euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Zer egin zure telefono-konpainiak tarifa igotzen badizu

egilea: Kontsumobide, Maiatza 5, 2017

Pasa dizute azkeneko ordainagiria kontutik; edo irakurri duzu, kasualitatez, fakturak dakarren aurreabisua, eta orduan jakin duzu: kontratuan aldaketa bat egitearen truke zure telefono-konpainiak tarifa igo egin dizu, aldaketa horrek zerbitzuak hobetzea dakarrela-eta: datu gehiago, dei gehiago, edo bietatik gehiago. Ustez hobekuntzak diren horiek zuk, benetan, ez dituzu behar; baina operatzaileak inposatu egin dizkizu, bere kasa.  Zer egin dezakezu?

Telefono-konpainiek geroz eta sarriago egiten dute hori, eta enpresa garrantzitsuenek ia aldi berean egiten dute gainera, hilabete gutxi batzuetan denek batera. Horregatik, kontsumitzaile-elkarte batzuek  Merkatuaren eta Lehiaren Batzorde Nazionalarengana jo dute, zorrotzago kontrola ditzaten hain antzekoak diren prezio- eta zerbitzu-politika horiek.

Zure konpainiak kontratuko baldintzak aldatu egiten badizkizu, penalizaziorik gabe kontratua desegiteko eskubidea duzu, baita bertan jarraitzeko konpromisoa sinatu bazenuen ere. Baina, lineak eta datuak kontratatzeaz gainera, erabaki bazenuen, aukera ona zela-eta, telefono-terminal bat epeka erostea edo aseguru bat hitzartzea badaezpada mugikorra apurtu egiten den, orduan kopuru bat kobra diezazukete zerbitzu osagarri horiengatik.

Hilabete lehenagotik

Telefono-konpainiek gutxienez hilabete lehenagotik jakinarazi behar dizute tarifa aldatzea erabaki dutela eta zuk kontratua desegiteko eskubidea duzula penalizaziorik bat ere gabe. Arazoa da nola egiten duten jakinarazpen hori. Gehienek fakturari abisu bat eranstea aukeratzen dute. Hori eginik, bete dute legea, baina, benetan, erabiltzaile gutxik kasu egiten diete mezu horiei: batzuek, posta elektronikoan jasotzen dituzte, eta zenbat euro ordaindu behar duten besterik ez dute begiratzen; eta, beste batzuek, ez dituzte kontzeptu guztiak zehatz-mehatz irakurtzen. Abisu horiek normalean fakturaren amaieran agertzen dira eta adi ibili beharra dago; halaxe gomendatzen du Telekomunikazioen Erabiltzaileei Erantzuteko Bulegoak berak ere (Energia, Turismo eta Agenda Digitaleko Ministerioarena da).

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana