Kontsumobide

Nire telefono-faktura zalantzazkoa bada, sar al nazakete berankorren fitxategi batean?

egilea: Kontsumobide, 

Telefono-konpainia batekin kontratu bat izenpetu duzu; harremanak idilikoa ematen zuen, baina hasieratik okertu da: lehenengo fakturak ez du koadratzen, bigarrenak ere ez, ezta hurrengoek ere. Erreklamazioak aurkeztu dituzu, zuzenketak egin dizkizute, baina zalantzazko zordunketak jasotzen jarraitu duzu, harremana bukatzea erabaki duzun arte. Baja eman duzu, eta fakturaren parte bat ordaindu gabe utzi duzu, iruditzen zaizulako ez dagoela justifikatuta. Zor horren ondorioz, zure izena ager al daiteke berankorren fitxategi batean?

Auzitegi Gorenaren arabera, ez, eta, hori dela eta, kredituak kobratzen dituen enpresa bat Vodafoneko bezero ohi bati 10.000 euroko kalteordaina ordaintzera kondenatu du, 200 euroko zorragatik berankorren erregistro batean sartzean haren ohorea kaltetzeagatik. Diru-kopuru altu hori arrazoi hauengatik ezarri da: datuak hainbat fitxategitan agertu izana, datuok fitxategietan gordetako denbora, hirugarren enpresek fitxategi horietan egindako kontsultak eta interesdunari sorrarazitako kalte moralak eta ondarezkoak.

Emakumeak kontratu bat izenpetu zuen Vodafonerekin 2011ko apirilean, eta fakturazioei buruzko hainbat erreklamazio egin ondoren, baja eman zuen 2012ko abuztuan. Konpainiak kantitate batzuk ordaintzeko eskatu zion, penalizazio-gisa, baina berak parte bat bakarrik ordaindu zuen, ez baitzegoen ados eskatzen zitzaion kopuruarekin. Gerora, telefono-konpainiak zorrak kobratzen dituen enpresa bati laga zion kreditua. Enpresa horrek 297,80 euro ordaintzeko eskatu zion, bestela berankorren fitxategi batean agertuko zelako mehatxuarekin. Interesdunak 97,80 euro ordaindu zituen, eta 200 euro ordaindu gabe utzi, ez zituelako justifikatutzat jotzen. Hala, enpresak berankorren bi erregistrotara bidali zituen datuak; aldi berean, erregistro horietatik hainbat kreditu-entitatetara bidali zituzten. Eragindako pertsona horretaz ohartu zen banku batean kreditu-txartel bat eskatu eta ukatu ziotenean.

Auzitegi Gorenak jurisprudentzia bat finkatu du, dagoneko, gai honen inguruan; izan ere, hainbat eta hainbat epairen bidez adierazi du ohore-eskubidea kaltetzen dela enpresa batek pertsona baten datuak berankorren erregistro batean sartzen dituenean, baldin eta hori egiten bada datu pertsonalak babesteko araudiaren betekizunak bete gabe. Araudi horretan, datuen kalitatearen printzipioa ezartzen da, eta horrek eskatzen du datuok izan behar dutela "zehatzak, egokiak eta beroiek biltzeko eta tratatzeko adierazitako xedearekiko proportzionatuak". Berankorren fitxategian sartzeko tratatutako informazioaren kasuan, zor den kopuruak ezaugarri hauek izan behar ditu:

  • Zorra benetakoa izango da, mugaeguna beteta duena eta exijitzeko modukoa. Hau da, kopuru jakin batekoa, ordaintzeko errekeritu daitekeena eta ordaintzeko epea beteta duena.
  • Ordaindu gabe egon behar du.
  • Zordunari ordainketa-errekerimendu bat bidali behar zaio, jakinarazteko ezen ordaindu ezean beren datuak berankorren fitxategi batean sartu ahal izango direla.

Gainera, plus bat eskatzen da. Datuak "erabakigarriak izango dira kaudimen ekonomikoa" epaitzeko, hau da, egiaztatzeko "zorra ezin dela ordaindu edo ordaintzeari uko egin zaiola arrazoirik gabe". Auzitegi Gorenaren martxoaren 23ko epai honen arabera, "zorrak eztabaida sortzen badu datuen titularrak pentsatzen duelako legez ez duela zor erreklamatzen zaiona, ez ordaintzeak ez du adierazten interesduna kaudimengabea denik". Batez ere, fitxategi-mota hauen helburua delako "egiaztatzea, ez solik zorrak, baizik eta interesdunaren ondare-kaudimena ere bai".