Kontsumobide

Dagoeneko sar zaitezke Netflix edo Spotify-ko zure kontuan EBko edozein herrialdetatik

egilea: Kontsumobide, 

Netflix edo HBO bezalako ikus-entzunezko plataformaren bat daukazu kontratatuta gustukoen dituzun film eta telesailak ikusteko? Nahiago duzu Spotify-eko musika? Edo benetan gustatzen zaizkizunak Kindle Unlimited-eko ebook-ak dira? Zure zaletasuna edozein izanda ere, lineako edukia duen zerbitzuren bat ordaintzen baduzu, askatasun osoz erabili ahalko duzu zure harpidetza Europar Batasuneko edozein herrialdetara bidaiatzean. Apirilaren 1az geroztik, enpresa hauek beren zerbitzuez gozatzeko aukera eman behar dizute, zure etxean aritzen zaren bezalaxe, inolako eragozpen eta mugarik gabe.

Neurri hau indarrean jarri arte, EBko herrialde batean egonik zure kontura konektatzen bazinen, hainbat arazo aurki zenitzakeen:

  • Zure hornitzaileak hainbat eduki muga zitzakeen, bai eta konexioa guztiz eten ere.
  • Edukiak bisitatzen zenuen herrialdeko hizkuntzan soilik ager zitezkeen.

Orain, ordea, oztopo horiek guztiak ezabatu egin dira. Hala ere, beste zalantza batzuk sortu dira. Zer gertatzen da hainbat herrialdetan jarduten duten konpainien kasuan? Zein katalogo ikusiko duzu: bertakoa ala bisitatzen ari zaren tokikoa?

Enpresek zure etxean bazina edukiko zenukeen katalogo berbera erakutsi behar dizute, inolako mugarik edo aparteko kosturik gabe. Edonola ere, hala nahi badute, zerbitzu horiek hedatu ditzakete eta Estatu horretako edukiak erabiltzeko aukera eman.

Araudi honen filosofia honakoa hau da: zure plataformara konektatzeko aukera ematea, soilik beste herrialde batera zoazenean oporretan, negozio-bidaia batean edo behin-behinean. Izan ere, 'roaming' edo ibiltaritzaren bidezko erabilera-politikarekin gertatzen den bezala, mekanismo batzuk ezarri dira herrialde batean bizi diren eta zerbitzuak beste batean kontratatzen dituzten pertsonek ez dezaten gehiegikeriarik egin, hau da, ez ditzaten edukiak emateko eskubideen ziozko mugak gainditu, zenbait kirol-txapelketatan gertatzen den bezala. Konpainia hornitzaileak benetan zein herrialdetan bizi zaren egiazta dezake, harpidetza-kontratua sinatu edo luzatzen duzunean. Horretarako, hainbat aukera ditu: ordainketaren zehaztasunak aztertu, telefono-kontraturik dagoen egiaztatu edo IP helbidearen kokapena berrikusi.

Lineako edukiak doan ematen dituzten hornitzaileek ez dute zertan araudi hau bete, baina hala erabakitzen badute, aplikatu egin dezakete.

Linean ordaintzen diren zerbitzuetara sartzeko askatasunari esker, erakunde europarrek urrats bat gehiago eman dute hainbeste desira da Merkatu Digital Bakarra lortzeko bidean. Norabide horretan, zehazki, aurrerakada handia eman zen 2017ko ekainean, telefonoen 'roaming' zerbitzuan kargu osagarriak ezabatu zirenean.