euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Okela txikitua ala burger meat? Badakizu zer jaten duzun?

egilea: Kontsumobide, 

Elikagaiak ez dira beti diruditenak. Etiketak informazio giltzarria ematen du itxuraz antzekoak diren produktuak bereizten ikasteko. Ez dira gauza bera behi-okela txikitua, okela txikituaren preparatu bat edo burger meat-eko erretilu bat. Ziur zaude badakizula zer jaten duzun?

Hizkuntzaren zorroztasuna baliatzen dugu elikagai bat deskribatzerakoan, elikagai hori araudi-legezkotasunera egokitzen dela bermatzeko, betiere, kontsumitzaileak jakitun izan gabe zer sartzen ari diren erosketen organ. Ontziratuta dagoen produktu bat aukeratzen baduzu eta hanburgesa gozo baten irudi idiliko batek liluratzen bazaitu, baliteke ez kontuan hartzea zer dioen etiketako letra txikiak. Eta hortxe dago giltzarria bilgarriaren azpian zer ezkutatzen den jakiteko: okela freskoa, zatitua, koipe-ehuneko kontrolatu bat duela; okela-hondakin tratatuak, edo okela zatiak, beste produktu-mota batzuekin batera daudela. Europako araudian aitortutako eta bereizitako elikagaiak dira guztiak, gizakiek kontsumitzeko egokiak, baina okelaren kalitateak eta gehigarriak edo sulfitoak izateak prezio-diferentziak ekar ditzake, eta, azken batean, marka bat ala bestea aukeratzea baldintzatu. Baina, zer dute bereizgarri?

  • Okela txikitua: okela hezurgabea da, zatitan txikitu dena eta % 1 baino gatz gutxiago duena. Okela baino ezin du izan. Behi-okela bada, % 20 edo gutxiago izan behar da koipea, eta kolageno eta proteinaren arteko erlazioa % 15, gehienez. Kolageno asko badu, tendoiak edo fasziak dituzten zatiak erabili direla esan nahi du.
  • Okela txikituaren preparatua: okela zatituari beste elikagai batzuk, ongailuak edo gehigarriak gehitzen zaizkio. Benetako okela-ehunekoa adierazi behar dute, baina ez zaie eskatzen koipe, kolageno edo gatzaren ehuneko maximorik.
  • Burger meat: okela-preparatu bat da eta ezinbestekoa da % 4, gutxienez, landareak eta zerealak izatea. Horretaz gainera, gehigarriak, lodigarriak edo sulfitoak ere izan ditzake, itxura hobetzeko eta iraungitze-data luzatzeko. Europako araudiak onartzen du sulfitoak, kantitate jakin batzuetan, alergenoak direla; horregatik, haren presentzia aipatu beharra dago etiketan. Letra txikiak ere erakutsi egin behar du burger meat-ak zenbat okela daukan (ehunekoa), nahiz eta ez dagoen muga maximorik koipe, kolageno edo gatzerako.

Badakizu. Kalitatezko behi-okela txikitua erosi nahi baduzu, joan zaitez harategi batera, aukera ezazu gehien gustatzen zaizun zatia eta eska ezazu han bertan txikitzeko.

Jada ontziratuta dagoena nahi baduzu, arretaz irakurri zer dioen letra txikiak, jakinean egon zaitezen zer erosten ari zaren: behi-okela txikitua, okela-preparatu bat ala burger meat bat. Zure esku dago zer jaten duzun jakitea.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana