euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Ez duzu publizitaterik jaso nahi? Eman izena Robinson Zerrendan

egilea: Kontsumobide, Apirila 27, 2017

Telefonoz deitu dizute, berriro ere, hainbatgarren aldiz, eskaintza paregabea eskaintzeko; SMS mezuak bidaltzen dizkizute; mezu elektronikoak ere ugari, eta postontzia betetzen dizute zure izenean datorren propagandarekin. Behingoz bakea nahi baduzu eta jazarpen horrekin bukatu, Robinson Zerrendan eman dezakezu izena.

Robinson Zerrenda publizitatea baztertzeko doako zerbitzu bat da, enpresen zuzeneko marketin-estrategietatik babesten zaituena, zure izenean bidalitako erreklamoak eragozten dituena. Izena ematen baduzu, ez duzu publizitate nominalik jasoko inoiz harremanik izan ez duzun erakundeetatik, zure datu pertsonalak iturri publikoetatik (telefono-gidak, adibidez) edo beste enpresa batzuen datu-baseetatik lortu dituzten horietatik. Adigital-Asociación Española de la Economía Digital elkarteak kudeatzen du fitxategia, eta funtzionamendua oso sinplea da:

  • Lehengo eta behin, listarobinson.es webgunera joan behar duzu.
  • Han zaudela, izena eman behar duzu. Sistemak aukera ematen du 14 urtetik beherakoak eta hildakoak inskribatzeko, haien legezko ordezkarien bidez. Formularioan honako hauek sartu beharko dituzu: izena, abizenak, NANaren edo baliokide baten zenbakia, sexua, jaiotze-data, harremanetarako e-maila eta pasahitza. Izen-ematea berresten duzunean, mezu elektroniko bat jasoko duzu adierazitako helbidean. Bertan esteka bat etorriko da; hura sakatu behar duzu zerbitzua aktibatzeko.
  • Aktibatu ondoren, NANa eta pasahitza sartuta identifikatu behar duzu, saioa hasteko. Behin barruan zaudela, sistemak aukera ematen dizu esklusioa aplikatuko zaien kanalak aukeratzeko. Lau aukera daude: posta arrunta, posta elektronikoa, telefono-deiak eta SMS eta MMS mezuak. Aurrerantzean publizitaterik ez jasotzeko, posta arrunteko helbidea eman beharko duzu, edo posta elektronikoko helbidea, edo telefono finkoa edo telefono mugikorra, aukera bakoitzari dagokiona.
  • Robinson Zerrenda eskaera egin eta hiru hilabeteko epean jartzen da indarrean. Enpresa iragarleak kontsultatzera behartuta daude publizitate-kanpainak abiatu aurretik. Kontsultatzen ez badute eta komunikazio komertzialik jasotzen baduzu, salaketa jar dezakezu Datuak Babesteko Espainiako Agentzian, zehapen-espediente bati hasiera eman diezaioten, hala badagokio.

Aldiz, bezero izan zaren edo zaren entitateen publizitaterik jaso nahi ez baduzu, zuzenean jarri behar duzu harremanetan haiekin, bere garaian eman zenien baimena baliogabetzeko edo aurka egiteko eskubidea baliatzeko. Hamar eguneko epea daukate eskatutakoa betetzeko. Kasu horietan, enpresek prozedura errazak eta doakoak izen behar dituzte zure eskaera bideratzeko. Hala ere zure eskaera betetzen ez badute, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian sala ditzakezu.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana