euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Palma-olioa: bederatzi gako haren inpaktua ulertzeko

egilea: Kontsumobide, Ekaina 15, 2017

Azken urteotan oso bizkor zabaldu da jakiak egiteko palma-olioa erabiltzeko ohitura. Olio horren gehiegizko kontsumoa kaltegarria izan daiteke osasunarentzat, eta haren produkzio masiboak ondorioak ditu ingurumenean eta gizartean. Hona bederatzi gako osagai horrek zer ezkutatzen duen ulertzeko.

1. Zer da palma-olioa?

Jatorri begetala duen olio bat da, Afrikako palmondoko fruitutik ateratzen dena (Elaeis guineensis).

2. Nola jakin dezaket jakiren batek palma-oliorik al duen?

2014ko abenduaz geroztik, jakien etiketetan haien fabrikazioan erabilitako olio-mota zehazteko exijitzen dute Europako arauek. Eta ez da nahikoa begetala dela azaltzea, nondik datorren ere zehaztu behar da; kasu honetan, ea palma-olioa den.

3. Beste izan batzuk ere baditu?

Bai, zenbait izen ditu: palma-olioa, olio begetala (palma), palmiste-olioa, sodium palmitate-a, palma gantza, palmoleina, palmiste-olio begetal frakzionatua eta hidrogenatua edo palma-estearina, besteak beste. Batzuetan izen zientifikoa agertzen da: elaeis guineensis. Gainera, zenbait kasutan landare horretatik ateratako osagaiak sartzen dituzte etiketan, eta horrek zailtzen du palma-olioa dutela antzematea. Baliteke 200 izen desberdin ere egotea, aceitedepalma.org web-orriaren arabera.

4. Zertan erabiltzen da?

Batez ere elikagaigintzan eta kosmetikan. Garbiketa-produktuak eta biokarburatzaileak fabrikatzeko ere bai.

5. Zer jakitan aurki dezaket?

Produktu elaboratu eta ontziratu askotan: aurrez kuzinatutako jakiak, hala nola, pizzak, pasta, kremak edo zopak; txokolateak eta estalkiak; izozkiak eta esnekiak; margarinak eta ogian zabaltzeko produktuak; gailetak, gosaltzeko zerealak eta opil industrialak, aperitiboak eta snack-ak; gozokiak eta gominolak...

6. Zergatik erabiltzen dute enpresek?

Kostu txikikoa delako: merkatuan dagoen oliorik merkeena da. Gainera, jakien zaporea hobetzeaz gain, haiek kontserbatzen laguntzen du, eta behin tratatu ondoren oso testura egokia dauka produktu ugari egiteko.

7. Zergatik izan daiteke kaltegarria?

Palma-olioak gantz ase ugari du. Gehiegizko kontsumo jarraituak kolesterol txarra (LDL) handitu dezake, bai eta arteriosklerosia eta gaixotasun kardiobaskularrak izateko aukera ere. Hala, gaitz horiek izateko arriskuak gutxitzeko, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen du gantz asetu gutxiago kontsumitzea, egunero hartzen dugun kalorien % 10 baino gutxiago izan dadin.

8. Zer eragin dauka ingurumenean olio-palmondoak landatzeak?

Palma-olioa Afrikatik dator; nahiz eta masiboki sartu den Asiako Hego-ekialdean eta Latinoamerikako zenbait zonatan. Industrien etengabeko eskariak baso tropikalen deforestazioa ekarri du, eta, horren ondorioz, kalte egin zaio tokiko ekosistemari. Horixe gertatzen da, esate baterako, Indonesian eta Malasian, munduko produkzioaren % 85 hartzen duten bi herrialde horietan.

9. Eta giza eskubideen urraketan?

Arriskuan jartzen du deforestatutako baso tropikaletako komunitate indigenen bizitzeko modu tradizionala. Horrez gain, Amnistia Internazionalek salatu duenez, zenbait palmondo-sailetako eskulanaren lan-baldintzak txarrak izaten dira: haurrek lan egiten dute, soldata miserableak izaten dira eta lanaldiak amaigabeak, eta langileek substantzia arriskutsuak ukitzen dituzte.

Ez ahaztu! Irakurri etiketak eta gutxitu aurrez kuzinatutako eta prestatutako produktuen kontsumoa, dieta osasungarria egiteko. Palma-olioa kontsumitzen baduzu, egiazta ezazu baduela produkzio jasangarriaren ziurtagiria.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana