Kontsumobide

Elektrizitate-hornidura

Energia-eskaitzen konparatzailea

Hornidura elektrikoa 2009an 1ean liberalizatu zen, enpresa hornitzaileen artean lehia erreala eta librea lortzeko. Geroztik, kontsumitzaile bakoitzak bere beharretara ondoen egokitzen den eskaintza aukera eta kontrata dezake.

Sektore Elektrikoaren 24/2013 Legeari esker, energia elektrikoaren borondatezko prezioa ezartzeko sistema berriak erreferentzia gisa orduro eskaintzaren eta eskariaren arabera aldatzen eta kotizatzen duen handizkako merkatuaren prezioa hartu zuen. Gainera, 2014. urtean, energia elektrikoaren Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioen (KTBP) kalkulua egiteko metodologia indarrean jarri zen. Data horretatik aurrera, bezeroek energia elektrikoaren hornidura kontratatzeko lau modalitate izaten dituzte.

2018ko urrian lege-aldaketak ezarri ziren gizarte bonoari dagokionez, eta gizarte bono termikoa sortu zen.

Era berean, elektrizitate hornitzaileek ezin izango dute eskaintzen dituzten produktuei buruzko eskatu gabeko publizitatea egin, ez eta kontratuak lortzeko etxez-etxeko bisitarik egin, salbu eta hartzaileak bere kabuz eskatu badu zerbitzu horren informazioa jasotzea baliabide horren bitartez. Ondorioz, elektrizitate hornidura “etxez-etxeko” modalitatean kontratatzea debekatuta dago etxeko kontsumitzailearen segmentuarentzat.

Enpresa banatzaileek eta merkaturatzaileek funtzio desberdinak dauzkate: 

Enpresa banatzaileek: beste zenbait funtzioren artean, kontsumitzaileen etxeak elektrizitatez hornitu behar dituzte. Hainbat lan egiten dituzte: elektrizitatearen kable sarea jarri, elektrizitate horniduraren alta eman, kontagailuak kudeatu eta gertakariak artatu. Hori horrela, banatzaileek ez diete elektrizitatearen hornidura zuzenean bezeroei saltzen, baina kontagailuen irakurketa egiteko arduradunak dira.

Enpresa merkaturatzaileek: Energia garraiatzeko edo banatzeko sareetara sartzen dira, energia eskuratzen dute, eta kontsumitzaileei saltzen diete. Beraz, hornidura kontratua haiekin sinatu behar dugu. Bi enpresa merkaturatzaile mota daude: merkatu libreko merkaturatzaileak, energia ofizialki ezarrita ez dagoen prezioan saltzen dutenak, eta erreferentziako merkaturatzaileak, Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren baimena dutenak, Administrazioak araututako baldintzetan eman behar dituztenak elektrizitate hornidura. Hau da:

  • Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP).
  • Prezio finkoa urtebeterako.
  • Azken Baliabideko Tarifa.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak enpresa merkaturatzaileen zerrenda argitaratzen du bere webgunean.  

Alda dezakezu merkaturatzailea nahi duzunean. Nolanahi ere, kontratu askeetan klausula bat izan daiteke, gutxieneko epealdi batean irauteko betebeharra ezartzen duena. Epealdi hori igaro baino lehen aldatzen baduzu, baliteke diru-kopuru jakin bat ordaindu behar izatea. Kasu horretan, kontratuek jaso behar dute kontsumitzaileak zer zigor izango dituen kontratua denboraren aurretik baliogabetzen badu, eta desberdindu egin behar dituzte zein diren kontratuko prezioak eta baldintzak, eta indarraldia, eta zein sustapen-izaerakoak.

Oro har, behe-tentsioko elektrizitate-horniduraren kontratuek gehienez ere urtebeteko iraupena izaten dute. Ezer adierazten ez baduzu, kontratua urtez urte luzatuko da. Kontratua luzatzea nahi ez baduzu, 15 eguneko aurrerapenarekin jakinarazi. Ez duzu horregatik penalizaziorik ordaindu beharko. Urtebete igaro aurretik baja ematea erabakitzen baduzu, merkaturatzaileak kontsumituko duzula kalkulatutako kontsumoaren % 5arekin zigor dezakezu, gehienez ere.

Hornitzaile-aldaketa burutzeko epea ezin da hiru aste baino gehiago izan.

Gaur egun lau modu daude elektrizitatea kontratatzeko eta ordaintzeko:

Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP)

KTBPri heldu ahalko diete 1 kw edo gutxiagoko tentsioko sare bati lotuta dagoen eta 10 Kw edo gutxiagoko potentzia kontratatua duten hornidura-puntuen titularrek. Betekizun horiek betetzen badituzu, erreferentziako merkaturatzaile batekin hornidura-kontratua sinatzen baduzu eta beste kontratazio modalitate bat aukeratzen ez baduzu, KTBPri heldu diozula ulertuko da. Beraz, kontrakorik esaten ez baduzu, erreferentziako merkaturatzailearekin egiten den kontratazio modalitatea KTPB bidez izango da. Lehengo Azken Baliabide Tarifari (ABT) heltzen zioten bezeroei hasi zitzaien kontratazio modalitate berri honen bidez ematen hornidura (KTBP), eta ez zuten bestelako kudeaketarik, jarduketarik edo aldaketarik egin behar izango kontagailuan.

Kontratuen iraupena urtebetekoa izango da eta automatikoki luzatuko da, epe beretan. Hala ere, kontratua amaitu aurretik edo luzapena amaitu aurretik indargabetu ahal izango duzu, inolako kosturik gabe. Modalitate honek sarbideko hiru tarifa mota ditu, eta horietan energiaren prezioa desberdina da, kontsumoa egiten den orduaren arabera:

  • Orokorra. Ordutegi bereizketarik gabe (2.0A).
  • Gauekoa. Eguneko bi aldiko ordutegi bereizketarekin (2.0DHA).
  • Ibilgailu elektrikoa. Supermurriztua ordu bereizketarekin (2.0DHS).

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak 'factura luz' web orrian KTBPri heltzen dion bezeroari faktura simulatzeko tresna eskaintzen dio, egiaztapena egin dezan, hurrengo datuak adierazita:

  • Irakurketaren hasiera eta amaiera datak
  • Kontratatutako potentzia
  • Sartzeko bidesaria
  • Tarifa aldi bakoitzean erregistratutako kontsumoa

Azken Baliabideko Tarifak (ABT)

Azken Baliabideko Tarifa (ABT) aplikatuko zaie kalteberak diren kontsumitzaileei baita KTBP izateko eskubiderik eduki ez, baina bolada batean enpresa merkaturatzaile aske batekin kontraturik ez dutenei ere.

Kontsumitzaile kalteberak: bonu-soziala

Eremu energetikoan kalteberak diren pertsonek erreferentziako enpresa merkaturatzaileekin kontratatu behar dute euren hornidura elektrikoa, aukera izan dezaten bonu sozial delakoa baliatzeko. Ezinbestekoa da pertsona fisikoa izatea, hornidura ohiko etxebizitzarako izatea eta betekizun batzuk betetzea. Bonuak deskontu bat dakar, Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa modalitatearen fakturazioan.

KTBP izateko eskakizunak bete ez arren, bolada batean merkatu libreko kontraturik ez duten kontsumitzaileak

Azken baliabideko tarifagatik dagokien prezioa ordainduko dute:

  • Fakturazioa egin beharreko hornidura-puntuko sarbide-ordainsariak % 20 garestiago.
  • KTBPren gainerako kontzeptuak ere % 20 garestiago ordainduko ditu.

Garestitze horien arrazoia beren egoera erregularizatzeko borondatea da; alegia, merkatu librean dagokion kontratua sinatzea.

Prezio finkoa 12 hilabetez

KTBPren bidez hornidura jasotzeko eskubidea duten bezeroek urtebeterako horniduraren prezio finkoa ezartzen duen eskaintza alternatiboa aukeratu ahalko dute. Horretarako, erreferentziako merkaturatzaile bakoitza eskaintza hau egitera behartuta dago. Eskaintza hori bakarra izango da eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren web orrian argitaratuko da.

Modalitate hau aukeratzen baduzu, kontratua formalizatu ahalko duzu zure erreferentziazko merkaturatzailearekin, urtebeterako. Kontratu horretan, kontratuaren beraren amaierari dagokionez, bi aukeren artean hautatu beharko duzu:

  • Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP).
  • Eskaintza indarrean dagoen eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren web orrian argitaratuta dagoen urteko prezio finkoaren arabera berritzea, kontratua amaitzen den egunaren aurreko fakturaren egunean.

Hautaketa hori aldatzeko aukera izango duzu, kontratua formalizatzen denetik urtebeteko epea amaitu baino lehen. Nolanahi ere, erreferentziako merkaturatzaileak zuri jakinarazpena bidali beharko dizu, kontratua amaitzen den egunaren aurreko fakturan eta, betiere, hilabete lehenago; bertan, amaiera data eta kontratatzeko dauden aukerak agertu beharko dira. Jakinarazpen horretan, berritzeko eskaintzen diren baldintzak jasoko dira, une bakoitzean indarrean dagoen eskaintzaren arabera, eta berariaz jasoko da zuk kontratu berria eskatu ezean, erreferentziako merkaturatzaile berarekin izan edo beste merkaturatzaileren batekin izan, kontratua amaitzen den egunetik aurrera, automatikoki aplikatuko zaizula amaitutako kontratuan aukeratutakoak zehaztutako kontratazio modalitatea.

Urteko prezio finkoaren eskaintzak zigorrak ezar ditzake; zigor horiek aplikatuko dira kontratua amaitzen den eguna baino lehen hutsaltzeko borondatea adierazten baduzu. Nolanahi ere, erreferentziako merkaturatzaileak ezarri ahalko dituen gehieneko zigorrak ezin izango dira izan hornituko den energiaren kontratuan zehaztutako prezioaren % 5etik gorakoak.

Erreferentziako merkaturatzaile guztiek eskaintzen dute 2.0A sarbideko tarifari (ordutegi bereizketa gabea) lotutako prezio finkoaren araberako eskaintza. Ordutegi bereizketa duten tarifei lotutako urteko prezio finkoaren araberako eskaintza nahi baduzu, CNMCren eskaintzen konparatzailean bila dezakezu.

Hornidura merkatu librean kontratatzea

Bezero orok kontrata dezake energia elektrikoaren hornidura erreferentziako merkaturatzailea ez den beste edozein merkaturatzailerekin, alde biek adosten dituzten prezioaren eta baldintzen arabera. Behe tentsioko hornidura eta 10 kW edo gehiagoko potentzia kontratatuta duten bezeroek eta goi tentsioko hornidura duten bezero guztiek merkatu librean soilik kontrata dezakete elektrizitate hornidura.

Merkatu libreko eskaintza ugari dago, merkaturatzaileek aurretik ezarritako baldintzekin. Eskaintza horiek zigor batzuk ezar ditzakete, kontratua amaitu aurretik borondatez hutsaltzea erabakitzen baduzu. Kasu horretan, erreferentziako merkaturatzaileak ezarri ahalko dituen gehieneko zigorrak ezin izango dira izan hornituko den energiaren kontratuan zehaztutako prezioaren % 5etik gorakoak.

15 kW arteko potentzia kontratatuta duten elektrizitate-horniduretan energia elektrikoa neurtzeko oraingo kontagailuen ordez, bestelako neurgailu batzuk ezarri behar dira; zehazki, orduak bereizteko eta telekudeatzeko aukera ematen dutenak. Hau da, etxebizitzara joan gabe, kontagailuak irakurtzeko eta kontratuaren baldintzak aldatu ahal izateko. Kontagailu digitala darabiltenek orduko egiazko kontsumoaren arabera ordainduko dute.

Kontagailuak ordezkatzeko plan bat abian jarri da, kontagailu analogikoen ordez gailu digitalak 2018ko abenduaren 31 baino lehen ipintzeko. Plan horrek honako faseak ditu:

  • 2014 urtearen amaierarako, kontagailu digitalen % 35 instalatu beharko da.
  • 2016rako, % 35 gehiago instalatuko da.
  • 2018 urtearen amaierarako, gainerako % 30a.

Enpresa banatzaileari dagokio kontagailuak ordezkatzeko ardura. Horren berri eman beharko dio kontsumitzaileari, data adierazi, eta gailua erosteko edo alokatzeko aukera eskainiz. Gainera, kontagailua aldatuko duen langileak enpresa arduradunaren izenean doala egiaztatu behar duela.

Neurketa ekipoak alokairuan hartzeko edo erosteko aukera dago.

Etxeetarako, kontagailua alokairuan hartzea gomendatzen da:

  • Hileko kostua nahiko merkea da (0,81 €/hilean, kontagailu digitalen kasuan).
  • Kontagailuaren mantentze lana enpresa banatzailearen ardura da.
  • Enpresa banatzailea da kontagailuaren egoeraren arduraduna: matxuraren bat edo funtzionamenduan akatsen bat egonez gero, banatzailearen erantzukizuna izango da.

Ordukako fakturazioa elektrizitatea fakturatzeko eredu berria bat da, etxeko kontsumitzaileei eta 10 kWh baino gutxiagoko potentzia kontratatua duten ETEei aplikatzen zaiena. Erabiltzaileak ondoko oinarrizko betekizun biak bete behar ditu:

  • Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioa (KTBP) kontratatuta edukitzea erreferentziazko merkaturatzaile batekin.
  • Kontagailu digitala edo adimenduna izatea urruneko kudeaketako sisteman integratuta.

Fakturazio sistema berriak energiaren kostuan (ordainagiriaren %37 batez beste) baino ez du eragina. 2015eko uztailaren 1ean jarri zen indarrean, baina merkaturatze eta banatze enpresek hiru hilabeteko egokitzapen aldia izan zuten hura aplikatzeko, alegia, urriaren 1era arte.

Fakturazio modu berri horrekin, kontsumitzaileek kWh-ren prezio desberdina ordaintzen dute, merkatuaren eta gastua egiten den orduaren arabera, beraz, ordu bakoitzeko, ordu horren prezioaren (24 prezio eguneko) arabera eta kontsumitzen den kantitatearen arabera ordaintzen da.

Nola aurreztu? 

Egunero, 20.30etik egongo da eskuragarri Elektrizitate Sarearen webgunean hurrengo eguneko prezioen inguruko informazioa eta elektrizitatearen handizkako merkatuaren kotizazioaren emaitza izango da, hau da, pool izenekoa. Orokorrean, elektrizitatearen prezioak merkeagoak dira goizaldean eta asteburuetan. Kontsumitzailea aktiboagoa izan daiteke elektrizitate fakturaren kostua gutxitzeko garaian, baldin eta ordu merkeenetan kontsumitzeko gai bada.

Etxean kontsumitzen denari dagokionez, %55 dagokie etxetresna elektrikoei. Gehien gastatzen duten etxetresna elektrikoak hozkailuak (% 31), telebistak (% 12) eta garbigailuak (% 11,8) dira. Energia kontsumoari buruzko informazio gehiago lor dezakezu eta aholku erraz batzuk jarraitu.

Gobernuak elektrizitate fakturaren eredua zehaztu du, bezeroak ulertzen dituela bermatzeko. Energia Politiken eta Meategien Zuzendaritza Nagusiaren 2014ko maiatzaren 23ko Ebazpenak elektrizitate fakturek gutxienez jaso behar duten edukia ezartzen du. Eredu hori derrigorrezkoa da Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioari (KTBP) heltzen dioten bezeroak hornitzen dituzten erreferentziako merkaturatzaileentzat (bizi duten egoera ahula dela eta, gizarte bonuaren onuradun diren bezeroak barne, bai eta KTBP-ari heltzeko eskubiderik eduki ez eta merkaturatzaileren batekin merkatu librean aldi batez hornidura kontraturik ez duten bezeroak ere).

Fakturetan kontsumoei eta kostuei buruzko informazioa argi eman behar da; horrela, eskaintzak erkatu ahalko dira eta horniduraren kostua, prezioak, tarifak eta hasierako baldintza orokorrak eta elektrizitate zerbitzuen erabilera ezagutu ahalko dira.

Erreferentziako merkaturatzaileek dauden kontratazio aukera guztiei buruzko informazioa eman beharko diete kontsumitzaile txikientzako borondatezko prezioak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten kontsumitzaileei, faktura guztietan. Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (OAEAP) jasotzen duten kontsumitzaileei ere, informazioa eman beharko diete orduaren araberako diskriminazio ereduaren sarbide bidesarietara aldaketa eginez lortuko luketen aurrezpenari buruz eta, horretarako, modalitate bakoitzeko benetako fakturazio simulazioak bidaliko dizkiete.

Nolanahi ere, fakturak, behintzat, kontzepu hauek jaso beharko ditu:

  • Hornidura kontratuaren zk.
  • Kontratuaren amaiera data.
  • Hornidura puntuaren identifikazioa, HPKUren bidez (Hornidura Puntuaren Kode Unibertsala); bakarra eta aldaezina hornidura puntu bakoitzerako.
  • Fakturazio epea, zerbitzua emateko epeari dagokiona.
  • Kontratatutako potentzia, kW-tan.
  • Sarbideko tarifa, kontratatutako potentziaren eta ordutegi bereizketaren arabera.
  • Kontsumitutako energia, kWh-tan adierazita, fakturazio epean.
  • Fakturatutako potentzia, kontratutako potentziari fakturatutako egun kopurua eta kW-ren prezioa elkarren artean biderkatzean lortutako emaitza.
  • Fakturatutako energia, fakturazio epean kontsumoa eta energiaren prezioa elkarren artean biderkatzean lortutako emaitza.
  • Elektrizitatearen gaineko zerga, kontsumoari eta potentziari aplikatzekoa (% 5,1127, fakturazio oinarriak 1,05113ra igotzearen eta % 4,864ko tasa aplikatzearen emaitza).
  • Neurketa ekipoen alokairu kostua (bezeroa horien jabe ez bada).
  • Elektrizitatearen gainean aplikatzekoa den BEZa (% 21).

Fakturazio-aldia

Faktura 2 hilean behingoa da 15 kW arteko potentzia kontratatu duten kontsumitzaileentzat, erabiltzaileak besterik esan ezean, 1718/2012 Errege Dekretuaren arabera, eta egiazko irakurketen araberakoa izango da.

Fakturazio mota berriak zenbait salbuespen ditu:

  • Etxebizitzak teleneurketa egin dezaketen kontagailu digitalak baditu, fakturazioa hilean behin egingo da, eta hileroko irakurketa errealetan oinarrituko da.
  • Kontagailu mota gorabehera, posible da hilean behingo fakturazioa egitea, kontsumitzaileak berariaz onartzen badu. Hilean behin fakturatzeko aukerak ez du aldatzen kontsumoaren irakurketaren aldizkakotasuna; izan ere, 2 hilean behingoa izango da, kontagailua analogikoa bada. Irakurketa errealik gabeko txandakako hiletan, fakturazioaren estimazioa egingo da
  • Kontsumitzaileek beste fakturazio mota bat adostu badute merkaturatzailearekin (tarifa finkoa).
  • Irakurketak egiten dituen enpresak ezin badu etxebizitzako kontagailua irakurri, eta kontsumitzaileak ez badu horren irakurketarik eman 2 hileko epean, aipatu enpresak kontsumoaren estimazioa egin ahal izango du.

Faktura ordaintzea

Baldin eta Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioari (KTBP) lotutako kontratu bat baduzu edo pertsona fisikoa bazara eta merkatu libreko eskaintzan 10 kW edo gutxiagoko potentzia baduzu kontratatuta zure ohiko etxebizitzarako, 20 egun naturaleko epea izango duzu faktura ordaintzeko, faktura igortzen denetik edo, merkatu libreko kontratuen kasuan, konpainiarekin adostu zenuenetik aurrera.

Ordaintzeko azken eguna larunbata edo jaieguna bada, hurrengo lanegunera arte luzatuko da epea.

Ordainketa egin daiteke:

  • Banku helbideratze bidez: ezingo da faktura kargatu bidali eta 7 egun natural igaro baino lehen.
  • Enpresa hornitzailearen bulegoetan edo horrek eskuordetzen duenaren bulegoan.
  • Adierazitako kontu korrontean.
  • Sistema horiek erabiltzeko zailtasunak dauden eremu geografikoetarako, faktura posta igorpenez edo antzeko bide batez ordain daiteke.

Baldin eta Kontsumitzaile Txikiarentzako Borondatezko Prezioari (KTBP) lotutako kontratu bat baduzu edo pertsona fisikoa bazara eta merkatu libreko eskaintzan 10 kW edo gutxiagoko potentzia baduzu kontratatuta zure ohiko etxebizitzarako, prozesu honi jarraitu beharko zaio hornidura eteteko:

1.a) Ordaintzeko epea amaitu izanaren berri eman:

Adierazitako epean ordaintzen ez baduzu, merkataritza-enpresak idazki bat bidali beharko dizu ordaindu ez duzula jakinarazteko. Gehienez bi hilabeteko epean bidali beharko dizu idazki hori, faktura igorri zen egunetik edo zordunketa atzera bota zenuenetik aurrera. Eredu honen arabera egin beharko dizu jakinarazpena, hornidura-kontratuan ezarritako helbidean zuk edo zure ordezkariak idazkia jaso duzuela ziur jakiteko aukera ematen duen eta data eta edukia jasota uzten dituen edozein bitarteko erabiliz. Ez badizu horrela jakinarazten, arau-hauste astuna egingo du enpresak.

2.a) Ordainketaren errekerimendu fede-emailea:

  • Merkataritza-enpresak zure hornidura etetea erabakitzen badu, nahitaez bidali beharko dizu errekerimendu bat (faktura ordaindu ez duzula jakinarazteko idazkiaren ondoren edo, zuzenean, idazki horren ordez), eredu honen antzekoa, eskatzeko faktura ordain dezazula. Era berean, data eta edukia jasota uzteko moduko eta hornidura-kontratuan ezarritako helbidean zuk edo zure ordezkariak idazkia jaso duzuela ziur jakiteko aukera ematen duen edozein bitarteko erabiliz ere igorri beharko dizu. Posta ziurtatu bidez, burofax bidez edo sinadura elektronikoa erabiltzea eskatzen duten bitarteko telematikoen bidez egindako bidalketak hartuko dira bidalketa irmo edo frogagarritzat.
  • Enpresak ezin badizu behar bezala jakinarazi ordaintzeko errekerimendua, beste errekerimendu bat bidali beharko dizu, eduki berarekin, lehenengotik zazpi egun baliodun igaro ostean (hau da, larunbat, igande eta jaiegunak kontuan hartu gabe). Oraingoan, beste bide batzuk erabili ahal izango ditu jakinarazpena egiteko.
  • Enpresak bigarrenez ere ezin badizu jakinarazi errekerimendua, jakinarazpen-saiakera bi horien inguruabarrak zehaztu beharko ditu, eta izapideak egin direla ondorioztatuko da.

Merkataritza-enpresak, bitarteko elektronikoak erabiliz, ordaintzeko lehenengo errekerimendua jakinarazi zaien eta bigarren errekerimenduak emaitzarik izan ez duten hornidura-puntuen zerrenda bat bidali behar die autonomia-erkidego bakoitzean eskumena duten organoei, eredu honen arabera. Era berean, argia zein egunetik aurrera eten ahal izango zaien ere aipatu beharko da zerrenda horretan. Eragindako etxebizitzen zerrenda astean behin eguneratu beharko da gutxienez, zorra ordaindu dutenen etxebizitzak kentzeko.

3.a) Errekerimendu irmo edo frogagarria egin, eteteko eguna zehaztuz:

Hornidura eteteko prozedura hasteko ezarritako epea amaitu baino hamabost egun baliodun lehenago, merkataritza-enpresak berriro egin beharko dizu ordainketaren errekerimendu fede-emailea, eredu honen antzekoa izango den idazkia erabiliz. Oraingoan, hornidura zein egun zehatzetik aurrera eten ahal izango zaizun adierazi beharko du.

Enpresak ezin du jaiegun bat ipini hornidura eteteko eguna izateko, ezta enpresak arreta komertziala eta/edo teknikoa ematen ez duen egun bat ere, ezta egun horietako baten bezpera ere.

Merkataritza-enpresak aukera izango du zure hornidura eteteko eskatzeko banatzaileari eta, hala badagokio, zure kontratua hutsaltzeko, baldin eta epe hauek igaro badira:

  • Bi hilabete enpresak jakin duenetik lehenengo errekerimendua jakinarazi egin dela edo jakinarazpenak emaitzarik izan ez duela.
  • Lau hilabete kontsumitzaile kaltebera bazara eta gizarte-bonoa baduzu, baina ez bazara kaltebera larria.

Baztertuta egoteko arriskuan dagoen pertsona kaltebera larria bazara, hau da, autonomiako edo tokiko gizarte zerbitzuen laguntza jasotzen baduzu eta fakturaren zenbatekoaren gutxienez % 50 administrazioak ordaintzen badu, gizarte-bonoagatiko deskontua aplikatu baino lehen, ezin izango zaizu hornidura eten baldin eta ordainketa egiaztatzen baduzu erreferentziazko merkataritza-enpresaren aurrean, bidezko ziurtagiria aurkeztuz bost hilabeteko epean, faktura igortzen denetik aurrera.

Nahiz eta elektrizitate faktura ez ordaindu, gizarte bono elektrikoaren familia onuradunei ezin izango zaie hornidura eten, kasu hauetan: 16 urteko adingabe bat bizi bada etxebizitzan, edo II edo III graduko mendekotasun-egoera aitortua duen kideren bat edo %33ko minusbaliotasun-maila edo handiago aitortua duen kideren bat dagoenean.

Ez ordaintzeagatik etendako hornidura berriro konektatzea

Ez ordaintzeagatik eten badizute hornidura, zorretan zeneukan zenbatekoa, sortutako interesak eta berriro konektatzeko baimendutako zenbatekoa ordaindu eta, gehienez, biharamunean eman behar dizute berriro hornidura. Berriro konektatzearen prezioa, eten izana justifikatuta badago, indarrean dauden konektatze-eskubideen bikoitza izango da, beste gastu batzuk konpentsatzeko.

Hornidura eteteko beste arrazoi batzuk

  • Kontsumitzaile baten eta merkataritza-enpresa baten arteko kontratu bat aldez aurretik hutsaltzen denean: Amaitzeko eguna baino lehen hutsaltzen bada, enpresak eskubidea du hornidura eteteko eskatzeko banatzaileari. Horretarako, modu frogagarrian jakinarazi beharko dizu. Hala egiten ez badu, banatzaileak ez du bere gain hartuko kontsumitzaileari emandako energiaren kostua. Banatzaileak behin betiko etengo du hornidura baldin eta, jakinarazpen hori egin eta bost egun balioduneko epea igaro ostean, merkataritza-enpresak ez badu kontrakoa adierazten, edo kontsumitzaileak ez badu egiaztatzen beste kontratu bat harpidetu duela beste merkataritza-enpresa batekin.
  • Zuzeneko konexioa egin denean aurretiaz kontratua egin gabe.
  • Deribazioak ezarri direnean kontratuan aurreikusita ez dagoen instalazio batera hornitzeko energia.
  • Neurtzeko edo kontrolatzeko ekipoa manipulatu denean edo behar bezala ibiltzea eragozten denean.
  • Instalazio arriskutsuak direnean.

Araudiak kontsumitzaileak babesten ditu hornidura elektrikoaren gutxieneko kalitatea betetzen ez denean. Kalte-ordainketarako eskubidea dago baldin eta horniduraren etendura konpainiak aurretik abisatutako lanengatik edo ezinbesteko arrazoiengatik gertatu ez bada.

Zerbitzuaren kalitatea hautsi eta hurrengo urtearen lehen hiruhilekoan, enpresa hornitzaileek araututako deskontuak aplikatu behar dituzte kontsumitzaileen fakturetan, 1955/2000 Errege Dekretuaren arabera. Deskontuak ezin dira urteko fakturazioaren %10 baino altuagoak izan.

Ez-betetze motaren arabera, hurrengo deskontuetako bat aplikatuko da:

  • Ez-betetzea etendura-ordu kopuruagatik gertatu bada, deskontua honela kalkulatzen da: kontratatutako potentzia bider zerbitzua eten den ordu kopuruaren eta legeak ezarritako gehienezko etendura ordu kopuruen arteko diferentzia.
  • Ez-betetzea zerbitzuaren etendura kopuruagatik gertatu bada, deskontua honela kalkulatzen da: kontratatutako potentzia bider etendura-ordu kopurua (ordu horiek kontratatutako tarifan kWh-k duen prezioan baloratuko dira), bider zerbitzua eten den kopuruaren eta legeak ezarritako gehienezko etendura kopuruaren arteko diferentzia.

Ez-betetze biak gertatzen direnean, kontsumitzailearentzat onuragarriagoa den deskontua aplikatuko da.

Legeak hornidura elektrikoaren etendurak direla eta sortutako kalteak konpainiei erreklamatzeko aukera aurreikusten du. Adibidez, itzalaldi baten ondorioz, etxetresna elektriko bat hondatzen bada edo elikagaiak galtzen baditugu, erreklamazio bat aurkeztu dezakegu konpainia elektrikoan. Hobe da erreklamazioa idatziz aurkeztea, gertatutakoaren xehetasun guztiekin, eta kalteak frogatzen dituzten dokumentu guztiak erantsiz.

Hartune-eskubidea, lotura-eskubideak eta instalazioen egiaztapena enpresa banaitzaleak egiten ditu. Tarifak ministroaren agindu batean araututa daude.

Hartune-eskubidea enpresa banatzaileari ordaindu behar zaizun kontraprestazioa da, hornidura berri bat emateko edo aurrez dagoen beste hornidura baten potentzia handitzeko egin behar diren jarduketengatik. Hornidura berri bat ezarri edo aurreko hornidura baten potentzia handitu behar duen enpresa banatzaileak beharrezko diren azpiegitura elektrikoak ezarri beharko ditu, betiere hornidura hori orubetzat sailkatutako hiri-lurzoruan dagoenean eta behe-tentsioko (50 kW-ko gehieneko potentzia) edo goi-tentsioko (250 kW-ko gehieneko potentzia) hornidurak direnean. Hartune-eskubidearen barne, kontzeptu hauek sar daitezke:

  • Hedapen-eskubideak: banaketa-sarearen eta eskatzailearen jabetzako lehen elementuaren artean behar diren azpiegitura elektrikoengatik.
  • Sarbide-eskubideak: sarean sartzeagatik.

Hornidura-kontratua desegiten baduzu, hartune-eskubideak (hedapen-eskubidea nahiz sarbide-eskubidea) indarrean egongo dira, ordaindu ziren instalaziorako eta/edo hornidurarako, 3 urtean, behe-tentsiokoetan, eta 5 urtean, goi-tentsiokoetan. Potentzia handitzean, aparteko alta eman beharko da, eta eskatutako potentzia-handitzeari dagozkion hedapen- eta sarbide-eskubideak sortuko dira. Hedapenerako beste obra batzuk egin beharko balira, hornidura berri baterako aurreikusitako tratamendua emango zaio.

Lotura-eskubideak: enpresa banatzaileak jaso ditzakeen ordain ekonomikoak dira, enpresa banatzaile horren sarera instalazio hartzailea elektrikoki lotzeagatik.

Instalazioen egiaztapena: instalazioek araututako baldintza teknikoak eta segurtasun-baldintzak betetzen dituztela aztertzea eta egiaztatzea.

Neurketa- eta kontrol-ekipamenduetan egiten diren jarduketak: ekipamenduen konexioak eta zigilatzeak, bai eta banatzaileek ekipamenduetan egiten dituzten bestelako jarduketak ere, kontsumitzaileak hala erabaki duelako.

Kontratatutako zerbitzuarekin lotutako edozein gertakari izanez gero, jo enpresa merkaturatzailearen kexen, erreklamazioen, informazio-eskaeren eta komunikazioen zerbitzura. Enpresa bakoitzak kontsumitzailearen esku jarri beharko ditu dagozkion harremanetarako datuak:

Zure erreklamazioari edo kexuari emandako erantzunak ez bazaitu asetzen, edo hilabeteko epean ez baduzu erantzunik jaso, erreklamazio bat aurkez dezakezu:

  • Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan. Erakunde autonomoak du erreklamazioaren eskumena, erreklamazioak fakturei, kontratuei, eskaintzak ez betetzeari, bezeroaren arretari eta abarri buruzkoa badira. Oro har, energiaren salmentarekin eta merkaturatzearekin zerikusia duten erreklamazio guztiez arduratzen da. Irakurri erreklamazioa nola jarri.
  • Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailan. Sail horrek du eskumena, horniduraren kalitateari eta erregulartasunari, potentziaren kontrolari eta neurriari, kontsumoa neurtzeko gailuen (irakurketak, neurketa-ekipoak, etab.) neurriari eta segurtasunari buruzko erreklamazioei dagokienez.
  • Kontuz aritu eta arinegi ez ibili.
  • Merkaturatzaileen eskaintzak bilatu eta alderatu. Potentzia kontratatuari erreparatu: behar baino potentzia handiagoa kontratatzea garestia atera daiteke. Etorkizuneko baldintzei buruz galdetu: lehen urteko beherapen handiei jaramon gehiegi ez egin.
  • Ez erreparatu eskainitako prezioari soilik; bezeroaren arretari, fakturazio-aldiari eta beste zenbait gauzari buruzko informazioa lortu.
  • Kontratu idatziaren kopia bat eskatu beti eta eduki osoa arretaz irakurri.
  • Telefono edo Internet bidez kontratatuz gero, idatzizko kopia bat eta baliogabetze-agiria eskatu, atzera egiteko eskubidea baliatzeko. Egiten baduzu, kontratua arazorik gabe bertan behera utzi ahal izateko, inolako kosturik gabe eta arrazoia emateko beharrik gabe.
  • Enpresaz aldatzeko eskaintza bat jasoz gero,  ez eman bankuko daturik eta ez sinatu ezer, aldaketa hori egin nahi duzula ziur jakin ezean.
  • Ahal izanez gero, kontsumoko arbitrajeari atxikitako enpresa bat aukeratu, berme gehiago eskaintzen dituelako.
  • Erreklamazio bat egin nahi izanez gero, hobeto da idatziz egitea, erreklamazio-edukiaren terminoak behar bezala jasota geratzeko.
  • Gorde aurkeztutako idazkien kopia, bai eta enpresak bidalitakoen, fakturen, aurrekontuen, publizitate-eskaintzen eta abarren kopiak ere. Erreklamazio bat aurkezten baduzu, zure eskaera defendatzeko lagungarriak izango dira.
  • Faktura arretaz berrikusi eta konparatu aurrekoekin. Bertan, izandako kontsumoa adierazten da, bai eta honako kontzeptu hauek ere: ekipamenduen alokairua, bidesariak, banaketa, elektrizitate-zergak eta BEZ (% 21). Kontzeptuon zenbatekoa faktura osoaren % 50 gainditzera iritsi daiteke.
  • Faktura iristen ez bada, eskatu merkaturatzaileari (paperean edo digitala).
  • Egiaztatu kontagailuaren irakurketak zuzenak direla. Kontagailua etxebizitzaren barruan badago eta, irakurketa egin behar den egunean inor ez badago etxean, eman kontsumo errealaren datuak bi hilabete igaro baino lehen.
  • Fakturaziori lotutako edozer zalantza izanez gero, edo fakturak akatsik izanez gero, jarri harremanetan merkaturatzailrekin

Azken aldaketako data: