Kontsumobide

Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitza eta logela turistikoen erabiltzaileen eskubide berriak

Argitalpen-data: 

Irteera bat egitekotan bazabiltza eta halako zerbitzu bat kontratatzeko asmoa baduzu, turistentzako ostatuek bete behar dituzten baldintzak jakin nahi izango dituzu; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan, etxebizitza horiek erabiltzeko araudi berria bete beharko da.

Etxebizitzak edo logelak erabilera turistikorako baliatzen dituzten erabiltzaileek eskubidea izango dute, baita erreserba edo zerbitzua itundu aurretik ere, ostatuaren ezaugarriei eta erabilera-baldintzei buruzko egiazko informazioa jasotzeko. Nola bitarteko digitalen bidez, hala paperean, eskaintzaren baldintzak azalduko dira:

  1. Jardueraren titularraren identifikazioa, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Enpresa eta Jarduera Turistikoen Erregistroko inskripzio-zenbakia eta identifikazio fiskaleko zenbakia ere.
  2. Ea etxebizitza osorik edo logelaka lagatzen den, eta ea zein ezaugarri dituen, berariaz aipatuta eskaintzen dituen zerbitzuak, besteak beste interneterako konexioa, aire girotua eta antzekoak; informazio hori nahasdurarik edo txarto ulerturik ez sortzeko moduan emango da.
  3. Etxebizitza gehienez zenbat pertsonak okupatu ahal duten, logela bakoitzeko ostatu-plazen kopurua
  4. Erabiltzeei harrera egiteko prozedura, sartzeko eta irteteko ordutegia
  5. Ordaintzeko unea eta modua.
  6. Ostatuaren azken prezio osoa, zergak eta tasak barne, kontzeptuen arabera banakatuta. Nolanahi ere, prezioaren barruan sartuko da etxebizitza normaltasunez erabili eta gozatzeko beharrezko zerbitzuen hornidura (hau da, ura, elektrizitatea, etxeko arropa eta tresnen garbiketa eta erabilera...).
    Prezioan ez bada sartzen etxebizitza erabiltzeko zerbitzu bereiziren bat eta, hortaz, zerbitzu hori aparte ordaindu behar bada, berariaz eta argi eta garbi adieraziko behako da.
  7. Erreserbak egiteko eta kontratuei uko egiteko bete behar diren baldintzak, berariaz aipatuta fidantza galtzeko araubidea edo erreserbak deuseztatuz gero jar daitezkeen zehapenak.
  8. Ea etxebizitza indarrean den kontsumoko arbitraje-sistemara atxikita dagoen. 

Gainera, kontratua gauzatu baino lehen edo zerbitzua eman baino lehen, erantzukizun zibileko asegurua zein erakunderekin itundu den adieraziko da.

Zer eskaini behar dute ostatu horiek?

Logela eta etxebizitza turistikoek kanpoaldean, sarreran, bereizgarri bat edukiko beharko dute ikusteko moduan.

Osorik lagatzen diren etxebizitzek gutxienez sukaldea, bainugela eta lo egiteko gela bat eduki behar dute. Logeletan (baita egongeletan ere, baldin eta lo egiteko erabiltzen badira) argi naturalaren iturri bat eta kanpora edo patio aireztatura jotzen duen aireztapen zuzena eduki beharko da.

Etxebizitzak edo logelak altzariz, instalazioz, zerbitzuz eta etxeko tresnaz hornituta egon beharko dira, bai eta horiek berehala okupatu eta gozatzeko beharrezkoak diren garbiketa eta higieneko elementuz eta etxeko gauzaz ere. Honako hauek eduki beharko dituzte, gutxienez:

  • Elektrizitatea eta edateko ura, beroa eta hotza.
  • Berogailua logeletan, bainugeletan, egongelan eta jantokian.
  • Logeletan: ohea, arropa gordetzeko armairua, aulkia edo besaulkia, eta mesanotxe bat, gauerako lanpara eta guzti.
  • Oheko ekipamendua eta arropa: somierra, koltxoia, burkoak, izarak eta mantak edo edredoia, ohe bakoitzeko, bai eta toalla-sorta bat ere pertsonako.  

Halaber, etxebizitzan dauden instalazioen funtzionamendurako jarraibide edo eskuliburuak eman beharko dira.

Etxebizitzetan honako segurtasun-elementu hauek egon beharko dira, ikusteko moduko lekuren batean eta sarreratik hurbil: kanpora joateko irteerak adierazten dituen planoa; su-hiltzaileen, poliziaren eta osasun-arretako zerbitzuen kokapenari eta telefono-zenbakiei buruzko informazioa. Gainera, eskuzko su-itzalgailu bat eta lehen laguntzako botika-kutxa bat ere eduki beharko dira.

Kontsumoari buruzko kontsultak eta erreklamazioak

Erraz ikusteko moduan eta etxebizitzako sarreratik hurbil, erabiltzaileak salaketak, kexak eta erreklamazioak egiteko eskubidea duela jaso beharko da. Gainera, bezeroen esku jarriko dira erreklamazio-orriak.

Zalantzarik baduzu erabiltzaile eta kontsumitzaile gisa dituzun eskubide eta betebeharrei buruz, eta horiek gauzatzeko moduari buruz, eskatu informazioa kontsumo-erakundeetan.

Gogoratu zure eskubideak urratzen badira erreklamazio bat aurkez dezakezula.