Kontsumobide

Zoru-klausulak

Zoru-klausulak eskatzeko
erreklamazio-eredua
Inprimakia jaistea

Zoru-klausulak tasa aldakorreko hipoteka-maileguetan jartzen diren klausula batzuk dira, gutxieneko interes-tasa finko bat ezartzen dutenak, bezeroak interes-tasen jaitsieraren onurarik izan ez dezan, gutxieneko portzentaje horretatik behera jaitsiko balira ere.

Klausula horiek hipoteketan sartzea legezkoa izan daiteke, baldin eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko araudian ezarritako gardentasunaren eta informazioaren baldintza guztiak betetzen badituzte. Betekizun horiek urratuz gero, abusuzkotzat jo daitezke, eta, ondorioz, deuseztzat. Deuseztasunak esan nahi du indarrik gabe uzten direla, hau da, inoiz existitu izan ez balira bezala jokatuko dela, eta, hala badagokio, kontzeptu hori dela-eta jasotako zenbatekoak itzultzera behar dezake.

Auzitegi Gorenak241/2013 Epaian, abusuzkotzat eta deuseztzat jo zituen kreditu-entitate zenbaiten hipoteketan ezarritako zoru-klausulak, baina ebazpen judiziala eman zenetik aurrerako dirua bakarrik itzultzera behartzen zuen. Europar Batasunaren Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 21eko epaiak, ordea, atzera bota du denbora-muga hori eta aurreko zenbatekoak itzultzera behartzen du. Gobernuak, demanda judizial mordoa egon daitekeela-eta, epaiketaz kanpoko erreklamaziorako prozedura bat arautu behar izan du, epaitegiak kolapsatzea saihesteko eta azkar eta doan ebazten laguntzeko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek itzulitako diruaren tratamendu fiskala arautu dituzte.

Auzitegi Gorenaren 2013ko maiatzaren 9ko 241/2013 Epaiak abusuzkotzat eta deuseztzat jo zituen kreditu-entitate batzuen hipoteken baldintza orokorretan sartutako zoru-klausulak, eta klausula horiek kontratuetatik kentzera eta gehiegi ordaindutako zenbatekoak itzultzera behartu zituen entitate horiek.

Ebazpenaren arabera, zoru-klausulak abusuzkoak dira kontsumitzaile eta erabiltzaileek sinatutako kontratuetan gardentasunik ez badago. Zehazki, kasu hauetan:

  1. Behar bezain argi informatzen ez bada kontratuaren objektu nagusia definitzen duen elementu bat dela.
  2. Sabai-klausulekin batera txertatzen badira, itxura batera haien kontraprestazio gisa.
  3. Kontratatzeko unean, simulaziorik egin ez bada interes-tasen portaeraren inguruan aurreikus litezkeen egoera desberdinak irudikatzeko.
  4. Aldez aurretik modu argi eta ulergarrian informatu ez bada entitate berak izan ditzakeen beste mailegu-modalitateekikiko kostu konparatiboari buruz, edo ohartarazi ez bada bezero-profil zehatz horri ez zaizkiola modalitate horiek eskaintzen.
  5. Beste datu mordo batekin batera ageri badira; izan ere, estalita geldituko dira, eta kontsumitzaileen arreta gutxituko da.

Auzitegi Gorenaren 241/2013 Epaiak finantza-entitateak behartzen ditu kontsumitzaile eta erabiltzaileei itzultzera zoru-klausulak aplikatzerakoan gehiegi ordaindutako zenbatekoak. Nolanahi ere, denbora-muga bat ezartzen du: ebazpen judizial horren egunetik aurrerako ordainketak bakarrik itzuli behar dituzte, hau da, 2013ko maiatzaren 9tik aurrera egindakoak.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2016ko abenduaren 21eko epaiak zuzendu egiten du Auzitegi Gorenaren planteamendua. EBJAren iritziz, denbora-muga hori "ez da bateragarria Batasunaren Zuzenbidearekin; izan ere, mugatua da kontsumitzaileei bermatzen zaien babesa".

Erabaki horrek bankuak eta kutxak behartzen ditu diru guztia itzultzera: bai 2013ko maiatzaren aurretik jasotakoa, bai ondoren jasotakoa.

Gobernuak epaiketaz kanpoko erreklamazioetarako prozedura bat arautu du, kontsumitzaileek eta erabiltzaileek epaitegietara jo beharrik izan gabe aukera izan dezaten euren entitateei eskatzeko zor dizkieten zenbatekoak itzultzeko. Horretarako:

  • Kreditu-erakundeek sistema bat ezarri behar dute kaltetuek erreklamazioak auzitara jo aurretik aurkeztu ahal izan ditzaten. Dekretu-legea indarrean sartzen denetik hilabeteko epea edukiko dute araudira egokitu ahal izateko, hots, 2017ko otsailaren 21a arte. 
  • Gai honen ardura hartuko duen sail edo zerbitzu espezializatu bat izan behar dute.
  • Euren web orrian eta dauzkaten bulego guztietan, informazio hau eman behar dute:
    • Sail edo zerbitzu espezializatua, posta-helbidearekin eta helbide elektronikoarekin.
    • Erreklamazioak hiru hilabeteko epean ebazteko daukaten obligazioa.
    • Gardentasunari eta finantza-zerbitzuen bezeroak babesteari buruzko araudia.
    • Prozedura, funtzionamenduaren deskribapen batekin.
  • Banketxe eta kutxek beren hipoteketan zoru-klausulak izan zituzten bezero guztiei eman behar diete sistemaren berri.
  • Aditzera eman behar dute itzulketek zerga-obligazioak sor ditzaketela.

Gobernuak zoru-klausulei buruzko erreklamazioen jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egiteko organo bat sor dezake, erakundeek araudia betetzen dutela egiaztatzeko. Kontsumitzaileen eta abokatutzaren ordezkariek osatuko dute, eta sei hilabetez behin bere jarduerari buruzko txostena egin beharko du.

Kontsumitzaile eta erabiltzaile moduan hipoteka bat kontratatu baduzu eta abusuzko zoru-klausula bat aplikatu badizute, zure entitateari eska diezaiokezu zor dizkizun zenbatekoak itzultzeko. Prozedura doakoa eta borondatezkoa da, eta, nahi izanez gero, auzitara jo ahal izango duzu zuzenean.

Nola funtzionatzen du?

Erreklamazioa aurkeztu ondoren, erakundeak eskaera aztertuko du eta erabakiko du:

  • Dirua itzultzea ez dela bidezkoa. Erakundeak ezezkoa emateko arrazoiak adierazi beharko dizkizu, eta auzitara jo beharrik gabeko prozedura itxitzat emango da.
  • Dirua itzultzea bidezkoa dela. Kasu horretan, kalkulu bat egingo du eta zenbat diru egokitzen zaizun jakinaraziko dizu. Interesen zenbatekoa aparte jarriko da, xehatuta.

Proposamena jasotzen duzunean, ados zauden adierazi beharko duzu:

  • Kalkuluarekin ados bazaude, dirua itzultzea erabakiko duzue. Aldeek bestelako konpentsazio-neurri bat adosteko aukera ere ematen du arauak, eta erakundearen balorazioarekin batera aurkeztuko da. Kasu horretan, 15 egun izango dituzu proposamena onartzeko. Onartzen baduzu, eskuz idatzitako beste dokumentu batean adieraziko duzu, eta 15 eguneko hausnarketa-epea bete dela jasoko da bertan. 
  • Kalkuluarekin ados ez bazaude, auzitara jo gabeko prozedura amaitutzat emango da eta auzi-eskea aurkeztu ahal izango duzu. Epaia zure aldekoa izaten bada, epaileak kostuak ordainaraziko dizkio finantza-erakundeari.

Zenbat denbora dute erakundeek erreklamazioei erantzuteko?

Erakundeek hiru hilabete izango dituzte erreklamazioa aurkezten denetik aurrera akordio batera iristeko. Epe hori amaitzean ez baduzu erakundearen aldetik inolako erantzunik jaso edo ez baduzu eskainitako dirua kobratu, amaitutzat eman ahal izango du auzitara jo beharrik gabeko bidea eta, hala badagokio, auzi-eskea aurkeztu ahal izango duzu.

Noiz aurkeztu ahal dut erreklamazioa?

Dekretu-legea indarrean sartzen denetik, hau da, 2017ko urtarrilaren 21etik aurrera aurkeztu ahal izango duzu, nahiz eta erakundeek hilabeteko epea duten araudira egokitu ahal izateko (otsailaren 21a arte). Kasu horretan, banketxeek eta kutxek behar besteko baliabideak dituztenetik aurrera hasiko da erantzuteko hiru hilabeteko epea.  Noiz hasiko da?

Zer gertatuko da abian dauden epaiketekin?

Zoru-klausuletako dirua itzultzea eskatuz auzi-eskea aurkeztu baduzu, finantza-erakundeekin adostu ahal izango duzu epaiketa bertan behera uztea beste prozedura honi heldu ahal izateko.

Abusuzko zoru-klausulen eraginpean bazaude, epaitegietara ere jo dezakezu dirua erreklamatzeko. Demanda bat aurkezten baduzu, badira arau batzuk, zehazten dutenak nork ordaindu behar dituen epaiketa-kostuak, hau da, nork ordaindu behar dituen bai zure, bai finantza-entitatearen abokatuaren eta prokuradorearen zerbitzu-sariak eta epaiketaren ondoriozko beste gastu batzuk. Kasu bakoitza berezia da, baina badira arau orokor batzuk, aplikatu behar direnak kontuan izanik epaitegietara zuzenean jo den ala epaiketaz kanpoko prozeduran akordio bat lortzen saiatu ondoren.

Zuzenean, aurrez entitatearekin akordio bat lortzen saiatu gabe, epaiketaz kanpoko prozeduraren bidez. Kasu horretan:

  • Entitateak amore ematen badu, hau da, eskatzen duzun guztia ematen badizu zure demandaren erantzuna aurkeztu aurretik, eskatutako zenbatekoa lortuko duzu, baina zuk ordainduko dituzu zure abokatuaren eta prokuradorearen gastuak.
  • Entitateak partzialki ematen badu amore erantzun aurretik, hau da, eskatzen duzunaren zati bat ematea onartzen badu eta Epaitegian zenbateko hori sartzen badu, bi egoera gerta daitezke:
    • Epaiketarekin aurrera jarraitzen baduzu eta zenbateko handiago bat lortzen baduzu, epaileak entitatea zigortuko du zure abokatuaren eta prokuradorearen zerbitzu-sariak eta epaiketan sortutako gastuak ordaintzera.
    • Eskaini zitzaizun zenbateko berbera edo txikiagoa lortzen baduzu, zuk ordaindu beharko dituzu, gutxienez, zure abokatua eta prokuradorea.
  • Epaiketak aurrera egiten badu epaia eman arte, epaileak Prozedura Zibilari buruzko Legean kostuak ordaintzeko kondenari buruz ezarritako arauak aplikatuko ditu:
    • Eskatutako ezer ez lortzeagatik epaiketa galtzen duenak, hau da, erabateko gaitzespena jasotzen duenak, gastu guztiak ordaindu beharko ditu, entitatearen abokatu eta prokuradorearenak barne, betiere, epaileak adierazten ez badu kasu zehatz horrek zalantza handiak sortzen zituela.
    • Epaiak eskaeren zati bat onartzen badu eta bestea gaitzesten badu, alderdi bakoitzak bere gastuak ordainduko ditu (abokatua, prokuradorea,...) eta gastu komunak, epaiketaren ondorioz sortutakoak, erdi bana ordainduko dira, betiere, epaileak adierazten ez badu alderdietako batek ausarkeriaz jokatu duela.

Epaiketaz kanpoko prozeduraren bidez akordio bat lortzen saiatu ondoren. Bide hori akordiorik gabe amaitu dela ulertuko da:

  • Entitateak berariaz baztertzen badu zure eskaera.
  • Erreklamazioa aurkeztu zenuenetik hiru hilabete igaro badira, eta ez baduzu erantzunik jaso.
  • Kalkulatu den zenbatekoarekin ados ez bazaude edo ez baduzu onartzen bankuak edo kutxak eskaintzen dizun zenbatekoa.
  • Hiru hilabete igaro badira, eta ez badizute eman hitzartutako zenbatekoa.

Kasu horietan, Epaitegira jo dezakezu. Epaitegira jotzen baduzu zenbatekoarekin ados ez zaudelako edo ez duzulako onartzen eskainitako diru-itzulketa:

  • Epaitegiak bankuak eskainitakoa baino handiagoa den zenbatekoa aitortzen badizu, entitateak prozesuko gastu guztiak ordaindu beharko ditu, zure abokatuaren eta prokuradorearen zerbitzu-sariak barne.
  • Zenbateko berbera edo txikiagoa aitortzen bazaizu, teorian, zure abokatuaren eta prokuradorearen gastuak eta gastu komunen erdiak ordaindu beharko dituzu, gutxienez.
  • Gainerako kasuetan, Prozedura Zibilari buruzko Legean kostuen ordainketari buruz ezarritakoa aplikatuko da.

Araudia

Epaiak

Erreklamazioa egiteko eredua

Azken aldaketako data: