KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Gaur egun
  4.  
  5. Albisteak eta prentsa oharrak

Zenbat irauten du produktu baten bermeak? Nori eta nola erreklamatu behar zaio?

egilea: Kontsumobide, Abuztua 10, 2017

Garbigailu, mugikor edo auto bat erosi duzu, eta, hilabete gutxira, zergatik ez dakizula, hondatu egin da. Orduan bakarrik sortzen zaizkizu zalantzak: berme-aldia ez da amaitu oraindik?, zenbat denbora daukazu erreklamatzeko?, norengana jo behar duzu? Zer erosi duzun eta nori erosi diozun kontuan hartuta, erantzuna bata ala bestea izango da.

Enpresa, establezimendu edo profesional bati erosiz gero

Produktua enpresa, establezimendu edo salmentan aritzen den profesional bati erosi badiozu zuk zeuk erabiltzeko, alegia, kontsumitzaile gisa jokatu baduzu, legezko bermearen babesa duzu. Horrela esaten zaio berme horri legeak ezartzen duelako, eta, hortaz, nahitaez bete beharrekoa da. Berme horren babesa duzu, ondasuna denda batean erosi zein internet bidez erosi. Eskubide horren norainokoa, ordea, ez da beti bera, artikuluaren arabera:

  • Produktua berria bada, legezko bermea bi urtekoa da. Epea produktua entregatzen denetik kontatzen da, ez produktua egiten denetik. Uko egin ezineko eskubidea da, eta enpresek haien gain hartu behar dute. Jarraibideetan irakurtzen baduzu epea produktua egin denetik kontatzen hasten dela edo urtebete bakarrik irauten duela, ez egin kasurik. Eta, desadostasunik badago, erreklamazioa jarri. Besterik frogatu ezin baduzu behintzat, produktua ticketean, fakturan edo entregatzeko albaranean ageri den egunean entregatu dela jotzen da.
  • Produktua bigarren eskukoa bada, urtebeteko legezko bermea duzu, gutxienez. Eskatzen den gutxieneko muga da hori, nahiz eta beti izango duzun berme luzeagoa adosteko aukera. Hori bai, produktua oraindik ere nahikoa berria bada eta oraindik ere indarrean badago bi urteko legezko bermea, produktua saldu zizunari eskaiozu dokumentazioa emateko berme horretaz baliatu ahal izateko.

Akatsei buruzko presuntzioak ere ezartzen ditu araudiak:

  • Lehen sei hilabeteetan, salbuespenak salbuespen, produktua eman zenean akastuna zela jotzen da.
  • Hortik aurrerako hilabeteetan, akatsa hasiera-hasieratik zuela frogatu beharko duzu.

Legezko nahitaezko bermeaz gain, enpresek berme komertziala ezar dezakete, aukerakoa eta gehigarria, babes handiagoa izan dezazun.

Bermea baliatu nahi baduzu, produktua erosi zenuen establezimendura jo behar duzu. Ezin bada –adibidez, denda itxi egin badute—, enpresa fabrikatzaileari erreklamatu diezaiokezu. Gogoratu ondo gorde behar dituzula erosketa egitean eman zizkizuten dokumentu guztiak.

Produktuak akatsen bat badu, eskubidea duzu doan konpon dezaten eskatzeko, edo berri baten truke alda diezazuten eskatzeko —betiere, eskaera hori neurriz kanpokoa ez bada—. Aukera horiek bideragarriak ez badira, prezioa jaisteko eska dezakezu edo, bestela, kontratua suntsiarazteko, alegia, dirua itzultzeko.

Partikular bati erosiz gero

Produktua partikular bati erosi badiozu, ez daukazu legezko bermearen eta berme komertzialaren babesik. Kasu horietan –oso ohikoak dira bigarren eskuko ondasunen salerosketan– ez da aplikatzen kontsumo arloko araudia, Kode Zibila baizik.

Legeak produktuen ezkutuko akatsen erantzule egiteko betebeharra ezartzen dio saltzaileari; begiratu hutsez ikusi ezin diren akatsez ari gara. Akatsak begi bistakoak baziren, aldiz, saltzaileak ez dauka inolako betebeharrik.

Epaitegian demanda bat aurkezteko epea sei hilabetekoa da, produktua entregatzen denetik kontatzen hasita. Prezioa jaisteko eska dezakezu, edo kontratuan atzera egin dezakezu; alegia, ondoriorik gabe utzi, eta dirua eskatzeko eskatu.

Euskadi, auzolana