Kontsumobide

Nora Abete: 'Kontsumoko bulegoentzako eta elkarteentzako laguntzek kontsumitzaileak gehiago babestea bilatzen dute'

Argitalpen-data: 

2019an Kontsumobidek ia milioi eta erdi euro bideratuko ditu informazioko udal-bulegoetara eta kontsumitzaile-elkarteetara. Zenbatekoa bi laguntza-deialditan banatuko da, bata 958.570 eurokoa eta bestea 431.000 eurokoa.

2019an Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak guztira 958.570 euro bideratuko ditu Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoentzako diru-laguntzetara, kontsumitzaile horien eskubideak eta interesak sustatzeko eta babesteko

Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek azaldu duen bezala, Kontsumobidek laguntza horiek emango ditu “kontsumoko politikak indartzeko, eta kontsumitzaileak defendatzeko eta babesteko jarduerak burutzen dituzten erakundeen lana bideratzeko”. 

2019rako laguntzen deialdian hiru motatako inbertsioak aurreikusten dira: 

  • Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen prestakuntzako eta informazioko jarduerak, eta argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jarduerak abian jartzea eta gauzatzea.
  • Kontsumo-ikuskapeneko jarduerak
  • Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) zerbitzuak eta zentroak instalatzea, eraberritzea, handitzea, ekipatzea edo tokiz aldatzea. 

Laguntza horiek eskatzeko epea 2019ko otsailaren 14an amaituko da. 

Bestalde, 2019an, Kontsumoko Euskal Institutuak, guztira, 431.000 euroko diru-laguntzak emango dizkie Euskadiko kontsumitzaileen erakundeei, funtzionamendurako, laguntza juridikorako eta kontsumoko proiektuetarako eta berrikuntza teknologikoko proiektuetarako gastuak ordaintzeko. 

Elkarte horiek kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak babesteko unean haiek ordezkatzeko eta parte hartzeko tresnak dira. Laguntzen bidez erakunde horien lana indartu eta sustatu nahi da, eta aholkularitzako, defentsako eta informazioko funtzioak egikaritzen aktiboki eta ekonomikoki parte hartu nahi da.

Laguntzak ematen dira kontsumitzaileen arretarako, zerbitzu juridikoa emateko eta berrikuntza teknologikoko proiektuak gauzatzeko. Laguntzak eskatzeko epea 2019ko otsailaren 15ean amaituko da. 

Eskaerak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoak erabiliz, eskaera-eredua betez eta eskatzen den dokumentazioa erantsiz. Informazio gehigarria kontsumobide.eus (leiho berri batean irekitzen da)webguneko Laguntzen eta Diru-laguntzen atalean edo aipatutako egoitza elektronikoan kontsulta daiteke.

 

Informazio gehiago:

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 15ekoa (leiho berri batean irekitzen da), Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez oinarriak jendaurrean jartzen baitira eta deialdia egiten baita diru-laguntzak emateko, toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei zuzenduta, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak susta eta babes ditzaten, 2019ko ekitaldirako (240. EHAA, abenduaren 14koa). 

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 4koa (leiho berri batean irekitzen da), Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariarena, kontsumitzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2019ko ekitaldiko deialdia eta oinarriak argitaratzen dituena (244. EHAA, abenduaren 20koa).