euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nire bidaia bertan behera utzi dut, agentziak dirua bueltatu behar dit?

egilea: Kontsumobide, Maiatza 25, 2017

Oporrak planifikatzen dituzu, maitasun osoz, eta errazenetik jotzen duzu: pakete bat kontratatzen duzu, garraio eta ostatuarekin, agentzia edo Internet bidez. Baina, plan-aldaketa batek edo ustekabe batek bidaia bertan behera uztera behartzen zaitu. Agentziak dirua bueltatu behar lizuke?

Bidaia zertarako eta norekin kontratatu den, programaturiko bidaiak bertan behera uzteak buruhauste handiak sor litzake. Zerbitzu solteek (hegazkin-billete bat erostea, adibidez) eta bidaia konbinatuek (lekualdatzeak eta egonaldiak eskaintzen dituztenak, adibideko kasua) araudi ezberdinak dituzte, eta eskubide ezberdinak bermatzen dizkiete kontsumitzaileei. Horregatik, kontratua izenpetu baino lehenago informatzeak berebiziko garrantzia du.

Hasteko, argi eduki behar da zer eduki behar duen bidaia batek konbinatua izateko. Eskaini behar ditu, prezio global baten barruan, jarraian aipatzen diren zerbitzuetatik bi gutxienez: garraioa, ostatua edo beste prestazio garrantzitsu batzuk; adibidez, txango programatuak. Gainera, egonaldiak 24 ordutik gorako iraupena izan behar du, edo gau bateko egonaldia eduki behar du gutxienez.

Penalizazio bat ordaintzea

Hori bada zure kasua, bidaia bertan behera utzi ahal izango duzu, edozein momentutan, nahiz eta segururik ez izan. Alabaina, kalte-ordain bat ordaindu beharko duzu, kudeaketa-gastuengatik, eta ezeztatzeengatik, baldin badaude; horretaz gain, penalizazio bat ere ordainduko beharko duzu, billetea bertan behera utzi nahi duzula jakinarazten duzun unetik irteera-egunera arte dagoen denboraren arabera kalkulatzen dena:

  • Hamar egun gehiago eta hamabost baino gutxiago: bidaiaren guztizkoaren % 5.
  • Hiru eta hamar egun bitartean: % 15.
  • Irteera aurretiko 48 orduen barruan jakinarazita: % 25.

Irteeran ez bazara aurkezten, zenbateko osoa ordaindu beharko duzu, salbu eta beste zerbait hitzartu baduzue.

Kontratuan baldintza bereziak jaso badira (charter hegaldi edo itsasontzi bat edo tarifa bereziak), ezeztatze-gastuak adostutako baldintzen arabera ezarriko dira.

Halabeharrez ezeztatzen bada, gaixotasun larri edo ustekabekoagatik edo zuzeneko senitarteko bat hil delako —aita, ama, anai-arrebak edo errain bat, adibidez—, inolako kalte-ordainik ordaindu gabe bertan behera utzi ahal izango duzu bidaia.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana