euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nola utzi berankorren fitxategi batean egoteari

egilea: Kontsumobide, 

Bankura jo duzu mailegu bat eskatzera, eta a zer ezustekoa! Ezetz esan dizute, ez dizutela mailegurik emango, haien datuen arabera, zure izena “berankorren fitxategi” batean azaltzen delako. Zorrak ordaintzen dituzten horietakoa zara, eta ezin duzu ulertu nola iritsi zaren horra. Zer egin?

Lehendabizi, benetan zor hori duzun edo ez egiaztatu behar duzu. Arautegiak ez du ezartzen gutxieneko mugarik hartzekodunak zure datuak kaudimen ekonomikoko erregistro bati emateko: ordainagiri bat itzultzea nahikoa da horrelako fitxategi batean sar zaitzaten. Baina zure datuak fitxategi horretan sartu aurretik, zorra ordaintzeko eskatu behar dizu enpresa hartzekodunak; gainera, zorrak aurretikoa, epea amaituta duena, galdagarria eta ordaindugabea izan behar du; horretaz gain, abisatu egin behar dizu, zorra ordaintzen ez baduzu, berankorren erregistro batera bidaliko dituztela zure datuak.

Hala eta guztiz ere, azkenean, hartzekodunak erregistro horretara bidaltzen baditu zure datuak, datuak jaso dituela jakinarazi behar dizu fitxategiaren arduradunak 30 eguneko epean, eta, beraz, datuak atzipen, zuzentzeko, ezerezteko eta haiei aurka egiteko eskubidea duzula esan.

Zorrik ez baduzu edo ordainduta badituzu, handik ateratzeko eska diezaiokezu fitxategiaren arduradunari. Kasurik egiten ez badizu, Datuak Babesteko Espainiako Agentziari egin diezaiokezu erreklamazioa.

Baina, benetan zorren bat baduzu, zorra ordaintzea da fitxategi horretatik ateratzeko modu bakarra, eta horren ostean zure datuak ezerezteko eskatzea.

Berankorren fitxategi batean egon zintezkeela susmatzen baduzu:

  1. Galdetu konfiantzazko banketxeari. Berankorren zerrendetara sar daitezke, eta, haien eginbeharra ez bada ere, informazio hori eman.
  2. Kontsultatu berankorren erregistroak. Enpresek ASNEFen (Kreditu Establezimendu Finantzarioen Espainiako Elkartea) eta OOEren (Ordaindu Gabeko Onarpenen Erregistroa) datu-baseak kontsultatzen dituzte. Zenbaitetan, ordaindu egin beharko duzu erantzun bat jasotzeko. Kontuz ibili, ordea, doako informazio eskaintzen dizuten konpainiekin, baldin eta haiekin harremanetan jartzeko tarifazio gehigarridun telefono-zenbaki bat ematen badizute.
  3. Jo prozesu horrekin zerikusia duen beste edozein erakundetara; esaterako, zerrenda horretan sartzeko eskatu zuen enpresa hartzekodunera.
JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana