euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Nola erakutsi behar dira supermerkatuetako produktuen prezioak?

egilea: Kontsumobide, 

Supermerkatuak eta komertzioak legez behartuta daude produktuen prezioak araudiak ezarritako preskripzioen arabera erakustera, kontsumitzaileek marka desberdinak alderatzeko behar beste informazio izan dezaten. Batzuetan, hala ere, zentro handietako korridoreetatik itzuli bat ematea besterik ez da behar sorpresa handia hartzeko: apaletan dauden etiketek ez dituzte jasotzen neurketa-unitatearen araberako prezioa, erabilitako erreferentzia-unitateetan okerrak daude, alderatzea faltsutzen duten biribiltzeak daude…

Erostera zoazenean gogoratu jakiteko eskubidea duzula, informazioa garbia, identifikatzeko modukoa eta irakurterraza izan behar dela:

  • Produktuaren salmenta-prezioa, hau da, azken prezioa, zerga guztiak jasota dituena.
  • Neurketa-unitatearen araberako prezioa.

Azken datu horri esker produktuak alderatu ahal izango dituzu kalkulagailua erabili gabe. Produktuaren arabera erreferentzia moduan hartu ahal izango duzu kilogramo bat, litro bat, metro bat, metro karratu bat, metro kubiko bat edo unitate bat.

Kontuan hartzeko adibide praktiko bat: Ilar berdeen pote bat erosi nahi duzu. 250 gramoko lata batek 1,21 euro balio ditu; 295 gramoko batek 2,05; eta 215 gramoko batek 1,19 euro. Zein da ekonomikoena gure sakelarako? Dendan neurketa-unitatearen araberako prezioa idatzita badago etiketan –kasu honetan kiloa–, arazorik gabe erantzun ahal izango duzu. Lehenengo hornitzaileak kiloa 4,84 eurotan saltzen ditu ilarrak; bigarrenak 6,95 eurotan eta hirugarrenak 5,53 eurotan.

Gainera, indarreko araudiak, Europako zuzentarau bat jasotzen duenak, neurri zehatz batzuk ezartzen ditu produktu jakin batzuetarako:

  • Arrautzak: dozena.
  • Garbigailurako detergenteak: zikintasun maila normala duen garbiketa bat egiteko beharrezkoa den ontzitxoa edo dosia, uraren gogortasuna 25 gradu frantsesekoa bada.
  • Elikadura-osagarriak eta produktu kosmetikoak: 100 gramo edo 100 mililitro.
  • Piparako tabakoa: 100 gramo.
  • Elikagaien barruan, (adibidez, kontserbak) pisu garbia eta pisu garbi xukatua jaso behar dute, eta bigarrena erabiliko da neurketa-unitate moduan.

Indarreko araudian ezartzen da, halaber, zein produktuk ez duten erakutsi behar neurketa-unitatearen araberako prezioa. Hona, zehazki:

  • 50 gramo edo 50 mililitrotik beherako kopuruetan merkaturatzen direnak.
  • Desberdinak izanik ontzi berean saltzen direnak, eta horien antzeko produktuak banaka merkaturatzen ez badira.
  • Salmenta automatikoaren bidez merkaturatzen direnak.
  • Izozkiaren batentzako moduko zatiak, xerra moduan ere ezagutzen direnak.
  • Jatorri geografikoa adierazita duten mahaiko ardoak, jatorri-deitura duten ardoak eta toki izena duten edari mozkorgarriak.
  • Fantasiazko elikagaiak, hau da, sormen eta originaltasun ezaugarriak direla medio beste batzuekin alderatu ezin direnak.
JARRAITU
  • RSS
Euskadi, auzolana