KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Trena berandu iritsi da: noiz eta zenbat erreklama dezakezu?

egilea: Kontsumobide, Uztaila 20, 2017

Trenez bidaiatzen ari bazara eta berandu badabil, Renfek konpromisoa hartzen du zenbateko bat itzultzeko, kontratatu duzun zerbitzu motaren eta trenak izandako atzerapenaren arabera. Tren-konpainiak puntualtasun-konpromisoa eskaintzen du, eta, trena garaiz iritsi ezean, kalte-ordainak eskatzeko aukera ematen dizu; Europako araudian ezarritakoak baino onuragarriagoak dira, gainera, kalte-ordain horiek. Beste aldetik, dirua itzuliko dizula bermatzen dizu, berandutzea eragin duten arrazoiak edozein direla ere, baita berandutzea ezinbesteko arrazoiek eragin badute ere, hala katenaria bat erortzeak nola meteorologiak.

Ordaina jasotzeko hainbat modu daude, trenaren eta erositako txartelaren ezaugarrien arabera. Horrela, adibidez, Promo edo 4 Mesa tarifak erosi badituzu, atzerapenagatik ezarritako zenbatekoa eskatzeko eskubidea baino ez duzu:

  • 60 minutu edo gehiago: % 50.
  • 90 minutu baino gehiago: % 100.

Gainerako tarifetan, berriz, kontratatu den tren motak izan duen atzerapenaren arabera ezartzen dira diru-kopuruak.

AVE eta Avant:

  • 15 minutu baino gehiago: % 50.
  • 30 minutu baino gehiago: % 100.

Kalte-ordain hori eska dezakezu AVE edota AVANT abiadura handiko trenen txartel-konbinazio bat kontratatu baduzu eta zure azken helmugara atzerapenez iritsi bazara.

Alvia, Euromed eta AV City:

  • 30 minutu baino gehiago: % 50.
  • 60 minutu baino gehiago: % 100.

Talgo, Altaria, Intercity (distantzia luzea) eta Trenhotel:

  • 60 minutu edo gehiago: % 50.
  • 90 minutu baino gehiago: % 100.

Distantzia ertaina eta Intercity (distantzia ertaina):

  • 15 minutu baino gehiago: % 25.
  • 30 minutu baino gehiago: % 50.
  • 60 minutu baino gehiago: % 100.

Eskualdeko Espresa eta Eskualdekoa:

  • 30 minutu baino gehiago: % 25.
  • 45 minutu baino gehiago: % 50.
  • 60 minutu baino gehiago: % 100.

Halaber, zure azken helmugara atzerapenez iristen bazara abiadura handikoa ez den txartel bat tartean duen txartel-konbinazio batekin bidaia egin ondoren, honako hau erreklama dezakezu:

  • 30 minutu baino gehiago: % 50.
  • 60 minutu baino gehiago: % 100.

Aldiriko trenetan, ez dago puntualtasun-konpromiso gehigarririk. Egungo araudiak zenbateko hauek eskatzeko bide ematen dizu, atzerapenaren arabera:

  • 60 minutu baino gehiago: % 50.
  • 90 minutu baino gehiago: % 100.

Horrelako atzerapenik izan baduzu, eskatu itzulketa lehenbailehen. Geltokiko txarteldegian egin dezakezu edo, bestela, Renferen web-orriaren kalte-ordainen atalean. Normalean, 24 ordu itxaron behar izaten da web-orrian erreklamazioa izapidetzeko aukera izateko. Txartel motaren arabera, konpainiak dirutan, beste txartel bat erosteko zenbateko handiagoko deskontu-kode baten bidez edo Renfe puntuen bidez eskainiko dizu itzulketa.

Euskadi, auzolana