euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nola bereizi Europako CE eta Txinako CE markak?

egilea: Kontsumobide, Martxoa 16, 2017

Europako CE marka, zeina frantsesezko ‘Conformité Européenne’ ‘Europaren onespena’ esaldiari baitagokio, berme bat da. Etiketan agertzeak esan nahi du produktuak betetzen dituela segurtasunaren, osasunaren eta ingurumenaren babesaren arloan Europar Batasunak ezartzen dituen baldintzak. Adierazle bat da –ez froga bat–, eta berresten du fabrikatzaileak bere erantzukizunpean adierazten duela artikulu-mota jakin batzuetarako ezarritako baldintzak betetzen dituela.

Hala ere, Txinan fabrikatutako ondasun batzuek ere sigla berdinak dituzte, CE, baina beste esanahi batekin –China edo Chinese Export-, zeinak adierazten baitu, soilik, Asiako herrialde hartan fabrikatu direla.

Baina, nola bereiz dezakezu Europako CE marka eta Txinakoa.

Bi logoen diseinuak ezaugarri desberdinak ditu. Bi kasuetan, C eta E siglak bi zirkunferentzia zentrokide bikoitzetatik abiatzen dira, zeinak tamaina bereko bi uztai osatzen baitituzte. Hala ere, kokapenak bereizten ditu. 

 

Europako CE marka: C hizkiaren barne-zirkunferentzia tangentziala da E hizkiaren kanpoko zirkunferentziarekiko. Horrela, tarte handi samarra dago bi karaktereen artean.

 

Txinako CE marka: Bi uztaiak gainjarri egiten dira, eta hizkien artean ez dago ia tarterik. C hizkia biltzen duen zirkunferentziaren erdian kokatzen da, ia, E hizkia.




Kokapena eta marka nahitaez erabili behar duten produktuak

Europako araudiak xedatzen duenez, ondasunari buruzko erregelamenduak neurri jakin batzuk ematen ez baditu, ikurrak gutxienez 5 mm-ko altuera izan behar du, eta proportzio zehatz bat eduki. Horrez gain, nola kokatu behar diren xedatzen du:

  • Produktuan bertan edo haren datu-plakan jarri behar da marka, eta ikusteko modukoa, irakurgarria eta ezabaezina izan behar du. Hori ezinezkoa bada, ontzian edo, halakorik badago, erantsitako dokumentuetan jarri behar da.
  • Salgaia merkaturatu aurretik erantsi behar da. Marka nahitaezkoa da artikulu-mota jakin batzuk Europako Esparru Ekonomikoan (EEE) merkaturatzeko, hau da, Europar Batasuneko herrialdeetan, Islandian, Liechtensteinen eta Norvegian, baita Turkian ere, horrela badagokio.
  • Jakinarazitako erakundearen identifikazio-zenbakia jarraitu behar du, hark ekoizpenaren kontrol-fasean parte hartu behar izan badu.

Beste bereizgarri bat hau da: ez da derrigorrezkoa produktu-mota guztiek marka eramatea. Europako harmonizazio-legeen pean daudenek eraman behar dute; besteak beste, zerrenda luze baten barruan, igogailuek, banakako babeseko ekipoek, ekipo elektrikoek eta jostailuek. “Produktuei buruzko Europako araudiaren aplikazioari buruzko gida urdinean” kontsulta daiteke sektoreko araudi horren parte bat.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana