euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Erreklama al ditzaket hipoteka-gastuak? Ikus dezagun zer dagoen garbi eta zer ez

egilea: Kontsumobide, Apirila 20, 2017

Ba al dut modurik hipotekaren eratze-gastuak bankuari erreklamatzeko? Zer kontzepturengatik? Zer epe daukat? Epaiketara joan nahi badut, ezinbestekoa al dut abokatua edo prokuradorea? Makina bat zalantza eragin dute galdera horiek, 2015eko abenduan BBVAren kontratu bateko klausula bat abusiboa zela, deuseza zela deklaratu zuenetik Auzitegi Gorenaren epai batek, kontsumitzailea behartzen zuelako hipoteka bat formalizatzeko gastu guztiak ordaintzera.

Bada, galdera horiei erantzun nahirik, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak jardunaldi bat antolatu du kontsumo-arloko profesionalentzat. Bertan parte hartu dute Edmundo Rodríguez magistratuak, Iñaki Velasco abokatuak eta hiru elkarteotako zerbitzu juridikoek: Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuna (UCE-EHKB), Euskal Kontsumitzaileen Antolaketa (EKA-ACUV) eta Euskadiko Kontsumitzaileen Elkargoa (EKE-FCE).

Kontsumitzaileek besterik ez

Itxuraz, abiapuntuan denak daude ados. Kontsumitzaileek bakarrik erreklama ditzakete gastuak goi-auzitegiaren epai hori oinarri hartuta. Lehen-lehenik, eskrituran begiratu, ea antzeko klausularik baduten. Eta ez, soilik, etxebizitza erosteko eskatu baldin bazuten hipoteka. Baita lonja bat erosteko edo garaje bat edo bigarren edo hirugarren etxebizitza bat erosteko eskatu bazuten ere –baita noizik eta behin alokatu egiten badute ere–. Higiezina zertarako erabiltzen duten da gakoa. "Negozio modura etxebizitzak alokatzen jardungo balu soilik geratuko litzateke pertsona fisikoa babesik gabe", Velascok dioenez. Subrogazio bat sinatu zutenak ere epaiaren babespean leudeke.

Erreklamatzeko epea zein den ere garbi dagoela dirudi. Ebazpenak deklaratzen du klausula erabat deuseza dela; hau da, baldintza hori indarrik gabe uzten du, eta inoiz jarri izan ez balitz bezala joko da. Horrek zer dakarren segidan? Ez dagoela denbora-mugarik finantza-entitateari gastuak itzul diezazkien eskatzeko. Edozein momentutan egin daiteke. Baina argi! Zehatz-mehatz Gorenak deusez deklaratu zuen BBVAren klausula hori daukatenek bai, bost urteko epea izango dute.

Zein gastu exijitu

Zein gastu exijitu zehazteko orduan hasiko dira, ordea, eztabaidak. Batez ere -Velascok dioen moduan- "Auzitegi Gorenak ez duelako esaten nola edo zenbat itzuli". "Zenbateko guztiak" itzuli beharko liratekeela uste du berak, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak adierazi duelako abusibo deklaratzen diren klausulak "ezin direla ez moderatu ez bildu".

Hipoteka-gastuei buruzko jardunaldia Hipoteka-gastuei buruzko jardunaldia

Hots, deusezak baldin badira, inoiz izan ez balira bezala da, eta, hortaz, ez dago arrazoirik entitateak zenbateko horiek beretzat har ditzan. Horren arabera, kudeaketa- eta tasazio-gastuak ere eskatu ahal izango lirateke, ez soilik notariotzako edo Jabetzaren Erregistroko gastuak edo Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga.

Ez da iritzi horretakoa, ordea, EKE-FCEko zerbitzu juridikoa. Haren ustez, dena eskatzea "ez da koherentea". Eta oztopo hori saihesteko, azkenean, epaitegietara jotzen baldin bada, Edmundo Rodríguez magistratuaren iritzia da hobe dela erreklamaturiko dirua "zenbatesteko katramila horretan ez hastea".  Auzi-eskean "klausula bera eta klausularen ondorioak deuseztatzeko" galde dezatela da haren proposamena. Kopururik bat ere gabe. Hartara, epailearen esku utziko dute diruari buruzko azken erabakia. Ez dira, ordea, denak iritzi horretakoak. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak uste du garrantzitsua dela kopuru bat zehaztea, auzi orotan eragiten diren kostuak kontuan har daitezen. Batez ere epaiketa galtzen baldin badu kontsumitzaileak ordaindu beharko dituelako.

Epaiketa, abokatu eta prokuradorearekin

Hipoteka-gastuak erreklamatzeko arazo handiena eskabide horiek jarraitzen duten bidea da. Lehenengo urratsa auzitegiz kanpo egiten da; bankuak ez du batere dirurik itzultzen eta amaitu da urratsa. Orduan, auzibidera jotzea besterik ez zaio geratzen kontsumitzaileari. Eta epaileak hipotekan jasota dagoen klausula hori deuseza dela deklaratzea behar duenez, tramitazioa epaiketa arrunt delakoaren bidetik egitea beste aukerarik ez dago, baina, horretarako, abokatua eta prokuradorea behar dira, derrigor.

Haiei ordaindu egin behar zaie, eta gerta liteke epaiketa galtzea -auzi-jartzaileak ordaindu behar kostuak-; ez harritu, hortaz, elkarteak ados ez egotea komenigarria ote den edo ez auzi-eskea banaka egitea. Batzuek baietz diote, aurrera; eta beste batzuek nahiago dute tentuz ibili; epai gutxi egon baita orain arte gai honi buruz.

Antza denez, denborak eta ebazpen judizialek erakutsiko dute, azkenean, zein den aukerarik egokiena.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana