Kontsumobide

Ryanair-ek iragarri duenez uztailaren 25ean eta 26an hegaldiak bertan behera utziko dituela, Kontsumobidek, kaltetuta gerta daitezkeen pertsonei, dituzten eskubideak gogorarazten dizkie

Argitalpen-data: 

Hegaldia ezeztatu dela hamabost egun baino gutxiagoko epean jakinarazten badizute, hegazkin-txartelaren zenbatekoaren itzulpenerako eskubidea duzu eta, gainera, kaltetutakoek, diru-konpentsazioa jasotzeko eskubidea baliatu ahalko dute. Hauek dira kopuruak: 

  • 250 euro, 1.500 km arteko hegaldietan.
  • 400 euro, EB barneko eta 1.500 km baino gehiagoko hegaldietan, eta 1.500-3.500 km arteko gainerako hegaldietan.
  • 600 euro, EBtik kanpoko 3.500 km baino gehiagoko hegaldietan. 

Salbuespenak daude; batzuetan hegazkin-konpainiak ez du zertan konpentsaziorik ordaindu: 

1.- Kontuan hartuko da hegaldia ezeztatu dela noiz jakinarazten dizuten; hau da, hegaldia irteteko aurreikusitako ordua baino zenbat egun lehenago abisatu dizuten: 

  • Bi aste lehenago abisatu badizute.
  • Bi aste eta zazpi eguneko tartean abisatu badizute eta ordezko garraio bat eskaintzen badizute, baldintza hauekin: aurreikusitako irteera-ordutik ezin da bi ordu baino gehiagoko aurrerapena egon; eta helmugara iritsi behar zara lau ordu baino gutxiagoko atzerapenarekin.
  • Zazpi egun baino gutxiagoko tartearekin abisatu badizute baina beste hegaldi bat hartzeko aukera eskaintzen badizute, baldintza hauekin: aurreikusitako irteera-ordutik ezin da ordubete baino gehiagoko aurrerapena egon, eta helmugara iritsi behar zara bi ordu baino gutxiagoko atzerapenarekin. 

2.- Konpainiak egiaztatzen badu hegaldia, arrazoizko neurri guztiak hartuta ere, saihestu ezin diren salbuespenezko inguruabarrengatik ezeztatu dela 

Kasu horietan, bidaiariek hegazkin-txartelaren zenbatekoa jasotzeko eskubidea dute, soilik. 

Batzuetan, hegazkin-konpainiak salbuespenezko inguruabar gisa kontsideratzen dituzte grebak, bidaiariei konpentsaziorik ez ordaintzeko. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2018ko apirileko epai baten arabera, greba ezin da salbuespenezko zerbait izan; beraz, hegaldia ezeztatzen bada, hegazkin-konpainiek ezin dute kalte-ordaina emateko betebeharretik libratu. 

Nola jarri erreklamazioa, zure eskubideak urratu direla uste baduzu: 

1.- Hegazkin-konpainiari idatzizko erreklamazioa aurkeztu behar diozu. Tiket eta faktura guztien kopiak erantsi behar dituzu. Gorde beti originalak. 

2.- Erantzunik jaso ez baduzu hilabeteko epean, edo erantzunarekin ados ez bazaude, Aire Segurtasunaren Estatu Agentziaren (AESA) aurrean erreklamazio bat aurkez dezakezu, Espainiatik irteten diren hegaldi guztien kasuan eta hirugarren herrialde batetik irten eta helmugako herrialdea Espainia denean, betiere Europar Batasuneko hegazkin-konpainia bada.