euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Aurreztu eraginkortasun energetikoaren ziurtagiria izanda

egilea: Kontsumobide, Otsaila 11, 2017

Aldez aurretik baldin badakizu eraikin batek zenbat energia kontsumitzen duen, diru asko aurrez dezakezu. Informazio hori ematen dizu, modu grafikoan, eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriak, A letratikeraginkortasun handiaG letraraeraginkortasunik eza– bitarteko kalifikazio baten bidez. Horregatik da garrantzitsua, eraikin bat erosi edo alokatu aurretik, bereizgarri horri erreparatzea; izan ere, zenbat eta eraginkortasun handiagoa izan orduan eta gas- eta argi-faktura txikiagoak izango dituzu.

Eskubidea duzu saltzaileari edo alokatzaileari etiketa energetikoa erakuts diezazuten eskatzeko. Hala, datu objektiboak izango dituzu eskaintza baten alde edo beste baten alde egiteko. Horregatik, publizitatean ere agertu behar du etxebizitzari edo lokalari esleitu zaion letrak. Agertzen ez bada, 300 eta 600 euro bitarteko zehapena jaso dezake arau-hausleak.

Baina zer dago letra horien atzean? Eraikinari egiten zaion azterketak bi parametro neurtzen ditu, zeinak bi letrarekin adierazten diren. Alde batetik, urtean metro koadro erabilgarriko kontsumitutako energia kantitatea, kilowatt-ordutan (kWh/m2 urte); hau da, zenbat energia gastatu behar den ur berotan eta berokuntza- eta hozte-sistemetan etxebizitza erosotasun-egoera onenetan edukitzeko. Beste alde batetik, urtean metro koadro erabilgarriko isuritako karbono dioxidoa, kilogramotan (CO2 kg/m2 urte); hau da, ingurumenean zer eragin duen.

Energia-kilowatt horiek, dena den, dirutan ere eman daitezke. Eta letra-dantzarekin azpikoz gora jartzen dira kopuruak ere. Horrela, esate baterako, Gasteizen dagoen 1975eko eraikin-bloke bateko 90 metro koadroko etxebizitza batek E/E kalifikazioa eskuratu badu (E, kontsumitutako energian eta E, CO2 isurpenetan), urtean, batez beste, 1.436 euroko gastua izango du. Energia-kontsumoan A kalifikazioa lortzeko egin beharreko berritze-lanak eginez gero, urtean 243 bat euroko faktura ordaindu beharko litzateke; hau da, faktura % 80 baino gehiago jaitsiko litzateke.

Ziurtagiri hori izateko obligazioa dute eraikin berriek, saldu edo alokatu nahi diren eraikinek edo haien parteek –etxebizitzek, lokalek...– eta agintaritza publikoek okupatzen dituzten 250 metro koadro baino gehiagokoek. Eraikinen sustatzaileek edo jabeek dute betebehar hori. Teknikari bat kontratatu behar dute eraikina aztertu eta ziurtagiria egiteko, eta, ondoren, eraikina Eusko Jaurlaritzak egin duen erregistroan inskribatu dela egiaztatu behar dute eta etiketa eman dietela ziurtatu. Ziurtagiriak 10 urterako balio du.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana