalterik ikusten baduzu edo ez bada agertzen, konpainiaren mahaira joan behar duzu eta erreklamazio bat jarri aireportutik atera aurretik. Horretarako, Ekipaje Gorabeheren Partea (PIR) bete behar duzu. Horren kopia bat hatu eta gorde.

Erreklamazio bat ere idatziz aurkeztu behar diozu airelineari eta PIR-ren kopia erantsi. Hauek dira epeak:

  • 7 egun entregatzen denetik, kalteak badaude.
  • 21 egun entregatzen denetik, berandu entregatzen bada.
  • Gehienezko eperik gabe, galdu bada. Hala ere, egokiena da lehenbailehen aurkeztea.

Horrelakoetan, 1.131ra arteko Igorpen-Eskubide Berezi (IEB) jasotzeko eskubidea duzu kalte-ordainetan, Montrealgo Hitzarmenaren arabera, zeinak horrelako ustekabeak arautzen baititu. Espainiako Bankuko web orrian ikus dezakezu zein den Igorpen-Eskubide Berezien indarreko kanbio-tasa eurotan.

Airelinearen erantzunak ez bazaitu asebetetzen, epaitegietan baino ezin izango duzu erreklamatu.

Euskadi, auzolana