euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Ez ezazu bota! Zazpi aholku elikagaiak alferrik ez botatzeko

89 milioi tona, edo gauza bera dena, 89.000.000.000 kilo. Hori da urtean alferrik botatzen dugun elikagai kantitatea, Europako Batzordearen datuen arabera. Euskadin 350.000 tona baino gehiago botatzen dira... Hau da, gutxi gorabehera 7 Titanic adinako pisua. Halako xahuketan pentsatze hutsak ere ikara ematen du.

Mundu-mailan ekoizten den janariaren heren bat botatzen da gutxi gorabehera, eta hori elikatze-katearen fase guztietan gertatzen da: Europar Batasunean botatzen den janariaren % 39 ekoizpen prozesuetan izaten da; % 5 banaketan; % 14 sukaldaritza eta catering zerbitzuetan... Pentsatu al duzu inoiz etxe bakoitzean zenbat janari botatzen den zaborretara? Etxeak dira xahubide honen % 42ren erantzule, beraz, horri konponbidea ematen lagundu ahal dezazun zenbait aholku emango dizkizugu jarraian:

  • Planifikatu. Sor ezazu asteko menu bat modu kontziente eta arduratsuan; lortu itzazu behar dituzun produktuak, eta horrela, gainera, errazago egingo zaizu elikadura osasuntsuago bat izatea. Begiratu hozkailuan eta despentsan jakiteko zer falta zaizun. Erosketetara joan aurretik kontuan hartu duzun aurrekontua eta egizu falta zaizkizun produktuen zerrenda bat.
    Hilabete osorako erosketa egiten baduzu, batik bat, produktu ez-galkorrek osatu beharko dute saskia. Hobe da produktu freskoak aurrerapen gutxirekin erostea. 
  • Aurreikusi. Ekidin ezazu presaka erostea (baita gosez zaudela erostea ere), bestela behar ez dituzun produktuak erosiko dituzu, oso osasungarriak ez direnak (ikusiko duzu nola begiratuko dizuten txokolatezko napolitana goxo horiek), edo erraz gal daitezkeenak.
    Hartu denbora prezioak alderatzeko, eskaintzak aztertzeko eta iraungitzear dauden produktuek dituzten beherapenak aprobetxatzeko. Irakurri ezazu etiketa; eskaintzen duen informazioa oso erabilgarria da (iraungitze-data eta kontsumo lehenetsiaren data, osagaiak, nutrizio-informazioa...). 
  • Antola zaitez. Antolatzeak alferrik gastatzea ekiditen laguntzen du. Jar itzazu hozkailuko eta despentsako lehenengo ilaran aurrena iraungitzen diren produktuak lehenik horiek kontsumitu ahal izateko. Iraungitze-data eta kontsumo lehenetsiaren arteko desberdintasunak. 
  • Aprobetxatu. Soberakinak beste errezeta batzuk egiteko aprobetxatu. Jarri sormena martxan! Adibidez, afaritan sobratu den oilasko-bularkia hurrengo eguneko entsaladan erabil dezakezu. Beharbada ez da adibide ikusgarriena, baina ziur behin baino gehiagotan gelditu zaizkizula bularki-xerrak siku-siku eta zakarrontzira bota dituzula.
    Beraz, aprobetxa itzazu soberakinak eta berrerabili ezin diren hondakinak besterik ez itzazu bota! Bestalde, hobe da janaria kazolan geratzea platerean baino. 
  • Izoztu. Baliteke eltzea erabili izana babarrunak egin eta soberakinak hurrengo baterako izozteko asmoz. Ongi egina, energia eta denbora aurreztu baitituzu hori egiten. Txitxirioak, dilistak, haragi erregosia edo beste edozein jaki sobratu bazaizu, uste zenuena baino gutxiago jan delako, alferrik galdu aurretik izoztu ezazu banakako errazioetan. Hurrengo baterako otordua prest izango duzu. 
  • Birziklatu. Hondakinak dagozkien zaborrontzietara botatzea oso erraza da, eta pausu txiki hori oso garrantzitsua da ingurumenarentzat. Bazenekien hondakin organikoekin, fruten oskol eta azalekin, esaterako, konposta egin daitekeela? Bilaka itzazu hondakin horiek ongarri naturalean zaborrontzi marroira botaz, edo, etxean nahiko toki baduzu, zeure ongarri propioa egin dezakezu. 
  • Jatetxeetan: neurriz jokatu platera aukeratzerakoan eta soberakinak eramateko jartzeko eskatu. Modu horretan hurrengo eguneko menua prest duzu jada! Gero eta gehiago ikusten da hori, beraz, ez ezazu lotsarik izan eta eska ezazu. Bestela, janari hori zaborretara botako dute. 

Elikagai Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataforma

Euskadiko zenbait erakunde eta agente sektorialek 2030. urterako alferrik galdutako elikagai kopurua % 50 murrizteko konpromisoa hartu dute.

Elikagai Xahuketaren aurkako Euskadiko Plataformak iritziak trukatzeko foro izan nahi du, modu boluntario eta kolaboratiboan ekimenarekin bat egingo duten eta etorkizunerako Ekintza Planean proposatuko diren jarduketak diseinatzeko eta ezartzeko gaitasuna duten instituzio, erakunde, elkarte, eta entitateen partaidetzaren bidez.

Datozen Gabonak aukera ona izan daitezke eman dizkizuegun aholkuak praktikan jartzeko. Ez ezazu janaririk bota zakarretara: egizu kontsumo arduratsuaren alde!

JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana