euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nola aukeratu etxetresna elektrikoen konponketa-zerbitzua iruzurrak saihesteko

egilea: Kontsumobide, 

Garbigailua edo telebista hondatzen bada, hauxe duzu galderen arteko galdera: konpontzea komeni zaizu?, nori deituko diozu?, nola saihets daiteke erortzea enpresa arazotsuen atzaparretan?

Laguntza Teknikoko Zerbitzuek (LTZ), hau da, tresna eta etxetresna elektrikoen konponketaz arduratzen diren betiko enpresek, kontsumoko erreklamazioak eragiten dituzte, enpresa bakanetako batzuen profesionaltasun gutxiko jardueragatik. Horregatik, oinarrizko zenbait aurreneurri hartu behar dituzu edozein zerbitzu kontratatu aurretik.

Lehenengo, begiratu behar duzu aparatuaren berme-aldia ez dela amaitu oraindik. Halaxe bada:

  • LTZra jo behar duzu adieraz diezazuten zein establezimendutan erosi zenuen artikulua edo, hala badagokio, zein fabrikatzaile den. Hala egin ezean, bermea gal dezakezu.
  • Ez duzu ezer ordaindu behar: ez eskulana, ez lekualdatzea, ezta ordezko piezak ere ez.
  • LTZk ez dizu eman behar ez fakturarik ezta ordezko piezarik ere ez. Aparatua uzten badiezu, gordailuaren ziurtagiria eman behar dizute.

Gailuaren berme-aldia ez bada amaitu, erabateko askatasuna duzu erabakitzeko. Kasu horietan honela jokatuko da:

  • Enpresa aurkitu baduzu Interneten, kontuz ibili:
    • Harremanetan jarri nahi baduzu markaren zerbitzu ofizialarekin, aparatua fabrikatu duen enpresaren web-orrian bilatu behar duzu zuzenean.
    • Kontuan hartu oso nekez gerta daitekeela baimendutako zerbitzu ofiziala izatea marka anitzeko konponketa-zerbitzuak ematen dituzten enpresak; sinadura ezagunen zerrenda amaiezina dute gainera.
    • Ez fidatu telefono mugikorra edo tarifikazio berezikoa agertzen bada soilik, helbide fisikorik gabe. Helbide bat agertzen bada, egiaztatzen saiatu behar duzu haren egoitza dela benetan.
    • Aipamen pertsonalik ez baduzu, beste erabiltzaile batzuen iritziak bilatu behar dituzu Interneten, erreklamazioak edo kexak dauden ikusteko.
  • Enpresa edo profesional horrekin harremanetan jartzea erabakitzen baduzu:
    • Galdetu zein tarifa dituzten, bereziki eskulanagatik, lekualdatzeagatik eta, hala badagokio, presako jarduketa bategatik.
    • Aldez aurreko aurrekontua eskatu behar duzu. Zure eskubidea da. Gehienez ere, 5 egun balioduneko epean egin behar dute. Nahi ez baduzu, uko egin behar diozu idatziz. Hori bai, hura eginez gero, ez baduzu onartzen, kopuru bat kobra diezazukete. Fakturaren zenbatekoak bat etorri behar du aurrekontu horrekin. Gainera, horrek lagunduko dizu zehazten zerk merezi duen: aparatua konpontzea ala berri bat erostea.
    • Bi aldiz pentsatu beharko duzu ordezko piezaren eta eskulanaren ordainketa osoa exijitzen badizute aldez aurretik. Agian, ez duzu haren berri gehiago izango.
    • Gogoratu LTZ kontsumo-arbitrajeari atxikita badago eta arazorik egonez gero, gatazka konpon daitekeela azkar eta doan.
  • LTZk konpontzen duenean:
    • Ziurtatu araudiak exijitutako baldintzak betetzen dituela fakturak, eta kontzeptu bakoitzeko zenbatekoaren xehetasunak dituen:
      • Lekualdatze bakarra kobra diezazukete, hainbat egin arren.
      • Lan denbora errealaren faktura egin behar dizute, biribildu gabe, matxura konponerraza bada salbu. Halakoetan, gutxieneko denbora kobra diezazukete, etxetresna elektrikoaren arabera.
    • Ordezko piezak ematea eska diezaiokezu eta, erabilitako ordezko piezen jatorriari eta haien prezioei buruzko informazioa, ezin baitira izan jendaurreko salmenta-prezioak baino altuagoak.
    • Konponketa guztiek 3 hilabeteko bermea dute gutxienez.
    • Edozein arazo edukiz gero, saiatu LTZrekin akordio batera heltzen. Desadostasunak irauten badu, eskatu erreklamazio-orria eta aurkeztu erreklamazioa Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan.
JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana