euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Denda batek noiz onartu behar du erosketa bat itzultzea?

egilea: Kontsumobide, Martxoa 23, 2017

Denda batera sartu zara, alkandora bat erosi duzu, iritzia aldatu, eta alkandora itzultzeko asmoz itzuli zara, eta hau ezustekoa!: dendak inola ere ez du nahi beste produktu bat aukeratzen uztea edo dirua itzultzea. Zer egin dezakezu?

Ziur aski, mila aldiz egin duzu galdera hori. Erantzuna oso erraza da: ezer ez. Oro har, dendak ez daude behartuta zure nahiak betetzera. Indarrean den legediaren arabera, dendak produktuak akatsen bat duenean baino ez daude behartuta produktua aldatzera edo dirua itzultzera. Horrelako kasuetan, bai: zure eskubideak exijitu ditzakezu; izan ere, kontratu bat ez betetzea edo oker betetzea litzateke, eta legezko bermerako dauden arauak aplikatuko lirateke. Hau da, bi urteko epea zenuke ondasun berrietarako, eta, gutxienez, urtebetekoa, bigarren eskuko ondasunetarako. Hala gertatu bada eta negozioak ez badizu jaramonik egiten, erreklamazioa aurkez dezakezu. Horretarako, erreklamazio-orria eskatu behar duzu, bete, eta zure eskaria jasota utzi, idatziz.

Merkataritza-politika

Baina denda batzuek onartzen dute itzultzea. Zergatik?

Dendek erabateko askatasuna dute itzulketen inguruan merkataritza-politika propioa finkatzeko. Bezeroak erakartzeko asmoz, gero eta gehiago dira honako aukera hau iragartzen dutenak eta horri buruzko publizitatea egiten dutenak: baldin eta produktuak ez bazaitu asebetetzen, beste produktu bat har dezakezu, bale bat jaso dezakezu edo dirua itzultzeko eska dezakezu. Atzera egiteko eskubidea deitzen da hori: kontratua indarrik gabe uztea ahalbidetzen dizu; hots, produktua erosteaz damutuz gero, itzuli egin dezakezu, zigorrik izan gabe nahiz justifikatu beharrik gabe.

Legeak salbuespenezko kasuetan bakarrik behartzen ditu enpresak atzera egiteko eskubide hori eskaintzera: esate baterako, artikuluren bat internetez erosten duzunean —urrutiko erosketak— edo komertzialak zure etxera joaten direnean zerbait saltzera —saltokitik kanpoko erosketak—. Oso kasu bakanak dira, ordea.

Arazorik ez izateko, denda batean produktu bat erosi baino lehen, galdetu ea zer politika duten produktuak itzultzeari buruz. Horrela, produkturen bat erosteaz damutuz gero, aukera izango duzu beste artikulu bat hartzeko edo dirua berreskuratzeko.

JARRAITU
  • RSS