Kontsumobide

Pobrezia energetikoa: pertsona kalteberentzako neurriak

Energiarako sarbidea eta hornidura ematen duten zerbitzuez baliatzea ezinbestekoa da bizitza duin bat izateko, hots, oinarrizko beharrak aseta izateko. Baina tarifak etengabe igotzen ari dira, eta horren ondorioz, gero eta kontsumitzaile gehiago dira pobrezia energetikoa nozitzeko arriskuan daudenak.

Kontzeptu horren bidez, batez ere, honako hauek bizi duten egoera definitzen da: diru-sarrera urriak izanik, daukaten diruaren zati handi bat elektrizitate eta gasaren fakturak ordaintzeko erabili behar dutenak edo bazterketa nozitzeko arriskuan daudenak, euren egoera ekonomikoa, soziala edo lanekoa dela-eta. Beste egoera batzuetara ere zabaltzen da: etxebizitzak efizientzia energetikoaren aldetik baldintza objektibo kaskarrak izatea edo baliabide energetikoen prezioa handia izatea.

Eremu energetikoan kalteberak diren pertsonentzat, badira neurri batzuk, euren egoera arintzeko ezarri direnak, oraindik ez baita onartu euren eskubideak bermatuko dituen araudi espezifikorik. Neurri horietako bat da, hain zuzen ere, gizarte-bonoa eskatzea. Beherapen bat da eta ohiko etxebizitzako elektrizitatearen fakturari buruzko araudian ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei aplikatzen zaie.

Araudiaren arabera, hiru profilek eska dezakete bonoa, beren ezaugarri eta beharrizanen arabera:

  1. Pertsona kontsumitzaile kaltebera: pertsona fisiko oro, baldin eta bere ohiko etxebizitzarako hornidura-kontratuan 10 kW-ko potentzia edo baxuagoa badauka, Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioaren (KTBP) tarifa ordaintzen badu, eta honako baldintzaren bat betetzen badu:
    1. Urteko errenta Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoaren (OAEAP) parekoa edo baxuagoa izatea, eragiketa hau eginda: 14 ordainsari bider 1’5, familia-unitatean adingaberik ez badago; bider 2, adingabe bat bizi bada; edo bider 2’5, bi adingabe bizi badira. OAEAPen koefiziente biderkatzailea 0,5 areagotu daiteke, baldin eta familia-unitateko pertsonaren batek honako izaera badauka:
      • % 33ko minusbaliotasun-maila edo handiagoa dauka aitortuta.
      • Terrorismoaren biktima da.
      • Edo genero-indarkeriaren biktima aitortua izan da.
    2. Familia ugarien titulua edukitzea.
    3. Familia-unitateko kideak Gizarte Segurantzan erretiroaren edo ezintasun iraunkorraren zioz pentsiodunak direla eta beren pentsio-motarako ezarritako gutxieneko zenbatekoak soilik kobratzen dituztela egiaztatzea.
  2. Pertsona kontsumitzaile kaltebera larria: Pertsona kontsumitzaile kalteberaren diru-sarrerak honako hauek badira:
    • Pertsona kalteberentzat ezarritako zenbatekoaren % 50 baino baxuagoak errentako.
    • 14 ordainsariren OAEAP baino baxuagoak.
    • 14 ordainsariren OAEAPen bikoitza baino baxuagoak, familia ugarien kasuan eta pentsiodunentzat erretiroaren edo ezintasun iraunkorraren zioz ezarritako gutxieneko zenbatekoa jasotzen duten pertsonen kasuan.
  3. Gizartean baztertuta egoteko arriskuan dagoen pertsona kontsumitzailea: kaltebera larria den pertsona oro, baldin eta erkidegoko eta udalerriko gizarte-zerbitzuek faktura elektrikoaren gutxienez % 50 finantzatzen badiote. Kasu horietan, hornidura funtsezkoa dela ulertzen da.

Pertsonaren, edo, hala badagokio, familia-unitatearen diru-sarrerak kalkulatzeko:

  • Errenta-aitorpena egiten bada, honako hauen batura: kideen azken aitorpenean agertzen den zerga-oinarri orokorra gehi aurrezkiaren oinarria.
  • Aitorpenik aurkeztu ez badu, horretarako betebeharrik ez duelako, honako hauen batura: lan-etekinak, kapitala edo jarduera ekonomikoak, eta zerga-agentzian agertzen diren ondare-irabaziak eta -galerak.
  • Aitorpenik aurkeztu ez badu, horretarako betebeharra izan arren, diru-sarrerak egiaztatu ezin direla ulertuko da eta, ondorioz, merkaturatzaileak eskaria baztertuko du.

Kontsumitzaile Txikiaren Borondatezko Prezioaren (KTBP) tarifa osatzen duten baldintza guztietan aplikatzen da gizarte-bonoa, eta horren ondorioz ordaindu behar den zenbatekoa Azken Errekurtsoko Tarifa (AET) izenekoa da. Beherapena honako hau da:

  • % 25, kontsumitzaile kalteberentzat.
  • % 40, kaltebera larrientzat.

Urteko kontsumoan muga bat ere badago, eta, muga horretatik aurrera, ez da beherapenik aplikatzen. Halakoetan, fakturak zenbateko hori hainbanatu behar du fakturazio-egunen arabera, eta, kontsumoaren berri eman behar du, honako hauek bereizita: kontsumoa beherapena aplikatuta, eta kontsumoa beherapena aplikatu gabe.

  • Pertsona batek soilik osatzen duen edo adingaberik ez duen familia-unitatea: 1.200 kWh urtean.
  • Adingabe bat duen familia-unitatea edo pentsiodunak: 1.680 kWh urtean.
  • Bi adingabe dituen familia-unitatea: 2.040 kWh urtean.
  • Familia ugariak: 3.600 kWh urtean.

Kontsumitzaileak eskari-eredu normalizatua (pdf, 232 kB) aurkeztu behar dio bere erreferentziazko merkaturatzaileari. Inprimaki hori bere webgunean nahiz aurrez aurreko bulegoetan egon beharko da eskuragarri. Honela egin dezake:

  • Telefonoz, bere webgunean adierazten den zenbakiaren bidez; Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren (MLBN) webgunean ere argitaratu beharko da.
  • Bere bulegoetan, halakorik badu.
  • Faxez edo posta elektroniko bidez (bere webgunean eta fakturan adieraziko da).
  • Postaz, webgunean eta fakturan adierazten den helbidean.
  • Bere webgunearen.

Eskariak honako hauek bildu behar ditu:

  • Familia unitateko kide diren, 14 urtetik gora dituzten eta jarduteko gaitasuna duten pertsona guztien berariazko baimena:
    • Ministerio eskudunak beste administrazio batzuen eskutik informazioa eskura dezan, eskatzaileak baldintzak betetzen dituela egiaztatu asmoz.
    • Erreferentziazko merkaturatzaileak informazioa eska diezaien erkidegoko edo udalerrietako gizarte-zerbitzuei, kaltebera larrien kasuan.
  • Familia-unitateko kideen IFZ edo AIZren fotokopia.
  • Indarreko errolda-ziurtagiria, banakakoa edo baterakoa.
  • Familia-liburua edo, hala badagokio, erregistro zibileko orri indibidualaren ziurtagiria, familien kasuan.
  • Familia ugariaren tituluaren kopia, indarrean, familia ugarien kasuan.
  • Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, gutxieneko pentsioa indarrean, pentsiodunen kasuan.
  • Gizarte-zerbitzuen ziurtagiria edo egiaztagiria, pertsonak OAEAPen koefizientea 0,5 areagotzeko baldintza bereziren bat betetzen duela adierazten duena. Hau da, % 33ko minusbaliotasuna edo altuagoa duela, terrorismoaren biktima dela edo genero-indarkeriaren biktima dela adierazten duen agiria. Ziurtagiriak ez du inola ere adierazi behar zein egoera betetzen den, ez eta familia-unitateko zein kidek jasaten duen egoera hori ere.

Eskaria aurkeztutakoan, honako hauek egingo ditu erreferentziazko merkaturatzaileak:

  • Pertsona interesdunari egiaztagiri bat emango dio, baldin eta eskaria aurrez aurreko bulegoetan entregatu badu.
  • Eskaria jaso duela berresten duen mezu elektronikoa bidaliko dio, bitarteko hori erabili bada.

Merkaturatzaileak 15 egun balioduneko epea dauka —hau da, larunbatak, igandeak eta jai-egunak kanpo—, eskari osoa jasotzen denetik aurrera, gizarte-bonoa eman edo ukatu den jakinarazteko. Eskaria ukatzen bada, horretarako arrazoia adierazi beharko da.

Dokumentazioa falta bada, gehienez ere 15 egun balioduneko epean jakinarazi beharko zaio interesdunari, eskaria jasotzen denetik aurrera, kasuan kasuko informazioa osa dezan.

Beherapena hurrengo fakturan aplikatuko da, baldin eta faktura hori eskaria osorik jasotzen denetik gutxienez 15 egun balioduneko epea igarotzean igortzen bada. Bestela, hurrengo fakturan aplikatuko da.

Bai gizarte-bonoa eman edo ukatu dela jakinarazteko 15 eguneko epea, bai fakturan beherapena aplikatzeko 15 eguneko epea hilabete luzatu ahalko da lehenengo hiru hilabetean, gizarte-bono berria indarrean jarri denetik, hau da, 2017ko urriaren 10etik aurrera.

Gizarte-bonoa aplikatuko da:

  • Familia ugariaren titulua indarrean den bitartean, familia ugarien kasuan.
  • Bi urtez, beste bi urteko epeetan luzatu daitekeelarik, eskaria egin ondoren, bete beharreko baldintzei eusten zaien bitartean, gainerako kasuetan. Konpainiak epea noiz iraungitzen den jakinarazi behar dio kontsumitzaileari, bi urteko epea amaitu aurretik igortzen duen azken fakturan. Horrez gain, berrikuntzarik eskatzen ez badu beherapena aplikatzeari utziko zaiola jakinaraziko zaio. Hala ere, berriz ere eskatu ahalko du, baldin eta oraindik beharrezko baldintzak betetzen baditu.

Onuradunak betebehar batzuk ere baditu:

  • Bonoa berritzeko eskaria aurkeztu behar du, bi urteko epea amaitu baino lehen, eta, gehienez ere, epea amaitu baino 15 egun baliodun lehenago. Merkaturatzaileak luzapenaren berri emango dio, eta zein datara arte aplikatuko den adierazi.
  • Bonoa ematea ahalbidetzen duten egoerak desagertzen badira, enpresa jakinaren gainean jarri behar da, gehienez ere hilabeteko epean. Bonoari uko egiteko, eskaria izapidetzeko bitarteko berberak erabili ahalko dira: telefonoa, faxa, posta elektronikoa, posta, aurrez aurrekoa edo webgunea.

Erreferentziazko merkaturatzaileak egiaztatu beharko du, aplikazio telematiko baten bidez, ea kontsumitzaileak betetzen ote dituen gizarte-bonoaz baliatu ahal izateko baldintzak, honako hiru modalitate hauetakoren batean: kontsumitzaile kaltebera, kaltebera larria edo baztertua izateko arriskuan dagoen pertsona.

Konpainiak 15 egun balioduneko epea dauka, eskaria eta dokumentazio osoa jasotzen dituenetik aurrera, gizarte-bonoa dagokion ala ez jakinarazteko.

Gizarte-bonoaren aplikazioari buruzko desadostasunik badago edo/eta merkaturatzaileak bonoa emateari uko egiten badizu, erreklamazioa aurkeztu ahalko duzu Kontsumobiden edo kontsumo-erakundeetan.

Ez badituzu betetzen gizarte-bonoa baliatzeko baldintzak, zure fakturak txikiagotzen saia zaitezke, energia-eskaintzen konparatzailearen bidez, zeina Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren webgunean argitaratuta baitago.

Tresna horren bidez, zerrenda bat eskura dezakezu, urtebetean zure udalerrian operatzen duten enpresei ordainduko zeniekeenaren berri emango dizuna, betiere, zure kontsumo-ohituren eta kontratu motaren arabera. Horretarako, honako hauek adierazi behar dituzu: hornidura-mota, kontratatutako potentzia, urteko kontsumoa eta posta-kodea.

Energiaren arloan kalteberak direnak beren udalerriko gizarte-zerbitzuetara jo dezakete, bizi duten egoeraren arabera zer laguntza mota jaso dezaketen jakiteko. Eusko Jaurlaritzak baliabide ekonomikoak eskaintzen ditu, hainbat laguntza-lerroren bitartez:

  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE): prestazio ekonomiko bat da, aldizkakoa, nahikoa diru-sarrera ez dutenei ematen zaiena, gastuak ordain ditzaten: bai oinarrizko beharrekin lotutako gastuak, bai gizarteratze eta/edo laneratze prozesu baten ondoriozkoak.
  • Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL): prestazio ekonomiko bat da, aldizkakoa ez dena, baliabide gutxi dituztenei eskaintzen zaiena, ohiko zein aparteko gastu espezifikoei aurre egiteko, eta, hartara, gizarte-bazterkeriako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko. Diru-laguntzaren izaera du, hau da, aurrekontu baten arabera ematen den laguntza bat da, eta, horretaz gain, helburu jakin baterako ematen da, hau da, laguntza zertarako eskatu den, horretarako erabili behar da. GLLen tramitazioa udalei dagokie.
    GLLen araudian, 2017ko urtarrilera arte, laguntza-lerro bat zegoen ohiko etxebizitza- edo bizitoki-gastuen partidaren barruan, honako hauen guztien fakturak oro har ordaintzen laguntzeko: energia, ura, estolderia, zaborra eta hiri- zein landa-eremuko ondasun higiezinen gaineko zergak. Baina gizarte larrialdietarako laguntzei buruzko Dekretua aldatu zuen urtarrilaren 17ko 16/2017 Dekretuan, berariaz ezarri da gastu hauetarako laguntza-lerro bat: “Energia-gastuak, elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eraginak”.
  • Hitzarmena, Gurutze Gorriarekin: Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak pobrezia energetikoari aurre egiteko hitzarmen bat izenpetuta dauka Gurutze Gorriarekin, GLLak edo DSBEa jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten familiei zuzenduta dagoena. Entitate horren bidez, laguntzak jaso ditzakete argiaren, uraren eta gasaren fakturak.

Prestazio horietaz gain, elkarte eta ONG zenbaitek programa batzuk kudeatzen dituzte pobrezia energetikoaren eragina murrizteko.

  • 2009/72/CE Zuzentaraua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko uztailaren 13koa, elektrizitatearen barne merkaturako arau komunei buruzkoa, zeinaren arabera 2003/54/CE Zuzentaraua indargabetu zen.
  • 24/2013 Legea, abenduaren 26koa, Sektore Elektrikoari buruzkoa.
  • 7/2016 Errege Lege dekretua, abenduaren 23koa, bonu sozialaren kostua finantzatzeko mekanismoa eta energia elektrikoaren kontsumitzaile kalteberak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • 2009ko ekainaren 26ko Ebazpena, Energiako Estatu Idazkaritzarena, gizarte-abonamendua martxan ipintzeko prozedura zehazten duena.
  • 897/2017 Errege Dekretua, urriaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.
  • ETU/943/2017 Agindua, urriaren 6koa, honako hau garatzen duena: 897/2017 Errege Dekretua, urriaren 6koa, kontsumitzaile kalteberaren figura, gizarte-bonoa eta energia elektrikoaren etxeko kontsumitzaileak babesteko beste neurri batzuk arautzen dituena.

Azken aldaketako data: