Kontsumobide

Datu pertsonalak: nola babesten zaitu Europako Erregelamendu berriak?

egilea: Kontsumobide, 

Maiatzaren 25ean datu pertsonalak babesteko Europako erregelamendu berria aplikatzen hasten da. Ziur aski, bazenekien. Oso ezezaguna egiten bazaizu, erabateko arreta ezari egotzi behar diozu. Agian, ez zara ohartu? Azken hilabeteetan, edozein motatako konpainien mezuak jaso dituzu, non pribatutasun politika berrikustea eta berriro onartzea eskatzen zizuten.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak —xedapenaren izen sinplifikatua da— betebehar berriak ezartzen ditu profesional, enpresa eta administrazio publikoentzat, eta berme berriak ematen dizkio pertsona fisiko gisa. Adibidez, informazioak eta komunikazioak "zehatzak, gardenak eta ulergarriak" izan behar dira eta "sarbide erraza eta hizkuntza argia eta bakuna eduki behar dute, hau da, esposizio argiagoa eskatzen du, zure informazio pertsonala emateak dakartzan inplikazioez jabetzeko, batez ere adingabeei zuzenduta badago.

Isilbidezko adostasuna baztertzen du araudi berriak. Zuk emandako baimenean oinarritzen bada soilik tratamendua, enpresak frogatu behar du jakinaren gainean eta askatasunez eman duzula eta, nahi baduzu, geroago kendu ahalko duzu.

Eskubide gehiago

Erregelamenduak, gainera, zure informazio pertsonala kudeatzeko dituzun aukeretan sakontzen du. Lehenago, AZEA eskubideak, hau da, zure datu pertsonalak Atzitzeko, Zuzentzeko, Ezerezteko eta haien Aurka egiteko eskubideak erabil zenitzakeen. Araudi berriari esker, batzuk mantentzen dira, beste batzuk handiagotzen dira eta berriak sortzen dira:

  • Informazio eskubidea. Zure datuak eskatzen badituzte, informazio askoz zabalagoa eskaini behar dizute, araudiak orain arte aurreikusten zuena baino. Oinarrian, adierazi behar dituzte:
    • Tratamenduaren enpresa arduradunaren datuak eta datuen babeseko ordezkariaren datuak, halakorik badute.
    • Erabileraren helburua eta oinarri juridikoa.
    • Profilak egingo dituzten edo erabaki automatizatuak hartuko dituzten haren edukiaren arabera; hirugarrenentzako lagapenak edo transferentziak aurreikusten dituzten.
    • Zein epetan mantenduko duten haien eskuetan eta nola erabili ahalko dituzun eskubideak.
    • Zuri buruzko informazio pertsonala lortzen badute beste baliabide batzuen bidez, zuri eskatu gabe, zein iturritatik datorren esan behar dizute, puntu horiez gain.
  • Atzipen eskubidea. Zure datuak tratatzen ari diren ala ez kontsulta dezakezu eta, hala bada, zeintzuk diren, nondik lortu dituzten, zein helbururekin eta hirugarren pertsonei komunikatu dizkieten.
  • Datuak zuzentzeko eskubidea, zehaztugabeak edo osatugabeak badira.
  • Ezerezteko eskubidea edo ahaztua izateko eskubidea. Hori egitea eska dezakezu, adibidez, datuak ez badira beharrezkoak jasotako helburuetarako; legez kontra tratatu badira; edo hasierako baimenean atzera egiten baduzu edo tratamenduaren aurka agertzen bazara. Horrelakoetan, gainera, arduradunak argitaratu bazituen, informazio horren estekak ezabatzen saiatu beharko da, ez badira batzen eskaera horri erantzuteari eragozten dizkioten zenbait zirkunstantzia, esate baterako, adierazpen-askatasunerako eskubideaz eta informazio eskubideaz baliatzea.
  • Zure datuen tratamenduari aurka egiteko eskubidea, arrazoi pertsonalengatik, arduradunak ezin badu argudiatu interes legitimoagoa betiere. Marketin zuzeneko jardueretara bideratzeari ere egin diezaiokezu uko. Enpresek, zurekin harremanetan jarriko diren lehenengo aldian, argi eman behar dizute eskubide horren berri.
  • Tratamenduaren muga eskatzeko eskubidea, kasu hauetan:
    • Zure datuen zehaztasuna aurkaratzen baduzu, haien egiazkotasuna begiratzeko behar den aldian.
    • Zure datuak legez kontra tratatu badituzte eta hori eskatzen baduzu, kentzea eskatu beharrean.
    • Enpresak jadanik ez baditu behar zure datuak haren helburuetarako, baina zuk bai, behar dituzu beste erreklamazio mota bat aurkezteko.
    • Tratamenduari uko egin badiozu zure egoerarekin lotutako arrazoiengatik, zehazten duten bitartean arduradunaren alegazioak zure eskaeraren gainetik nagusitzen diren.
  • Zure datuak transferitzeko eskubidea; hau da, erabilera orokorra eta irakurketa mekanikoa duen formatu egituratu batean jasotzea eskatzeko eskubidea, eta beste enpresa bati bidaltzeko, zure baimenaz edo kontratu bat betetzeko lortu bazituzten betiere.
  • Datuen tratamendu automatizatuan bakarrik oinarritutako erabaki baten helburua ez izateko eskubidea, profilak egitea barne, zuregan eragin juridikorik sortzeko arriskua badago edo antzera eragiten badizu nabarmenki.

Zure eskubideez baliatu nahi baduzu, jo ezazu arduradunarengana, pribatutasun-politikan adierazitako helbidearen bidez. Eta, enpresaren batek urratzen baditu, ez izan zalantzarik erreklamazio bat aurkezteko Datuen Babeserako Espainiako Agentzian.