KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Itsasoan igaroko dituzu oporrak? Lagundu itsasoko zaborrak desagerrarazten

egilea: Kontsumobide, Uztaila 27, 2017

Jende askok eta askok hautatzen ditu itsasoa eta hondartza duten lekuak udako oporrak igarotzeko. Baina asfaltoa atzean utzi eta kostaldera bidaiatzen duzunean, baliteke ezusteko desatsegin bat aurkitzea, zure kontsumo eta portaera arduragabeak sortua –nahi gabe sortua–: itsasoko zaborrak.

Termino horrekin izendatzen dituzte adituek kostaldean zein itsasoan aurki daitezkeen eta giza ekintzak sortuak diren hondakin solidoak; baliteke zuzenean han utziak izatea, edo ibaien edo estolderia-sistemaren ondorioz edo haizearen indarrak bultzatuta iristea.

Itsasoko zaborrak mota guztietako materialetakoak izan daitezke (gomak, egurrak, metalak, paperak, telak edo beirak), baina ohikoenak, arriskutsuenak eta kezkagarrienak plastikoak dira, ehunka urtez egon baitaitezke itsasoan. Hondakinen jatorriak ere asko eta asko dira. Azken Ingurumenaren Biltzar Nazionalak (CONAMA) aurkeztutako itsasoko zaborrei buruzko lan-taldearen azken dokumentuan jasotzen denez, % 80 lurrean sortzen da, eta % 20 itsasoan egindako jardueren ondorioz, arrantza edo itsas garraioa kasurako.

Ikerketetan, bereizketa hau egiten da:

  • Itsasoko makrozaborrak: kostalde eta ozeanoetan aurkitu eta produktu manufakturatuetatik datozen 5 mm-tik gorako hondakinak.
  • Itsasoko mikrozaborrak: 5 mm-tik beherako hondakinak. Mikroplastiko ere esaten zaie, plastikoa izaten baitute osagai nagusia.

Sailkapen horretaz haratago, egia esan, arazo hau bete-beteko ingurumen-erronka bihurtu da, eta zorigaiztoko ondorioak ditu:

  • Urtero, 10 milioi tona zabor pilatzen da itsaso eta ozeanoetan, gutxi gorabehera.
  • Milioi bat hegazti eta 100.000 ugaztun eta itsas dortoka hiltzen da urtero itsasoko zaborrak irensteagatik edo haietan kateatuta geratzeagatik.

Herritarren dekalogoa

Hainbat elkartek, Asociación Española de Basuras Marinas (AEBAM) esaterako, urteak daramatzate lanean egoera hau leheneratzeko. Hala, azkena egindako Ingurumenaren Biltzar Nazionalean, Itsasoko Zaborren aurkako Herritarren Dekalogoa aurkeztu zen, eta eguneroko bizimoduan bete dezakezu. Hona hemen ideia nagusiak:

  1. Mundua gogoan, jardun auzoan, eta hartu zure erantzukizuna.
  2. Arduraz kontsumitu: informatu eta erabaki.
  3. Produktu higienikoak paper-ontzira bota, inolaz ere ez komunera.
  4. Arrantza egitea gustatzen bazaizu, kontu handiz zaindu zure aparailuak.
  5. Aplikatu 3R araua –ingeleseko reduce, reuse, recycle; alegia, murriztu, berrerabili, birziklatu– zure kontsumo-ohituretan.
  6. Gozatu naturaz, arduraz.
  7. Itsasoan zabiltzala, ez bota hondakinik uretara.
  8. Kostaldean paseatzen ari zarela aurkitzen duzun hondakinen bat jaso dezakezu, edo tokian tokiko garbiketa-kanpainetan parte hartu.
  9. Egin bat herritarren zientziarekin.
  10. Hezi umeak eta gazteak naturarekiko errespetuan.

Dekalogo osoa irakurtzeko, klikatu irudian:

Euskadi, auzolana