euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Oso polita zure mozorroa, baina segurua da?

egilea: Kontsumobide, Otsaila 16, 2017

Ez zaitez itsutu inauterietako ospakizunekin. Frozen mozorroa edo printze arrosa nahiz printzesa urdin baten mozorroa janzten baduzu, jantzi horiek, zure ametsa betetzen laguntzeaz harago, araudi espezifiko bat bete behar dute; are gehiago, adingabeentzat badira.

Haurrentzako mozorroak

Haurrentzako mozorroak, hots, hamabi hilabetetik gorako eta 14 urtetik beherakoentzako mozorroak jostailutzat hartzen dira, eta dagokien araudian ezarritako segurtasun-baldintzak bete behar dituzte. Mozorroen etiketan, hau agertu behar da:

  • CE marka.
  • Fabrikatzailearen edo arduradunaren izena, izen soziala edo marka eta helbidea.
  • Lote zenbakia, seriea, modeloa edo beste edozein elementu, identifikatzen uzten duena.
  • Produktuaren osaera eta produktua garbitzeko eta gordetzeko gomendioak.
  • Mozorroa janzteko adin-tartea.
  • Ohartarazpen espezifikoak.
  • Erabilera jarraibideak, beharrezkoa bada.

Ohartarazpen espezifikoak gaztelaniaz eta ondo irakurtzeko moduan agertu behar dira, ontzian edo bilgarrian. Bereziki gogoan izan 36 hilabete baino txikiagoentzat adierazitakoa. Agerian egon behar da, bai piktograma espezifiko batekin, bai “ez da komeni 36 hilabete baino gutxiagoko umeentzat” edo “ez da komeni hiru urtetik beherako umeentzat” hitzekin (biak ere jar daitezke); eta arrisku bereziren bat badakar ere, adierazi egin behar da. Adibidez, “asfixiatzeko arriskua; pieza txikiak” edo “itotzeko arriskua; soka luzea”.

Araudian, betebeharrak ere ezartzen dira:

  • Ezin dute izan askatu daitekeen edo irentsi daitekeen pieza txikirik.
  • Ez dute punta edo ertz zorrotzik izan behar.
  • Suteen kontrakoak diren edo nekez sutzen diren materialekin egin behar dira.
  • Ezin dute izan eztanda egin dezakeen substantziarik edo osasunerako arriskutsua izan daitekeenik.
  • Jantziek ez dute ez sokarik ez kordoirik izan behar txanoaren edo lepoaren inguruan, umeak horietan korapilatu ez daitezen. Beste lekuren batean halakorik badago, ezin izango da atera eta ez dira luzera maximo batetik gorakoak izango.

Helduentzako mozorroak

Helduentzako mozorroek ehungintza-produktuetarako ezarrita dauden baldintza guztiak bete beharko dituzte, etiketa, osaera eta kontserbazioari dagokionez. Besteak beste, fabrikatzailearen edo inportatzailearen izena, helbidea eta IFZ eduki behar dute.  

Makillajea

Produktu kosmetikoak dira, eta, beraz, bete egin behar dituzte artikulu horietarako eskatzen diren aginduak, kontrol dermatologikoak gainditu dituztela ziurtatzen dutenak. Bereziki, ondo ziurtatu behar duzu:

  • Iraungipen data minimoa eta fabrikazio-lotearen zenbakia.
  • Osaera eta osagaien zerrenda.
  • Produktuaren funtzioa.
  • Erabiltzerakoan kontuan izan beharrekoak.

Ileordeak, maskarak eta osagarriak

Mozorroa osatzeko, ileorde, maskara eta beste edozein osagarri jantzi nahi baduzu, ondo ziurtatu seguruak direla; are gehiago, txikiek janztekoak badira.

  • Maskarak: Aireztapen egokia izan behar dute, itomen-arriskurik ez izateko. Ziurtatu sukoiak ez diren materialekin egin direla eta CE marka dutela.
  • Ileordeak: Ez dira luzeegiak izan behar, erredurarik gerta ez dadin sua hartuz gero.
  • Geziak eta bentosak dituzten artikuluak: Ezingo dira askatu.

Eta, noski, ondo gorde faktura edo erosketa-tiketa, arazorik izanez gero, erreklamatzeko aukera izan dezazun.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana