Zure emozioak ez daitezela izan zure erosketen jabe

egilea: Kontsumobide, 

“Oso atsegin dut, oso ni neu da”. Zenbat aldiz izan duzu buruan esaldi hori, telebistan edo denda batean iragarki bat ikusi ondoren, eta azkenean gogoa izan duzu kolonia hori, auto hori edo azken modeloko zapatila horiek erosteko? Edo, zenbat aldiz joan zara supermerkatura, falta zitzaizun detergentea erostera, eta azkenean opil industrialak ere erosi dituzu tripa-zorri zinelako eta bazkalordua zelako? Askotan uste dugu arrazoimena erabiliz egiten ditugula erosketak, baina benetan emozioen bitartez egiten ditugu.

Konfiantza, botere eta kontrol nahia, gogo bizia, itxaropena, zerbaiten kide izatea, aurkikuntzen zirrara… Horiek guztiak sentimenduak dira, eta gure erabakietan eragina daukate. Markek ondo dakite hori; beraz, emozioen indarrez baliatzen dira komunikazio-estrategia ahaltsuak sortzeko. Marketin emozionala eta neuromarketina diziplina finkatuak dira; horien bitartez kontsumoa bultzatu nahi da emozioak aktibatuz. Gogoan duzu telebistako iragarki hura, panpina baten publizitatea egiteko “alucina, vecina” esaldia erabiltzen zuena? Mezu horren helburua, jostailu harekin asko gozatuko zela adierazteaz harago, hau zen: hari esker, jostailuaren jabea auzoko pertsonarik garrantzitsuena izango zela adieraztea.

Azterketa zientifiko batzuek diotenez, erosteko erabakiaren % 75, gutxienez, eta % 85, gehienez, subkontzientea da, eta sentimenduak faktore erabakigarria dira produktu bat aukeratzerakoan. Van Goghek horrela zioen: “emozio txikiak gure bizien kapitainak dira, eta eurei obeditzen diegu ia-ia konturatu ere egin gabe”. Logikak, benetako beharrizanak, ebaluatu ahal diren alderdiek, adibidez kalitateak, prezioak, azken batean erosteko erabaki arrazionalek, protagonista izateari uzten diote, gogo-aldarteek eta emozioek eraginda hartutako erabakien aldean. Izan ere, pertsonek emozio horietako asko gurarietan liberatzen dituzte, eta grina horiek kontsumoaren bitartez asetzen saiatzen dira. Halako pizgarrien aurka egiteko, arduraz erostea beharrezkoa da.

Nola kudeatu kontsumo emozionala?

Kontsumoa oinarrizko jarduera bat da, errepikatzen dena, eta jarduera hori aztertu behar da, identifikatu ahal izateko nola eragiten duten emozioek erosteko erabakietan, eta ikasi ahal izateko emozio horiekin moldatzen. “Zeure buruari gutizia bat ematea” ona da, baina jakin behar duzu “zeure buruari gutizia bat ematen” ari zarela? Erosteko bultzada sentitzen baduzu, ohar zaitez zein gorputz-egoera daukazun, eguneko zein ordu den, gose zaren, zer gertatu den edo zer ikusi duzun. Identifika ezazu zer emoziok sorrarazi dizun erosteko beharrizan hori, eta pasa zaitez kontsumo inkontzientetik kontsumo kontzientera.

Erosketa bat ahalik eta modu kontzienteenean egiteko, jaramon egin aholku hauei:

  • Erosi aurretik, gogoeta egin. Benetan behar duzu? Erabiliko duzu? Etxean antzeko produkturik daukazu? Hor konturatuko zara ea emozioek gidatuta jokatzen ari zaren ala ez.
  • Ez erosi ezer, gero, “triste bazaude”, edo gose bazara, adibidez.
  • Publizitatea auzitan jarri eta aztertu. Publizitate emozionalak zure zirraretara jotzen du zuzenean; beraz, kontura zaitez horretaz eta saia zaitez hesi bat sortzen; hala lortuko duzu produktu hori erosteko guraririk ez izatea, eta lehenago gauzak aztertzea.
  • Doitu zure aurrekontua. Deskonta ezazu hilaren amaieran zenbat aurreztu nahi duzun, eta erosketak egiteko kontura zaitez zenbat diru geratzen zaizun.
  • Egin zerrenda bat behar dituzun gauzekin, eta produktu funtzionalak erosi. “Erabilera anitzeko paper-zapi bustiak egundoko prezioan!” Itxura ederra dauka, baina etxean seguruenik antzeko produkturen bat daukazu. Pentsa ezazu.
  • Ez daukazun dirurik ez gastatu. Horretarako da baliagarria behar-beharrezkoak diren gauzen zerrenda bat egitea; zerrenda hori egokitzeko eta gastatu behar duzun dirua kontrolatzeko.
  • Hartu denbora erosketa egin aurretik: konparatu, iritziak bilatu, eta abar. Eurotxo batzuk aurreztuko dituzu agian.
  • Edukia erosi, eta ez ontzia, publizitatea edo gomendioak. Kontuan har ezazu askotan garestiago ordaintzen duzula diseinua, edukia bera baino.

Hartu ohitura osasuntsuak. Ondo sentitzea zeure barnean gertatzen denaren mendean dago, eta ez kanpoan gertatzen denaren mendean. Barnean nolako hutsunea sentitzen duzun, halakoa izan ohi da egiten duzun kontsumoa, hartu hori kontuan!