Kontsumobide

Oraindik garaiz zabiltza bonu sozial elektrikoa berritzeko

egilea: Kontsumobide, 

Argindarraren lehengo bonu sozialaren onuraduna bazara eta oraindik berritu ez baduzu, kontuan izan datorren urriaren 8ra arteko epea duzula berritzeko eta irizpide berriak betetzen dituzula frogatzeko.

Bonu soziala argindarraren fakturan egiten den deskontua da, eta kalteberatzat jotzen diren familiak babestea du helburu. Bonu sozial berriaren onuradun izateko, baldintza hauek bete behar dira:

  • 10 kW edo gutxiagoko potentzia kontratatua izatea.
  • Kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioaren (KTBP) tarifa hartzea.
  • Bezero kalteberatzat hartzeko ezarritako baldintzak betetzea.

Orain arte familia ugariek, egoera bereziak zituzten pentsiodunek eta kide guztiak lanik gabe zituzten familia-unitateek jaso zezaketen deskontu hori. Arau berriak, aldiz, familia ugariak eta pentsiodun jakin batzuk onuradun gisa mantentzeaz gainera, diru-sarrerak hartzen ditu erreferentzia nagusi.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak emandako datuen arabera, joan den uztailaren amaierara arte 700.000 pertsona baino gutxiagok eskatu dute deskontu hori, nahiz eta 2,4 milioi izan horretarako eskubidea dutenak.

Civio fundazioak, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalarekin elkarlanean, aplikazio bat garatu du eta bertan ikus dezakezu bonu sozial horretarako aukerarik baduzun. Baldintzak betetzen badituzu, erraz tramita dezakezu eskaera, aplikazio horren bitartez. Eredu normalizatua ere bete dezakezu, eta zure erreferentziako merkaturatzaileari bidali, behar diren dokumentu guztiekin batera.

Deskontu hori ukatu badizute eta baldintzak betetzen dituzula uste baduzu, erreklamazioa aurkez dezakezu Kontsumobiden, edo kontsumo-arloko edozein erakundetan.