KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Nola erabakitzen da klausula bat abusuzkoa den?

egilea: Kontsumobide, 

Bankuek eta kutxek modan jarri dituzte. Abusuzko klausulak aipatzea gaur egun igogailuan eguraldiaz hitz egitea bezain ohikoa bihurtu da: zoru-klausulak direla, hipoteka eratzeko gastuak direla... Baina, zer dira benetan klausula horiek? Nork deklara dezake abusuzkoak direla? Eta nola erabakitzen dute hori?

Klausula bat abusuzkoa den zehazten hasi aurretik, bi baldintza bete behar dira:

  • Kontsumitzaile baten (hau da, bere esparru profesionalez kanpoko helburu batekin diharduen norbaiten) eta enpresa baten arteko harremanari eragin behar dio klausulak.
  • Enpresak aurretik idatzitako klausula izan behar da, modu indibidualean negoziatzeko aukerarik eman ez duena, eta desoreka handia ezarri behar dio alde ahulenari, hau da, kontsumitzaileari. Beraz, kontratuaren baldintza orokorrak jasotzen dituen letra txiki horren barruan egoten da sartuta.

Kontsumitzaile batek uste badu berak sinatutako kontratu bateko estipulazioren batek desoreka handia eragiten diola, saia daiteke entitatearekin akordio batera iristen. Lortzen ez badu, erreklamazio bat jar dezake Kontsumobiden edo kontsumoko beste erakunde batean, eta hura aldeen arteko bitartekaritza lana egiten saiatuko da. Horrek ere huts egiten badu, arbitrajera jo daiteke, enpresa arbitrajeari atxikita badago. Ez baldin badago, epaitegietara jo behar da, arlo zibileko epaileek erabaki dezaten abusuzko klausula den ala ez eta, hala badagokio, kalte-galerengatiko ordaina aitor diezaioten erreklamaziogileari.

Kontsumoko erakundeek, –esate baterako, Kontsumobide–, ezin dute enpresa behartu kalte-ordainak ematera. Halere, zehapen bat ezarri ahal diote abusuzko klausulak sartzeagatik kontratuetan (horrela dago jasota gaur egungo legerian), eta hori guztia auzitegi batek klausula jakin hori abusuzkoa den aurretik erabaki beharrik gabe, Auzitegi Gorenak oraintsu argitu duenez.

Hiru kontrol gainditzea

Baina, ze alderdi aztertu behar dira klausula bat abusuzkotzat jo ahal izateko? Kontratuetako estipulazioek hiru kontrol gainditu behar dituzte:

  • Txertatze-kontrola: klausulak argi, erraz eta zehatz idatzita egon behar dira, erraz ulertu ahal izateko, eta eskuragarri egon eta irakurterrazak izan behar dira.
  • Gardentasun-kontrola: klausulek aukera eman behar dute kontratu hori sinatzeak dakartzan ondorio ekonomiko eta juridikoak erraz ulertzeko.
  • Abusu-kontrola: klausulek fede onaren printzipioa izan behar dute oinarri, eta alde bien eskubide eta betebeharren arteko oreka bilatu behar dute. Beraz, abusuzko klausulatzat joko dira desorekaren bat eragiten badute –ez bakarrik desoreka ekonomikoa. Zehazki, gaur egungo araudiak klausulak berariaz abusuzkoak jotzen ditu, baldin eta:
    • Kontratua enpresaburuaren borondateari lotzen badiote.
    • Kontsumitzailearen eta erabiltzailearen eskubideak murrizten badituzte.
    • Kontratuan elkarrekikotasun-eza badakarte.
    • Kontsumitzaileari neurriz kanpoko bermeak ezartzen badizkiote edo frogatu beharraren karga bidegabe ezartzen badiote.
    • Kontratua burutzeari dagokionez, neurriz kanpokoak baldin badira.
    • Aplikatu beharreko zuzenbide eta lehiari buruzko arauen aurkakoak baldin badira.
Euskadi, auzolana