Kontsumobide

Enpresek eskaini ditzakete 902 telefonoak arreta-zerbitzu gisa?

egilea: Kontsumobide, 

Bezeroarentzako arreta-telefono baten bila zabiltza. Aurkitu duzu zenbakia, baina... alarma guztiak piztu zaizkizu. Zenbakiaren hasiera 902 da, eta telefono-fakturan ordaindu beharko dituzun euro gehigarriak kalkulatzen hasi da zure burmuina. Horrela sortu zaizkizu galdera hauek: dei hau ez litzateke doakoa izan beharko?, enpresek eskaini dezakete 902 telefono bat harremanetarako bitarteko gisa?

Indarrean den erregulazioak dio enpresek arreta-telefono bat eskaintzen dietenean bezeroei kontratuarekin zerikusia duten alderdiak argitu edo aztertzeko, deiak ezin duela eragin "oinarrizko tarifa baino kostu handiagoa". Eta lege horrek horrela definitzen du oinarrizko tarifa: "deiaren kostu arrunta […], baldin eta ez badu zenbateko gehigarri bat enpresaburuaren mesedetan". Hau da, xedapenak momentu batean ere ez du esaten komunikazio horrek, oro har, doakoa izan behar duenik.

Hala eta guztiz ere, badago berezko araudia duen eremu oso zehatzen bat: telefono-konpainiek eta energia elektrikoa merkaturatzen duten konpainiek, esaterako, nahitaez izan behar dute inolako kosturik gabeko telefono bat. Salbuespen gutxi horiek kenduta, ordainpekoa izan daiteke telefonoa, eta halaxe bermatu zuen ere, bere garaian, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2017ko martxoaren 2ko epaiak.

Arazoa sortzen da "kostu arrunta" zer den zehaztu nahi denean. Europako jurisdikzio-organoaren ebazpenak zioen gehieneko muga izan beharko litzatekeela geografia-eremuko telefono-linea finko batera edo mugikor estandar batera deitzean ordaintzen den zenbatekoa. Zehaztapen horiek, hala ere, beste zalantza batzuk sortzen dituzte, lehia askeak prezioak inolako mugarik gabe erabakitzeko aukera ematen baitie telefono-konpainiei. Telefono Zenbakien Plan Nazionalak, adibidez, gutxi gorabehera ezartzen du telefono finko batetik egiten diren dei nazionalen eta probintzia artekoen prezioa minutuko 7,41 zentimo ingurukoa dela, dei-ezarpena eta zergak gehitu gabe. Orduan, non dago muga? Erabil ditzakete telefono-zenbaki horiek?

Egia esan, enpresek aukera dute arreta-zerbitzua edozein 902 zenbaki erabilita bideratzeko, baldin eta arauaren mamia errespetatzen badute. Ondorioz, hauek erabil ditzake:

  • 900 zifrekin hasten diren zenbakiak; doakoak dira.
  • 901 zifrekin hasten direnak; bien artean ordaintzen dira, deitzen duenaren eta erantzuten duenaren artean. Prezioak, zenbakitze-planaren arabera, hauek dira: minutuko 4,2 zentimo inguru telefono finkoetatik eta 28 zentimo inguru mugikorretatik deituta.
  • 902 zenbakiak; deitzen duenak ordaintzen du deia. Minutuko 7 eta 17 zentimo arteko prezioa dute finkoetatik, eta 16 eta 50 zentimo artekoa mugikorretatik.

Horrenbestez, 902 zenbakiak eskainita, berez, ez da araudia urratzen, baldin eta deiak ez badu kostu arrunta gainditzen. Enpresa batzuek 902 motako zenbakiak mantentzen dituzte, neurrizko prezioan, eta beste batzuek ez. Beste gauza bat da ohiko telefonia-enpresak ez sartzea zenbaki horiek erabiltzaileei eskaintzen dieten tarifa lauan, eta fakturan islatuta agertzea, horrek hileko ordainagirian dakarren gastu gehigarriarekin.