Kontsumobide

Gimnasioak: informa zaitez sasoian jarri aurretik

Uda eta oporretako gehiegikeriak amaitzen ari dira. Oraindik egun eguzkitsuak eta beroak gelditzen diren arren, atzean geratzen ari dira aire zabaleko barbakoak edo terraza batean patata frijituekin batera hartutako edariak edo garagardoak 30 gradu baino gehiagoko tenperaturarekin. Ikasturte berria eta helburu berriak hasten dira. Gimnasio batean izena emateko asmoa daukazu? Hori egin aurretik, gogoan hartu:

  • Alderatu hainbat kiroldegi: prezioa, instalakuntzak, gertutasuna, baldintzak, eta abar. Posible izango balitz, egin bisita bat kiroldegi horietara. Batzuen eta besteen arteko aldeak txundituta utziko zaitu eta, gainera, zuretzat interesgarriena aukeratzeko baliagarria izango zaizu.
  • Bilatu iritziak Enpresa askok profilak dituzte sare sozialetan. Bertan, jendearen iritziak eta iruzkinak aurkituko dituzu. Galdetu ere zure ezagunei, ea beraiek edo haiek ezagutzen duten norbaitek, gimnasioa erabili duen.
  • Kontuz iraunkortasun-kontratuekin! Kontratua sinatu aurretik, irakur ezazu arretaz eta begiratu ea prezioa eta baldintzak agertzen diren. Gerta liteke, nahiz eta zuk edozein unetan kiroldegia utzi dezakezula pentsatu, errealitatean, urtebetez bertan jarraitzeko konpromisoa hartu izana.
  • Kontratu-klausulek idazkera garbi eta ulerkor batean idatzita egon behar dute. Balizko edozein zalantza kontsumitzailearen alde interpretatuko da beti.
  • Aukeran, hobe da hilabeteko ordainketa egitea ahalbidetzen duen gimnasio bat hautatzea. Urteko ordainketa bat egin eta, edozein inguruabar dela medio (jada aspertu egin zarelako, ustez izango zenuen denbora ez duzulako, edo merkeago den beste bat aurkitu duzulako), joateri utziz gero, erabili gabeko denborari dagokion dirua berreskuratzeko arazoak izan ditzakezu.
  • Erne hasieran eskainitako zerbitzuak aldatzeko edo beren tarifak eguneratzeko eskubidea daukatela adierazten duten klausulak dituzten enpresekin. Kontuan izan informazio hau, gero ezustean harrapa ez zaitzan.
  • Instalazioaren erabilera-arauak eta erreklamazio-orriak toki ageri batean eta ongi irakurtzeko moduan egon beharko dira.

Hori guztia esanda… informatu ondoren, sasoian jar zaitezke!

Eta prestakuntzari dagokionez, gogoratu hiru prestakuntza zentro ditugula EAEko hiru hiriburuetan. Kontsumoaren inguruan ikasteko oso aukera zabala eskaintzen dute, kolektibo ezberdinei egokitua: ikasleak, irakasleak, gurasoak, 14 urtetik gorakoen taldeak, langabetuak, hezkuntza premia bereziak dituztenak, etorkinak, adinekoak, kontsumoaren arloko profesionalak, eta abar. http://www.kontsumobide.euskadi.eus/informazioa/kontsumobideko-prestakuntza-eskaintza/y10-kb2contm/eu/  Bai, zuretzat, ere bai. Kontsultatu gure web orria.

Gaiak