Kontsumobide

Eskola-itzulera: erosketa berdea eta arduratsua egiteko jarraibideak

egilea: Kontsumobide, 

Ikasturtearen hasiera erronka da familientzat, gastu handia dakarren eskola-materiala eskuratu behar dute-eta: testu-liburuak, kirol-arropa eta askotariko artikuluak. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak alferrikako gastuak ez egiteko jarraibide batzuk eman nahi dizkizu, eta zera gogorarazi: zure eskubideak defendatu behar dituzula eta ingurumena zaintzen lagundu behar duzula.

1. Pentsatu zer behar duzun benetan eta egin zerrenda bat. Modei jarraitzeak eta apeta hutsez egiten diren erosketek zera eragin dezakete: aurrekontua nabarmen haztea.

2. Begiratu zer duzun etxean. Iazko ikasturteko materialen artean, berriz erabiltzeko moduko gauzarik ba ote dagoen ikusi.

3. Galdetu ikastetxean testu-liburuak trukatzeko aukerarik ba ote dagoen, eta ulertarazi haurrei garrantzitsua dela liburuak zaintzea, hurrengo ikasturteetako ikasleek ere erabili ahal izan ditzaten.

4. Testu-liburuak erosi behar badituzu, alderatu hainbat dendatako eskaintzak, preziorik onenean eskuratzeko. Interneten konparadoreak daude, eta aukera guztiak aztertzen lagunduko dizute.

5. Eskola-materiala erostean, kontuan hartu ingurumenean duen eragina. Saiatu erosketa berdea.

> Begiratu arretaz produktuen etiketei eta piktograma informatiboei:

> Erosi ingurumen-ziurtagiria dutenak. Hartu material birziklatuez edo biodegradagarriz eginda daudenak.

> Saihestu honako substantzia hauek dituzten produktuak: toxikoak, sukoiak, sumingarriak edo ingurumena kaltetzen dutenak.

> Ikusi zer materialez eginda dauden; material bakarrarekin eginda daudenak birziklatzea errazagoa da.

> Begiratu arretaz non eginda dagoen. Salmenta-puntutik zenbat eta urrunago, orduan eta kalte handiagoa egiten dio ingurumenari, garraioa dela-eta.

> Ez sinistu produktuak ingurumenaren lagun direla dioten esaldi generikoak. Irakurri xehe-xehe etiketa guztiak, eta kontuz marketin ekologiko faltsuarekin.

> Gogoratu: merkeak garestia berekin du. Erosi kalitatezko artikuluak eta luze irauten dutenak eta, ahal dela, berriz kargatzeko aukera ematen dutenak. Horrela, ez duzu ibili beharko gauza berriak maiz erosten.

> Saiatu ontzi indibidualak ez hartzen. Erosi alferrikako bilgarririk ez dutenak.

6. Ziurtatu produktuak seguruak direla. Begiratu CE marka ote duten, marka hori da-eta bermatzen duena produktuak Europar Batasunak ezarritako segurtasun- eta fabrikazio-baldintzak betetzen dituela.

7. Erosketak egiterakoan, azaldu seme-alabei zer egin behar duten eskola-materialaren bizitza baliagarria luzatzeko, eta behin amaituta, esan zein den hondakinak behar bezala kudeatzeko modua.

8. Ez ahaztu kontsumitzaile gisa hainbat eskubide dituzula, hala nola legezko bermearen epea; itzulketen politika ezagutzeak duen garrantzia; arazorik izanez gero erreklamazioa jartzeko eskubidea eta Kontsumoko Arbitraje Sistemara atxikitako establezimenduek ematen duten lasaitasuna.