euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nola erreklamatu itxi duen enpresa bati

egilea: Kontsumobide, Otsaila 8, 2017

Enpresa batek bat-batean ixteak buruhauste handiak sor diezazkizuke ondasunak eta zerbitzuak aurretik ordaindu badituzu. Kontratuak gauza askotarako egin daitezke: estetika-zentro batean edo hortz-klinika batean egindako tratamendua, opor-pakete bat, hotel batean ostatatzeko bonua, gimnasioko eskolak edo etxetresna bat erostea. Edozein dela ere kasua, enpresa batek pertsiana ixten duenean oso zaila da jakitea zein den haren egoera.

Aholku batzuk eskaintzen dizkizugu aurretik ordaindutako kopuruak berreskuratu ahal izateko. Noraino iritsi nahi duzun jakiteko, garrantzi handia dauka zorraren zenbatekoak. Zoritxarrez, maniobra guztiak alferrikakoak izaten dira askotan, eta bezeroek beren dirua galtzen dute ezinbestean.

  • Batu ezazu dokumentazio guztia: kontrataturiko ondasun eta zerbitzuak, publizitatea, aurrekontuak, kontratuak, ordainagiriak, fakturak…
  • Arazoa konpontzeko, jar zaitez harremanetan enpresarekin. Kontratua ebazteko eska dezakezu, baita, hala badagokio, kalte-ordainak ordaintzeko ere. Komeni da zure eskaria jaso dutela frogatzen lagun dezakeen bitartekoren batengana jotzea.
  • Txartelarekin ordaindu baduzu, kontsultatu zure finantza-erakundearekin ea ordainketa atzera bota dezakezun edo ba ote dagoen gertaturikoa babesteko asegururen bat.
  • Informa zaitez zein den benetan enpresaren egoera. Enpresaren kaudimena funtsezkoa izango da dirua berreskuratu ahal izateko. Gogoratu kontsumoko erakundeek, –esate baterako, Kontsumobide–, bakar bakarrik esku har dezaketela konpainiak funtzionatzen duen bitartean, hau da, erabiltzaileari eragindako gatazka konpontzeko solaskide bat dagoenean.

Baldin eta establezimendua itxita badago eta ez baduzu haiekin hitz egiterik lortzen, edo, zure eskaera jasota ere ez badute erantzuten edo erantzuna ez bada zure gustukoa, bide judizialera jo beharko duzu. Aholku eska dezakezu kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarte batera joz.

Enpresak hartzekodunen konkurtsora jo badu, hau da, haren kaudimengabezia judizialki deklaratu bada, Estatuko Boletin Ofizialean(BOE) aurkitu beharko duzu noiz deklaratu zen konkurtsoa. Kasu horretan, hilabete izango duzu, argitaratu eta hurrengo egunetik kontaturik, prozesuaz arduratzen den konkurtso-administrazioari komunikatzeko ea zer kopuru zor dizun dena delako enpresak.
Konkurtso Legeak hiru motatan sailkatzen ditu enpresek zorpeturiko kreditu edo zenbatekoak: pribilegiatuak, (soldatak, Gizarte Segurantzako kuotak, administrazioaren tributu-zorrak...), arruntak eta mendekoak. Sailkapen horren arabera zehazten da kobratzeko hurrenkera. Kontsumitzaileei zor zaizkien kopuruak kreditu arruntak dira, hau da, pribilegiatuei ordaindu ondoren ordaintzekoak. Haiei ordaindu eta funtsak sobratuz gero, zorpeturiko kopuruak ordaintzen dira, eta ez beti %100.

  • Ondasunak edo zerbitzuak finantzatzeko kreditu bat eskatu baduzu:

Kreditua lotuta badago zerbitzu bat emateari edo ondasun bat eskuratzeari, finantza-erakundera jo behar duzu ezesteko. Ez baduzu lortzen, erreklamazio bat aurkez dezakezu Kontsumobiden. 

Kreditu libre bat eskatuz gero, zerbitzu edo ondasun jakin bati lotu gabea, ordaintzen jarraitu beharko duzu. 

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana