Kontsumobide

Dendek plastikozko poltsak kobratzeko betebeharra daukate?

egilea: Kontsumobide, 

Saltoki batek erosketa sartzeko ematen didan plastikozko poltsa kobratu behar dit? Kontsumitzaile askok daukate galdera hori buruan, aspalditxotik, laster jarriko baita indarrean betebehar horren inguruko araudi berria. Alabaina, hilabeteak aurrera doaz, eta nahasmena areagotzen ari da: hala egin behar dute ala ez?

Erantzuna ezezkoa da. Oraindik ez daukate arauzko betebeharrik, baina establezimendu horiek badute ordaina eskatzeko eskubidea, hala nahi badute, bai enpresaren politikarengatik, bai ingurumenarekin duten konpromisoarengatik edo dena delakoarengatik. Hainbat kate eta saltoki handik urteak daramatzate poltsak kobratzen.

Europar Batasunak 2015ean onartu zuen 2015/720 (EB) Zuzentaraua, apirilaren 29koa. Plastikozko poltsa arinen (50 mikratik beherako lodiera dutenen) erabilera murrizteko xedea dauka zuzentarau horrek, poltsa horiek ingurumenean duten eragina nahiz itsasoko zaborretan duten protagonismo nagusia prebenitze aldera. Kontsumoa murrizteko xede zehatz zenbagarriak ezartzen zituen xedapen horrek; hala ere, Europako zuzentarauekin gertatzen den bezala, Europar Batasunak epe bat eman zien herrialdeei, estatuek beraiek erabaki zezaten zein estrategia zehatz jarraitu mugarri horiek lortzeari begira eta, era berean, estatuek beraiek onar zezaten eduki hori beren ordenamendu juridikora eramateko araudia. Zehatz esanda, 2016ko azaroaren 27ra arteko epea zuten.

Espainiak, ordea, ez zuen epean moldatu. Gaur egun, Gobernuak lanean jarraitzen du plastikozko poltsen kontsumoa murrizteari buruzko eta Produktuen Ekoizleen Erregistroa (REPP) sortzen duen Errege Dekretuaren proiektuan. Ingurumen Ministerioak laster argitaratzea aurreikusi zuen, saltokiak martxoaren 1etik aurrera has daitezen poltsak kobratzen. Hala ere, nahitaezko izapide batzuk falta dira oraindik, eta, dirudienaren arabera, ez da 2018ko erdialdera arte jarriko indarrean.

Orduan egongo da debekatuta plastikozko poltsak doan ematea, eta kopuru bat kobratzeko betebeharra edukiko dute dendek. Gaurko proiektuak, orientazio gisa, 5, 10 edo 15 zentimotan jartzen du prezioa, plastikoaren lodieraren arabera.