euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Zer hartu behar duzu kontuan autoa alokatzean?

egilea: Kontsumobide, Ekaina 29, 2017

Ibilgailua opor lekuan alokatzea alternatiba izugarri ona da han hemenka eroso eta garraio publikoaren ordutegiak kontuan izan barik  ibiltzeko.  Alokatzea erabakiz gero, hona hemen jarraibide batzuk arazoak izan ez ditzazun.

Ahal izanez gero, saiatu aldez aurretik eta denboraz erreserbatzen.  Prezioak ibilgailua hartzeko eguna hurbildu ahala garestitu ohi dira. 

Internet bidez erreserbatuz gero:

  • Konparatzaile batzuei esker hauta ditzakezu ezaugarri antzekoak dauzkaten autoen artean, helmugan eta nahi diren egunetarako. 
  • Egiaztatu webgune segurua dela eta enpresaren datuak agertzen direla.
  • Gogoratu ezingo duzula atzera egiteko eskubidea gauzatu, hau da, ezingo duzu kontratua baliogabetu eta dirua itzultzeko eskatu, azalpen barik edo diru zigorrik gabe.  Legean ezarritako salbuespenetako bat da, baina enpresak nahi izanez gero, aukera hori jar dezake merkataritza politikan, bezeroak erakartzeko. Adi ibili ea horrela den eta kontuan hartu zeintzuk diren kontratua bertan behera uztegatiko zehapenak.  

Honakoak bereziki hartu gogoan:

  • Gidarien betekizunak.  Enpresek zenbait baldintza jartzen dituzte, besteak beste, gidatzeko gutxieneko adina eta gidabaimenaren gutxieneko antzinakotasuna, eta baldintza horiek, gama handiko ibilgailu bat alokatzen baduzu, larritzen dira.  Horrez gain, eska diezazukete kreditu txartela zure izenean. 
  • Prezioa. Nahitaezko gastu guztiak barne, adibidez, hirugarrenganako kalteengatiko asegurua, tokiko zergak, kudeaketa gastuak… Dena den, batzuetan komenigarria da gehiago ordaintzea beste estra batzuk ager daitezkeelako.
    • Aseguruak: Oinarrizko alokairuaren baitan nahitaezko erantzukizun zibila sartzen da. Aztertu ea komeni zaizun aseguruaren estaldura zabaltzea arrisku orotarako aseguru baten bidez, frankiziarekin edo frankiziarik gabe.
    • Erregaia eta kilometroak: Ikus erregaien gaineko politika.  Beteta/beteta aukera hautatuz gero, enpresak beteta emango dizu depositua eta beteta itzuli beharko duzu. Beteta itzultzen ez baduzu, erregaia garestiago kobra diezazukete. Beteta/hutsik aukera hautatuz gero, kontuan hartu ez baduzu depositu osoa husten, ez dizutela aldea itzuliko. Egiaztatu ea kontratuan gehieneko kilometrajea ezartzen dizuten: hobeto mugatua bada, ibilbide luzea egiteko asmoa baduzu batez ere.
    • Akzesorioak eta gidari gehigarria: Egiaztatu zenbat balio duten umeei eusteko sistemek edo GPSa alokatzeak. Ondo pentsatu ea komenigarria zaizun gidari gehigarriaren aukera hautatzea.
    • Ibilgailua hartu eta itzultzeko lekua: Jakin ezazu zein den bulegoaren ordutegia. Plus bat kobratu ahal dizute ibilgailua orduz kanpo hartu edo itzuliz gero edo harrera tokian itzuli ez baduzu.

Ibilgailua hartzea, erabiltzea eta itzultzea

Ibilgailua hartzea:

  • Irakurri ondo kontratua, sinatu baino lehen.
  • Gogoan hartu bermea eska diezazukete edo diru kopuru bat blokeatu kreditu txartelean. 
  • Enpresak ez badauka erreserbatu duzun ibilgailu modeloa, gama bereko beste bat eman behar dizu. Goragoko gamako bat eskaintzen badizu, ezin dizu gehiago kobratu; beheragoko gamakoa bada, prezioa merkatu behar dizu.
  • Ibilgailua eraman baino lehen, ondo aztertu enpresako pertsona bat alboan izaki. Kalteren bat topatuz gero, atera argazkiak.

Alokatuta daukazun bitartean:

  • Ibilgailuak matxuraren bat badu, jarri harremanetan enpresarekin. Ez konpondu zure kaxa, baimenik eskatu gabe.
  • Istripua izanez gero edo autoa lapurtzen badizute, berehala jarri harremanetan enpresarekin eta hala badagokio, udaltzaingoarekin.
  • Isuna jartzen badizute, zuk zeuk ordaindu beharko duzu. Enpresa diru kopuru bat kobratu ahal dizu kudeaketa gastuengatik.

Ibilgailua itzultzea:

  • Saiatu ibilgailua bulego orduetan itzultzen, enpresakoek egiazta dezaten ibilgailua egoera onean dagoela. Ezin baduzu, argazkiak atera, kalterik gabe itzuli zenuela erakusteko

Gatazkarik baduzu enpresarekin:

Informazio gehiago aurki dezakezu, AECOSANen webgunean.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana