Kontsumobide

Ezagutzen al duzu munstro ikusezina?

egilea: Kontsumobide, 

Beldurrezko film baten izenburua dirudien arren, geroz eta larriagoa den arazo bat ezkutatzen du atzean; zehazki, saneamendu-sareari, eta, beraz, ingurumenari eta gure osasunari eragiten dion arazo bat.

Eguna argitzean, zeure burua garbitzeari ekiten diozu. Atzo, antza, ez zenuen makillajea oso ondo kendu, begi bat beltz samar duzu eta. Eskerrak makillajea kentzeko paper-zapiak dauzkazun. Hain dira erosoak eta errazak... amen batean prest zaude! Eta orain, iragarkiak dioen bezala, zure "unea” dator… -halaxe dio izendatu ezin dugun zereal-marka batek bere iragarkian, heste-igarotzearen erregulartasuna errazten omen duen produktuari buruz hitz egitean-. Eta, bertan zaudela, komuneko paper hezea hartzen duzu, lehorrarekin dagoeneko ez baituzu garbitasun eta freskotasun bera sentitzen. Berriz ere oso eroso, behin erabili eta komunetik bota daitekeen paperari esker.

Dagoeneko zaila egiten zaigu gure bizitzak paper-zapi hain praktiko horiek gabe imajinatzea. Etxean haurrak badituzu, gainera, honezkero deskubrituko zenituen artikulu magiko honen hamaika erabilera: higiene intimorako erabil daiteke; gorputzetik edo arropatik janari-hondarrak kentzeko; edo are pintura-orbanak garbitzeko ere, etxeko txikiei horma eta altzarietan beren sormena islatzea bururatu zaienean.

Paper-zapi horietako batzuen etiketen arabera, behin erabilitakoan komunetik bota daitezke. Hala ere, ez da zehazten desegiteko zenbat denbora behar duten. Eta, egiari zor, uren araztegira iritsi direnerako, ez dute astirik izan desegiteko. Ondorioz: saneamendu-sarean trabatuta geratzen dira, eta matxurak eragiten dituzte.

Eta, agian pentsatuko duzu: “Tira, ez da hainbesterako izango...”. Hona hemen zifra batzuk:

  • EAEn bakarrik, urtean 5.000 tona hondakin solido botatzen ditugu komunetik. Duela gutxira arte, ez genekien hondakin horiek zenbat kutsa zezaketen, eta, beraz, kutsatzaile berriak direla esaten da (botikak, pinturak, bernizak, higiene pertsonaleko produktuak, xaboiak...).
  • Horietatik 2.400 tona paper-zapi higienikoak dira.
  • Isuri horien ondorioak konpontzeko neurrietarako, urtean milioi bat euroko gainkostua erabiltzen da.

Munstro handi bat sortzen ari gara, sistema trabatu eta oztopatzen duen munstro bat. Maizter ikusezin hori zain dago guk komunetik hondakinak noiz botako, bere gose aseezina arintzeko. Beraz, zer egin dezakegu horrekin amaitzeko? Irtenbidea erraza da: paperontzi bat. Bainugelan jartzen baduzu, erosoagoa izango da paper-zapiak bertara botatzea. Hala ere, paperok benetan behar ote dituzun pentsa ezazu.

Bada garaia neurriak har ditzagun. Zeu ere animatzen zara?

Informazio gehiago nahi baduzu, sartu honako helbide honetan: https://munstrowc.eus/