euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Zinema batek debeka dezake kanpoko elikagaiak eta edariak sartzea?

egilea: Kontsumobide, Martxoa 31, 2017

Zinema-areto batzuetan, kartel bidez debekatzen da zinematik kanpo erositako elikagai edo edariekin sartzea. Beste batzuk neurritsuagoak dira eta, beste tonu batez, jokabide hori saihesteko eskatu edo gomendatu baino ez dute egiten. Arrazoi asko dituzte zinema-aretoek halako neurriak justifikatzeko: sarrera ukatzeko eskubidea baliatzea —debekuaren kasuan— edo zinemako denda edo tabernetako jarduera babestea —eskaera edo gomendioaren kasuan—.

Gaur egun, iritzi hau nagusitzen da, gero eta gehiago: horrelako debeku bat legez kontrakoa da. Izan ere, kontsumitzaileen erakundeek azken urteotan zinema-areto asko salatu dituzte, debeku-kartel horiek ken ditzaten. Ikus-entzuleei horrelako betebehar bat ezartzea abusuzko klausulatzat har daiteke. Film bat ikusteko sarrera erosteak betebehar bat ezartzen du, alde bakarrekoa, erabiltzaileen eskubideak nabarmen murrizten dituena. Izan ere, eragotzi egiten zaie produktu horiek non erosi aukeratzea.

Sarrera ukatzea

Sarrera ukatzeko eskubidea 2816/1982 Errege Dekretuan arautzen da, eta oso bestelako helburua du (2816/1982 Errege Dekretua, abuztuaren 27koa, ikuskizun publikoetarako eta jolas-jardueretako Poliziaren Erregelamendu Nagusia onartzen duena). Eskubide horren helburua da enpresak aukera izatea sarrera debekatzeko, publizitatearen bidez edo agerian dauden kartelen bidez eskatzen eta erakusten dituzten betekizunak betetzen ez dituztenei. Baina betebehar horiek justifikazio bat izan behar dute eta faktore objektiboak izan behar dituzte oinarrian, hala nola segurtasuna, higienea edo ordena publikoa. Kasu honetan, hala ere, ez du zentzurik; izan ere, zinema-aretoek berek aukera ematen dute aretoetan horrelako elikagaiak eta edariak kontsumitzeko; produktu horien jatorriari jartzen diote betoa, produktu horiek erosten diren lekuari. Hain zuzen ere, antzekoa gertatzen da parke tematiko batzuek jarritako murrizketekin.

Bestalde, zinemek ezin dute argudiatu beren taberna eta dendetako jarduera babestu behar dutela. Establezimendu baten jarduera nagusia elikagaiak saltzea bada (jatetxe batean, esate baterako), bezeroek kanpoko produktuak kontsumitzea debeka dezake, eta logikoa da. Zinemen jarduera, ordea, filmak proiektatzea da. Krispeten, freskagarrien, txokolateen edo gozokien eskaintza bigarren mailakoa da, eta pertsonen aukeraketa-ahalmena murriztea, zeharka, lehia-egintza desleiala da zinemen inguruetan dauden dendekiko.

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana