KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Black Friday, Mid Season Sales, beherapenak eta enparauak ganoraz baliatzeko ideiak

egilea: Kontsumobide, 

Mid Season Sales, Black Friday, Cyber Monday, Beherapenak, Blue Monday, Shopping Night, Urrezko egunak, Special Prices… Izena aldatzen da; ez, ordea, izana: prezio bereziak eta hamaika aukera errepikaezin agintzen dizkizute, galdu ezin dituzun aukerak dena ere. Sustapen ezagun horiek aukera bikaina izan daitezke egin behar dituzun erosketak aurreratzeko, baina erabaki okerrak ere eragin ditzakete, aurrez behar bezala pentsatzen ez baduzu. Hemen dituzu gomendio batzuk, eskaintza horiei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko:

  • Itsu-itsuan erosten hasi aurretik, gogoratu aukera errepikaezinak behin bakarrik izaten direla bizitzan. Aldian aldikoak eta errepikakorrak badira, ez dira errepikaezinak, etengabeak baizik.
  • Sustapenak aukera egokia izan daitezke programatutako eta nahitaezko erosketak aurreratzeko, hala nola Gabonetakoak edo urtebetetzetakoak:
    • Produktu jakin bat interesatzen bazaizu, jarraipena egin, OCU kontsumitzaile-elkarteak egin duen bezalaxe. Izan ere, denda batzuek prezioak igotzen dituzte apurka-apurka dena delako egun hori baino aste batzuk lehenago, eta, ondoren, merkatu egiten dituzte berriz, ustezko sustapen baten mozorropean.
    • Konparatu prezioak. Erabili eskura dituzun erremintak: bilatzaileek prezioak konparatzeko hainbat web-orri eskaintzen dizkizute.
    • Galdetu zein den itzulketa-politika eta zein den itzulketak egiteko epea.
    • Behar duzuna baino ez erosi. Nahi ez zenituen gauzak erostea, deskontu handiak dituztelako soilik, ez da pagotxa.
  • Teknologia erosi behar baduzu, adi ibili zaharkitutako produktuekin. Ez zaitzatela liluratu prezioekin bakarrik. Mugikorrak, ordenagailuak, telebistak eta elektronikako beste produktu batzuk erosteko, informazioa jaso eta irizpidez jardun behar da: Software-eguneratzeak egin ahal izango dira? Markak bertsio horri euskarria ematen jarraituko du? Badu nahikoa RAM memoria? Zenbateko edukiera dauka? Zenbat balio dute osagarri gomendagarriek, hala nola karkasek edo zorroek?
  • Erosketak finantzatzea edo atzeratzea erabakitzen baduzu, arreta berezia jarri interesei eta epeei.
  • Gogoan izan zure eskubideak eta baliatu:
    • Produktuek beherapenetako prezioa eta aurrekoa izan behar dute, BEZa barne.
    • Erosgaiek egoera ezin hobean egon behar dute.
    • Internet bidez erosten baduzu, egiaztatu web-orri segurua dela. 14 egun dituzu atzera egiteko eskubidea baliatzeko; alegia, produktua justifikaziorik gabe itzultzeko.
    • Gorde ziurtagiria edo tiketa, erreklamaziorik jarri behar baduzu ere.
    • Legezko bermea bi urtekoa da produktu berrientzat eta gutxienez urtebetekoa bigarren eskukoentzat.
    • Arazoren bat sortzen bada, establezimenduarekin akordio batera heltzen saiatu behar duzu. Lortzen ez baduzu, ordea, jarri erreklamazio bat.
    • Kontsumoko Arbitraje Sistemara atxikitako establezimenduetan erostea seguruagoa da, gatazkak auzibidetik kanpoko doako bitarteko baten bidez konpontzeko aukera ematen duelako. Bilatu bereizgarri ofiziala.

Euskadi, auzolana