Kontsumobide

Bizi guztian (akaso) gaizki egiten ari zaren kontsumoko beste zazpi gauza

egilea: Kontsumobide, 

Bizi guztia daramazu gaizki egiten. Eta badakizu. Tetrabrikeko likidoa nola isuri behar duzun edo freskagarri-latetako eraztunean lastotxoa nola finkatu dezakezun esplikatzen duten zerrenda horietako batean irakurri duzu. Eta ziur gorritu egin zarela (ustez) gaizki egiten dituzun gauza horiek denak aipatu izan dizkizutenetan. Hari horri jarraituz, (akaso) berrikusi beharko zenituzkeen zazpi kontsumo-ohitura gogorarazi nahi dizkizu Kontsumobidek:

  • Produktu bat erostea, bueltatu daitekeen galdetu gabe. Akats barkaezina. Litekeena da haurtzaroan behin eta berriz entzun izana "ez bazara gustura geratzen, dirua itzuliko dizugu" leloa, baina saltokiek produktua akastuna bada bakarrik daukate itzulketak onartzeko betebeharra. Produktua ondo egon eta aldaketak egiteko aukera ematea merkataritza-politika hutsa da, eta bere baldintzak ditu horrek.
  • Tiketa ez eskatzea edo ez gordetzea. Zertarako? Zertarako bete paperez diru-zorroa? Bada, erreklamatu ahal izateko. Eta, bide batez, eskatzen baduzu, salmenta erregistratu dutela eta zure erosketa kontabilitatean azalduko dela ziurtatzeko.
  • Instalatzen dituzun aplikazioen baldintzak onartzea, irakurri gabe. Eta, horrela, aplikazio horiei zure kontaktuetan, bat-bateko mezularitzan, agendan, irudietan, artxiboetan, argazki-kameran, ordaintzeko gaitutako moduetan... sartzen uztea. Horrela. Ero-eroan. Biharrik ez balego bezala.
  • Web batean erostea, partikularren arteko bitartekaritzarako plataforma bat den begiratu gabe. Gero disgustuak etortzen dira, Kontsumora joaten zarenean erreklamatzera, produktuak ez duelako funtzionatzen edo produktua ez zaizulako iritsi edo kargua garestiagoa delako... Horrelako kasuetan, Kontsumon ezin dute ezer egin, transakzioa beste partikular batekin egin duzulako eta eremu horren eskumena ez delako Kontsumorena, epaitegi zibilena baizik.
  • Etiketari ez kasurik egitea. Horrela, Txinan edo Perun landatu eta Nafarroan ontziratutako zainzuriekin betetzen duzu erosketen gurditxoa. Edo lehorrean besterik garbitu ezin diren kamisetekin. Edo azukre hutsa diren edo palma-olioa duten elikagaiekin, nahiz eta artisau-produktu edo produktu natural bezala iragartzen diren.
  • Telefono-fakturako letra txikia luparekin ez errepasatzea. Zure konpainiak tarifa igotzea edo kontratuko baldintzak aldatzea erabakitzen badu, gutxienez hilabete lehenago jakinarazi behar dizu. Horrelako kasuetan, kontratua hutsal dezakezu inolako zigorrik gabe, baita iraunkortasun-aldia betetzeko konpromisoa badaukazu ere. Konpainia gehienek fakturan ohar bat jarriz betetzen dute obligazio hori, baina jakina, zuk ez duzu faktura irakurtzen, elektronikoa nahiz paperekoa izan. Zenbatekoa egiaztatzen duzu eta kito. Eta zure telefono-konpainia, pozarren zu ezagutzeaz.
  • Polizaren muga-eguna iritsi baino lehen aseguru-primaren zenbatekoa begiratzea ahaztea. Eta zure aseguru-etxeak ordainagiria aldebakarreko erabakiz garestitzea ahalbidetzea, zuk txintik esan gabe, ez zarelako gogoratzen aurreko urtean zenbat kobratu zizun eta zenbatekoak begiratzea bururatzen zaizunean beranduegi delako.

Eta badakizu... Hobe berandu inoiz ez baino.