euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Ez diruz, ez txartelez: mugikorrez ordaintzen dut nik

egilea: Kontsumobide, 

"Diruz ala txartelez?" galdetzea zaharkituta geratu da. Mugikorrez ordaintzeko aukera berriak sortu dira, desberdinak direnak dirua duzun finantza-erakundearen arabera. Orain, telefonoa baliatuta ordain dezakezu produktu bat, soinean txartelik eraman beharrik gabe, edo zure partea bidal diezaiokezu kontaktu bati, zenbait lagunen artean opari bat egiteko edo kuadrillaren afaria ordaintzeko. Ondoren zenbait aplikazio azalduko dizugu, ahalik eta probetxu handien atera diezazkiozun:

  • Apple Pay, Samsung Pay edo Android Pay. Apple Store edo Play Store-tik deskarga ditzakezu aplikazio horiek, dendetan eta web-orrietan mugikorrez ordaintzeko. Ahaztu txartela soinean eramaten. Aplikazioa konfiguratzen duzunean, zordunketa-, kreditu? edo aurreordainketa-txartel bati alta eman beharko diozu, eta une horretatik aurrera denda fisiko batean zerbait erosterakoan, hau bakarrik egin beharko duzu: kontakturik gabe (contactless) ordaintzen uzten duen datafono batera gerturatu zure mugikorra eta zeure burua identifikatzea.
    • Apple Pay, iPhones, Apple Watchs eta Apple-ko beste gailu batzuetarako. Ordaintzen duzunean, identifikatzeko eskatzen dizu: hatz-aztarnaz (‘Touch ID’) edo, iPhone X izenekoaren kasuan, aurpegia ezagutzeko sistemaz ( ‘Face ID’). Apple Pay-ek txartel hauek onartzen ditu, besteak beste: American Express, Mastercard, Visa, Boon, Caixabank, Banco Santander eta Openbank. Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu Apple-ren web-orrialdean.
    • Samsung Pay, Samsung Galaxy aurreratuenetarako. Besteak beste, txartel hauei eman ahal dizkiozu alta: Banco Sabadell, Santander, CaixaBank, Wizink, Imagin bank edo Openbank. Kontsultatu datu guztiak Samsung-en webean.
    • Android Pay, bateragarria da Android Kit Kat 4.4 bertsioa edo handik gorakoa eta NFC teknologia duten mugikorrekin. Teknologia horrek aukera ematen du datafonoko datuak haririk gabe bidaltzeko. Momentuz BBVA-ren, Edenred-en, Openbank-en eta American Express-en txartel batzuk onartzen ditu. Aplikazio hori erabil dezakezun jakiteko, eta erabiltzeko bete beharreko baldintzak ezagutzeko, begiratu Android Pay-en laguntza-gunean.
  • Bizum. Aplikazio horren bidez, pertsonek mugikorrez bidal diezaiokete elkarri dirua (jaso eta bidali). Aplikazioa ibiltzeko, biek eman behar dute alta aplikazioan. Beste pertsona bati dirua bidaltzeko, hau baino ez duzu egin behar: haren mugikorraren zenbakia sartu, edo zure kontaktu-zerrendan hautatu, azaldu zenbat euro bidali nahi diozun eta egiaztatu transakzioa sms bidez, horretarako jasoko duzun egiaztatze-kodea baliatuz. Metodo hori ezin aproposagoa da zenbait partikularrek, dirua soinean eraman beharrik gabe, eskotean ordaintzeko kuadrillaren afari bat, afari osteko kopak, zenbaiten arteko opari bat… Besteak beste, Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, Caixabank, Caja Rural, Banco Santander edo Sabadell finantza-erakundeek onartzen dute; Bizum-en web-orrialdean konproba dezakezu zein diren. Gainera, online erosteko eta dendetan ordaintzeko aukera ere emango du aurki, weborrialdean azaltzen den arabera.
  • Twyp. ING entitateak egindakoa da, partikularrek elkarri dirua bidaltzeko, dirua ateratzeko eta denda batzuetan ordainketak egiteko. Ez da beharrezkoa ING-n kontu bat izatea aplikazioa erabiltzeko; edonork erabil dezake. Twyp-en web-ean kontsulta ditzakezu aplikazioa erabiltzeko baldintzak. (leiho berri batean irekitzen da)
  • Beste aplikazio batzuk. Badaude ordaintzeko edo partikularrek elkarri dirua bidaltzeko beste tresna batzuk. Izen desberdinak dituzte finantza-erakundearen arabera, hala nola: BBVA Cashup, Appatxas (Kutxabank-en doako aplikazioa,  kuadrillarekin gastuak partekatzekoa), Laboral Kutxa Pay… Sar zaitez zure bankuren webean, eta jakin zer aplikazio dituzun eskuragarri.

Telefono-konpainiak

Hala, bada, produktuak edo zerbitzuak mugikorrez ordain ditzakezu, hura finantza?erakunde baten txartelarekin edo kontuarekin lotu ondoren; baina baduzu ere telefono-konpainiaren bidez ordaintzea. Horretarako, zenbait aukera daude:

  • Mugikorraren fakturan sartzea ordainketak, hala nola mugikorraren bidez edo beste gailu batzuez (ordenagailuez edo tabletez) egindako erosketena. Hori egin ahal izateko, aktibatuta eduki beharko duzu hirugarrenei ordaintzeko aukera. Ohikoa da sistema hori erabiltzea eduki digitalak ordaintzeko, zerbitzuetarako harpidetza egiteko eta abar…
  • Telefono-konpainiek ere jaurti dituzte finantza-erakundeen edo mugikorrak fabrikatzen dituzten enpresen antzeko aplikazioak. Halakoxeak dira Vodafone Wallet edo Pagos NFC Movistar, zeinek aukera ematen baitizute txartelak mugikorrera lotu eta kontakturik gabeko (contactless) datafonoetan ordainketak egin ahal izateko.
JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana