Kontsumobide

Atzera egiteko eskubidea

Atzera egiteko eskubidea kontsumitzaile-erabiltzaileak kontratu bat ondoriorik gabe uzteko duen ahalmena da; hau da, ondasun bat itzultzeko edo zerbitzu bati uko egiteko duen ahalmena, erabakia justifikatu beharrik izan gabe eta zigorrik jaso gabe. Eskubide horretaz baliatzeko, jakinarazi egin behar zaio enpresari, ezarritako epean.

Baina kontratu guztietan ez dago eskubide hori onartuta. Informatu egin behar duzu kasu bakoitzean. Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsarako Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina onartzen duen azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuak atzera egiteko eskubidea nola aplikatu arautzen du II. Liburuaren I. Izenburuaren II. Kapituluan.

Atzera egiteko eskubidea kontratu hauetan onartzen da:

  • Araudian betebehar hori ezarrita duten kontratuetan, bai eta urrunetik egindako kontratuetan edo saltokitik kanpo egindakoetan ere. Hala ere, badaude atzera egiteko eskubidea baztertzen duten salbuespenak, produktuaren edo zerbitzuaren arabera. Kasu horietan, berariazko araudiak arautuko du atzera egiteko eskubidea, eta, halakorik ezean, 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren aurreikuspenek.
  • Eskaintzak, sustapenak, publizitateak edo kontratuak berak hala zehaztu duenean. Kontratuan adierazten bada, ez duzu kalte-ordainik ordaindu beharrik ondasun bat edo zerbitzu bat probatzeagatik ondasun edo zerbitzu horri egin diozun gastatze, narriadura edo erabileragatik –proba horren arabera erabakiko duzu erosi edo ez–. Gainera, azkenean eskubidea erabiltzea erabakitzen baduzu ere, enpresak ezin dizu ordainketa-aurrerakinik edo bermerik eskatu.

Enpresak betebehar hauek ditu, atzera egiteko eskubidea lege baten jasota azaltzen bada:

  • Kontratuan idatziz adieraztekoa eskubide hori duzula eta erabiltzen baduzu zer betekizun eta ondorio izango dituzun, argi, zehatz eta modu ulergarrian, eta, berebat, azaltzea ondasuna edo zerbitzua itzultzeko zer modalitate dituzun.
  • Atzera egiteko agiri bat ematekoa, hala dela argi dioena, bidali behar zaion pertsonaren izena eta helbidea eta kontratuaren eta alderdi kontratugileen identifikazio-datuak dituela.

Enpresak obligazio hori bete duela frogatu behar du.

Gutxienez, 14 egun natural eman behar dizkizute. Epea kontatzen hasiko da:

  • Enpresak informazioa eta agiriak emateko betebeharra bete badu, ondasuna jasotzen edo zerbitzua emateko kontratua egiten denetik aurrera.
  • Enpresak informazioa eta agiriak emateko betebeharra bete ez badu:
    • Atzera egiteko hasierako epea iraungitzen denetik hamabi hilabetera, ondasuna eman edo zerbitzua emateko kontratua egiten denetik kontatuta.
    • Informazioa eta agiriak emateko betebeharra betetzen duen unetik, baldin eta betebehar hori ondasuna eman edo zerbitzua emateko kontratua egin eta hurrengo hamabi hilabeteren barruan izan bada.

Atzera egiteko epea bete duzun jakiteko, atzera egiteko adierazpenaren bidalketa-data hartuko da kontuan.

Atzera egiteko eskubidea erabiltzeak ez du formalitaterik: nahikoa da zuzenbidean onartutako edozein eratara adieraztearekin. Edonola ere, eskubidea erabili duzula ulertuko da:

  • Atzera egiteko agiria bidaltzen baduzu.
  • Jasotako produktuak itzultzen badituzu.

Gogoratu zuri dagokizula frogatzea eskubidea erabili duzula.

Alderdiek elkarri itzuli behar dizkiote prestazioak.

  • Atzera egiteko eskubidea erabiltzeak, bere horretan, ez dizu gasturik eragingo. Horretarako, prestazioa jaso duzun lekua hartuko da betetze-lekutzat.
  • Erabat deusez izango dira, hau da, ez dira aplikatuko, atzera egiteko eskubidea erabiltzeagatik zigorren bat ezartzen duten klausulak.
  • Ez duzu dirurik ordaindu beharrik ondasunaren balioa gutxitu delako hitzartutakoaren arabera erabiltzeagatik edo haren nolakotasunagatik edo zerbitzua erabiltzeagatik.
  • Eskubidea duzu ondasunean egindako beharrezko eta ezinbesteko gastuengatik ordaindutakoa itzul diezazuten.
  • Enpresarekin hartu duzun irauteko konpromisoa betetzen ez baduzu, garaia baino lehenago baja emateagatik edo harremana uzteagatik jasoko duzun zigorrak adostutako irauteko konpromisoa betetzeko benetan falta zaizkizun egunekiko proportzionala izan behar du.

Prestazioa itzuli ezin baduzu:

  • Galdu edo hondatu egin duzulako edo beste edozer arrazoiengatik: zure erruz izan bada, atzera egiteko eskubidea erabiltzeko unean prestazioak izango lukeen merkatu-balioari erantzun behar diozu, balio hori eroste-prezioa baino handiago denean izan ezik; kasu horretan eroste-prezioari erantzun beharko diozu.
  • Enpresaburuak ez bazuen informazioa eta agiriak emateko betebeharra bete, behar besteko arduraz jardun ez baduzu soilik egotzi diezazukete itzuli ezintasuna.

Enpresak ordaindu dituzun kopuruak itzuli behar dizkizu, gastu-atxikipenik egin gabe:

  • Dirua lehenbailehen itzuli behar dizu, eta, beti, atzera egiteko eskubidea erabiliko duzula adierazi duzunetik 14 egun natural baino lehen.

Enpresak ordainketa-epea bete duela frogatu behar du.

Kontratu bat egin eta kontratuaren prezioa enpresaburuak berak edo hirugarren batek emandako kreditu baten bidez finantzatu baduzu osorik edo zati batean, enpresaburuarekin aurretik adostuz gero, atzera egiteko eskubidea gauzatzeak kreditua ebaztea ekarriko du bestelako zigorrik jaso gabe.

Arau hori urrunetik egindako kontratuei eta saltokitik kanpo egindakoei ere aplikatzen zaie.

1/2007 Legegintzako Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, atzera egiteko eskubidea erabiltzeak kontratu osagarri guztiak iraungitzea ekarriko du, automatikoki eta kosturik gabe, urrunetik edo saltokitik egindakoen kontratu osagarriak izan ezik, zeinetan arautegian jasotako kostuak ordaindu beharko dituzun.

Kontratu nagusian atzera egitea eskatu ondoren:

  • Alderdiek elkarri itzuli behar dizkiote kontratu osagarriaren barruko prestazioak, lehenbailehen, eta, beti, kontratu nagusian atzera egin nahi duzula adierazi duzunetik 14 egun natural igaro baino lehen.
  • Enpresak kontratu osagarriaren barruan ordaindutako kopuru guztiak itzultzen ez badizkizu epe horretan, kantitate horren bikoitza erreklama diezaiokezu. Horretaz gain, kalte-galerengatik kalte-ordaina jasotzeko eskubidea ere baduzu, nahiz eta hasierako kopurua gainditu. Enpresari dagokio epea bete duela frogatzea.
  • Eskubidea duzu ondasunean egindako beharrezko eta ezinbesteko gastuengatik ordaindutakoa itzul diezazuten.

Kontratu osagarriko prestazioa itzuli ezin baduzu:

  • Galdu edo hondatu egin duzulako edo beste edozer arrazoiengatik: zure erruz izan bada, atzera egiteko eskubidea erabiltzeko unean prestazioak izango lukeen merkatu-balioari erantzun behar diozu, balio hori eroste-prezioa baino handiago denean izan ezik; kasu horretan eroste-prezioari erantzun beharko diozu.
  • Enpresak kontratu nagusian atzera egiteko eskubideari buruzko informazioa eta agiriak emateko betebeharra bete ez bazuen, behar besteko arduraz jardun ez baduzu soilik egotz diezazukete itzuli ezintasuna.

Azken aldaketako data: