Kontsumobide

Ekonomia zirkularra geratzeko dator. Zuk ere nahi duzu, ezta?

egilea: Kontsumobide, 

Denbora asko daramagu gure planetari buruzko berri katastrofikoak entzuten: kutsadura, karbono-dioxidoaren isurketak, itsasora isuritako milioika kilo zabor... Badakigu, kokoteraino zaude berri txar horien zaparradaz. Ziur gaude gehiegizko informazioak zure belarriak off moduan jartzen dituela. Baina batzuetan, krisirik handienetan sortzen dira konponbiderik onenak. Eta ekonomia zirkularra izan daiteke konponbide horietako bat.

Tradizionalki, gure eredu ekonomikoak egitura lineala izan du: erauzi, ekoiztu eta baztertu. Produktuak fabrikatzeko, erabiltzeko eta botatzeko daukagun modua oso agresiboa da ingurumenarekiko. Prozesu horrek agortu egiten ditu hornidura-iturriak (materialak zein energetikoak), aldaketa klimatikoa azkartzen du, eta biodibertsitatearen galera areagotzen du.

Ekonomia linealaren arazo nagusienetako bat da ekoizteko ateratzen den lehengaiaren zati handi bat ez dela berreskuratzen, eta, beraz, hondakin-kopuru izugarria pilatzen dela. Zer egin dezakegu bizi garen lekua kutsadura-laino espantagarri bihur ez dadin?

Konponbidea birziklatzea dela pentsatu baduzu, erdizka baino ez duzu asmatu. Birziklatzeak laguntzen du, baina ez da nahikoa, hondakin guztiak ezin baitira birziklatu.

Etorkizun zirkularra

Gaur egun, birziklatze-korronte berriek ekonomia zirkularra proposatzen dute, arazo larri horri aurre egiteko alternatiba gisa. Zer da, zehazki, hain modan dagoen ideia hori?

Kontzeptu horren helburua hau da: ahalik eta denborarik gehien irautea ekonomian produktuen, materialen eta baliabideen (ura edo energia kasu) balioak, ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta aurrezte energetikoaren alde egitea. Horrek itxura hobea du, ez al zaizu iruditzen?

Mundu bat, non produktuak erreparagarriak, eguneragarriak izango diren, bizitza asko izan ditzaketen materialekin eginak (eta, hartara, hondakin gutxiago sortuko dira), posible da? Bai, bada. Gainera, sortzen diren hondakinen materiala berrerabilgarria bada, berriz fabrikatu ahal izango dira, prozesua hutsetik hasi beharrik gabe. Horrela, enpresek ekoizten jarraituko dute, baina ez dute dirurik gastatu beharrik izango naturaren baliabideak erauzten. Prozesu horren bidez, atmosferara igorritako CO2 isurketak gutxitzen dira, eta aldaketa klimatikoaren ondorioak geldiarazten.

Eta zer egin dezakezu zuk ekonomia zirkularraren alde? Esate baterako, erosi elikagaiak solteak eta ontziratu gabekoak, eta gehiegizko paketatzea duten produktuak saihestu; zure telefono mugikorra edo hondatuta dauzkazun zapatak konpondu egin ditzakezu, berriak erosi ordez; eta hondakinak birziklatu ditzakezu dagokion edukiontzian. Sinplea da, ezta?

Europar Batasunak erkidegoko araudi bat onartu du, lagunduko duena produktuen bizitza-zikloen zirkulua ixten birziklatzearen eta berrerabilpenaren bidez. 2035. urterako hiri-hondakinen % 65 birziklatu ahal izatea da helburua. Hitz batez, planetako baliabideak modu jasangarriago batean erabiltzeko eta gure etorkizuna salbatzeko modurik onena ekonomia zirkularra da. Zuk ere nahi duzu, ezta?