euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nola aurreztu dezaket argiaren ordainagirian?

egilea: Kontsumobide, 

2017an argiaren faktura % 9,5 igo zen, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) egindako azterketaren arabera. Erakundeak simulazio bat egin du, facturadeluz atariaren bidez, zehazteko ea zenbat ordainduko lukeen aurreko urtean etxe batek, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioaren tarifan (KTBP), ordutegian bereizkeriarik gabe, kontratatutako potentzia 3,45 kW-koa izanik eta urteko batez besteko kontsumoa 2.500 kWh-koa. Emaitza etsitzeko modukoa da, urtebetean izugarrizko igoera egon baita.

MLBNren fikziozko likidazio horretan agerian geratzen da zein kontzeptu gailentzen diren fakturan: % 55 kontsumoari dagokio; % 25 kontratatutako potentziari; eta gainerakoa, zergei eta beste kontzeptu batzuei. Ezinezkoa denez ezarritako tarifen kontra borrokatzea —gizarte-bono elektrikoaren onuradun izateko baldintzak bete nahiz ez—, Kontsumobidek hainbat aukera proposatzen dizkizu ordainagiriaren zenbatekoa murrizten saiatzeko.

  • Kontratatutako potentzia deitzen zaio etxebizitza batek gehienez jasan dezakeen potentziari, hau da, aldi berean zenbat gailuk funtzionatu dezaketen ezartzen duenari. Kilowatt-kopuru egokia kontratatu duzun jakiteko, aldi berean piztu ohi dituzun gailu elektronikoen potentzia batu. Etxetresna elektriko bakoitzaren datua, normalean, gailuan bertan itsatsita egoten den pegatina batean agertzen da. Zalantza oro argitzen duen arau bat ere badago: diferentziala ez bada inoiz jaitsi, eta, beraz, argirik gabe geratu ez bazara, seguru asko behar duzuna baino potentzia altuagoa daukazu kontratatuta. Aztertu ondo zein den zure egoera, eta, egoki baderitzozu, kontrata ezazu baxuago bat. Izapide hori egiteko euro batzuk ordaindu beharko dituzu, baina ordainagiri bakoitzean aurreztuko duzu.
  • Kontsumoa aldatu egiten da tarifa-motaren eta bere ezaugarrien arabera. Aztertu zure ohiturak, ordutegia bereizten duen tarifaren bat aplikatzea komeni zaizun argitzeko. Telekudeaketadun kontagailu adimentsu bat baduzu, aztertu zein den kontsumitzen duzun energiaren gastua ordu ezberdinetan. Halaber, beste jardunbide batzuk ere aplika ditzakezu. Hona hemen Energiaren Euskal Erakundeak dioena 'Energia etxean' argitalpenean:
    • Erosi A+++ etiketa energetikoa daukaten etxetresna elektrikoak. Eta, zehazki:
      • Mikrouhin-labea: erabili ezazu labearen ordez, % 60 aurreztu baitezakezu.
      • Ordenagailua: itzali ezazu ez baduzu ordu erdi baino gehiago erabili behar.
      • Garbigailua: aprobetxatu bere gaitasun handiena eta saiatu, ahal denean, ur hotzarekin garbitzen.
      • Ontzi-garbigailua: jarri guztiz beteta dagoenean.
    • Ez utzi etxetresna elektrikoak stand by moduan: etxeko kontsumo energetikoaren % 7 sor dezake, Dibertsifikazio eta Aurrezki Energetikoaren Institutuaren (IDAE) arabera.
JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana