KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Bideojoko hau egokia da adingabekoentzat?

egilea: Kontsumobide, 

Pertsona zentzudunek ez lukete 7 urteko ume bat jarriko It, Laranja mekanikoa –A Clockwork Orange–edo Exorzista ikusten, baina tematzen bada bideojoko bat eskatzen, eta bideojoko horren edukia bada mugitzen den orori tiro egitea, etsaiak torturatzea edo herrialde bat suntsitzea, guraso askok men egiten dute, umearen nahiak zalantzan jarri barik.

Kontsola edo ordenagailurako joko bat eskuratu baino lehen, gomendagarria da honakoak kontuan hartzea: generoa, historiaren bilbea eta Jokoei buruzko Informazio Paneuroparraren (PEGI) adinaren araberako sailkapena. Software Interaktiboaren Europako Federazioak (ISFE) sortutako sistemak ikonoen bidez orientazioa eskaintzen du, gomendatutako erabilera adinaz eta edukiari buruzko deskriptoreaz, hau da, adingabekoentzako gomendagarria denetz, ez bideojokoa amaitzeko zailtasunaz. Horrez gain, beste piktograma bat –PEGI OK– badago, webgune batean, sare sozialetan edo online zerbitzuetan aurki ditzakezun joko txikiak adingabekoentzako egokia diren ziurtatzeko.

Adinaren eta edukiaren araberako sailkapena:




Egokitasuna zehazteko, lehenengo eta behin, jokoaren editoreak berak, edukia ondo-ondo ezagutzen duenez, galdetegia bete behar du eta eskudun agintariari bidali, azter dezan. PEGIren –2003tik indarrean– kasuan, Ikus-entzunezkoak Sailkatzeko Herbeheretako Institutuak (NICAM) eta Video Standards Council-ek (VSC) egingo dute kontrola. Behin izapide hori amaituta, bideojokoak behin-behineko sailkapena lortuko du. Behin merkatuan egonda, kontsumitzaileren baten ustez emandako ikonoak ez badatoz bat errealitatearekin, erreklamazio bat aurkez dezake, azter dezaten.

Bideojoko baten PEGI sailkapena jakin nahi baduzu, pegi.info webguneko bilatzailean aurki dezakezu informazioa, honakoak zehaztuz: izenburua, adinak, generoa, antolakundea, plataforma edo argitaratu den herrialdea.

PEGI piktogramak bideojokoen enpresek euren burua arautzeko sistema da, eta Europako ia hogeita hamar herrialdetan erabiltzen da, baita Espainian ere, baina ez da sistema bakarra. Interneten bidez joko bat erosten baduzu, beste herrialde batzuetako artikuluak aurki ditzakezu ikono desberdinekin, baina filosofia bera dute: umeak euren adinarentzat ezegokiak diren edukietatik babestea. Alemanian, Entretenimenduko Softwarean Autokontrola (USK) darabilte; Estatu Batuetan, Bideojokoetarako edukiak sailkatzeko sistema (ESRB); edo Australian, non Komunikazioen eta Arteen Ministerioak betetzen baititu funtzio horiek.

Gomendioak

Adingabekoentzako bideojokoak erosiko badituzu:

  • So egin PEGI sailkapeneko ikonoei.
  • Kontsola ere erosi nahi baduzu, begira zein joko dakarren opari.
  • Gogoratu PEGI piktogramak orientazio hutsak direla eta gomendatutako adina erakunde erregulatzailearen arabera alda daitekeela. Sims 4 jokoa, esaterako, PEGI sistemaren arabera, 12 urtetik gorakoentzat zen egokia; Alemanian, aldiz, 6 urtetik gorakoentzat, eta Estatu Batuetan, berriz, nerabeentzat.
  • YouTuben bila dezakezu informazioa jokoari buruz, baita zuzeneko partida batzuk ikusi ere, edukia ezagutzeko.
Gaiak
Euskadi, auzolana