KontsumoBIDE. Kontsumoko Euskal Institutua

euskadi.eus-en hasierako sarbidea

Bilatu

  1. Hasiera
  2.  
  3. Enpresak
  4.  
  5. Produktuen segurtasuna: alerta-sarea

Produktuen segurtasuna (elikagaiak salbu). Alerta-sarea

Kontsumitzaileek eskubidea dute merkatuan eskuratzen dituzten produktuak produktu seguruak izan daitezen.

'Produktu segurua' kontzeptua

'Erabilera-baldintza arruntetan edo arrazoiz aurreikus daitezkeen baldintzetan […] arriskurik aurkezten ez duen edo produktuaren erabilerarekin bateragarriak diren gutxiengo arriskuak soilik aurkezten dituen produktu oro, onargarritzat hartuak pertsonen osasuna eta segurtasuna babesteko maila handi bat errespetatzeari dagokionez, bereziki ondoko elementuak aintzat hartuta':

  • Produktuaren ezaugarriak (osaera eta ontzia, besteak beste).
  • Beste produktu batzuen gaineko eragina, elkarrekin erabiliko direla aurreikusten denean.
  • Produktuarekin batera agertzen den informazioa (etiketa, oharrak, jarraibideak, e.a.).
  • Produktuaren aurkezpena eta publizitatea.
  • Produktua erabiltzean arrisku-egoeran egon daitezkeen kontsumitzaile-kategoriak (bereziki haurrak eta adinekoak).

Definizio horri erantzuten ez dion produktu oro ez da segurua izango.

Segurtasun-ebaluazioari dagokionez, merkaturatzeko bidean den produktu bat segurua izango da eskatutako osasun- eta segurtasun-baldintzak betetzen dituenean. Derrigor bete beharreko arau-xedapenik aplikatu ezin daitekeenean, bestelako elementuak hartuko dira kontuan: bateratu gabeko Europako arauak ordezkatzen dituzten arau tekniko nazionalak, UNE arauak, Europako Batzordearen gomendioak, jardunbide egokietarako kodeak eta ezagutzen eta teknikaren egungo egoera.

Hala ere, produktu baten onespenak (dagozkion derrigorrezko administrazio-kontrolak gainditu baditu ere) ez dio Administrazioari neurriak hartzea eragotziko azken batean produktua segurua ez bada, eta era berean, ez ditu ekoizleak eta banatzaileak beren zereginak betetzetik salbuesten.

Neurri horiek hartze aldera, eta aurkakoa erakutsi ezean, produktu bat honako kasu hauetan hartuko da ez-segurutzat:

  • Administrazioek kontsumitzaileen osasuna eta segurtasuna babesteko ezarritako ezinbesteko prebentzio-baimenik edo -kontrolik gabe elaboratu da (bereziki, nahiz eta behartuta egon, merkaturatutako produktuak ez badauka 'EE adostasun-ziurtagiria', 'EE marka' edo derrigorrezko beste edozer segurtasun-markarik).
  • Ez ditu ematen ekoizlea identifikatzea ahalbidetuko duten gutxiengo datuak.
  • Dagoneko ez-segurutzat hartutako produktu-gama, -lote edo -sorta bati dagokio.

 

'Arrisku' kontzeptua

'Kontsumitzaileek eta erabiltzaileek osasunerako edo segurtasunerako kalte bat sufritzeko aukera, produktu bat erabiltzearen, kontsumitzearen edo aurrean izatearen ondorioz'.

 

Ekoizleen eta banatzaileen betebeharrak

Ekoizleen betebeharrak:

  • Produktu seguruak soilik merkaturatzea.
  • Kontsumitzaileei produktuen erabilera normalak edo ohiko erabilerak eragin ditzakeen arriskuen berri ematea.
  • Produktuek izan ditzaketen arriskuei buruz daukaten informazioa eguneratzea (eta banatzaileei jakinaraztea). Helburu horrekin, arrisku bat egon daitekeela iragartzen duten erreklamazioak aztertuko dira, eta, hala badagokie, proba egokiak egingo dira.
  • Administrazioak hala eskatu gabe, arriskuak saihesteko neurri egokiak hartzea, merkaturatutako produktua segurua ez dela konturatutakoan edo horren nahikoa seinale izatean. Neurri horien artean egon daitezke ohar bereziak argitaratzea, produktuak merkatutik kentzea edota produktuak kontsumitzaileengandik berreskuratzea.
  • Produktuan edo haren ontzian enpresa ekoizlearen identifikazio-datuak eta produktuaren erreferentzia (fabrikazio-lotea, hala badagokio) adieraztea.

Banatzaileen betebeharrak

  • Produktu seguruak soilik banatzea.
  • Prestasunez jokatzea segurtasunaren alde egiteko, bereziki produktuen biltegiratze-, garraio- eta erakusketa-prozesuan.
  • Administrazio eskudunari eta ekoizleei ezagunak diren arriskuen berri ematea.
  • Produktuen jatorria (hornitzaileen identitatea, e.a.) ezagutzeko beharrezkoa den dokumentazioa gordetzea (3 urtez produktuen izakinak agortu ondoren) eta ematea.
  • Administrazioarekin eta ekoizleekin batera lan egitea edozer arrisku saihesteko.

Ekoizleek eta banatzaileek komunean dituzten beste betebehar batzuk

  • Ekoizleek eta banatzaileek produktu batek segurtasunarekin bateraezinak diren arriskuan dituela dakitenean edo jakin behar dutenean, berehala jakinarazi behar diote dagokion autonomia-erkidegoan kontsumo arloan eskuduna den erakundeari. Gutxienez, informazio hau eman beharko dute:
    • Produktuaren edo produktu-lotearen identifikazio zehatza.
    • Arriskuaren deskribapen osoa.
    • Produktua aurkitzeko baliagarria den informazio guztia.
    • Arriskuak prebenitzeko abiarazitako jarduketaren deskribapena.

Estekak:

Ekoizleek edo banatzaileek produktu arriskutsuen berri emateko inprimakia

Dokumentua: Produktuen segurtasuna Europan: Ekintza zuzentzaileen inguruko gidaliburua, produktuak merkatutik kentzea barne (PDF, 1 MB). [es]

  • Administrazioarekin batera lan egitea, hark eskatuta, arriskuak saihesteko abiarazitako jarduketetan.
  • Neurri murriztaileen mende dauden produktuak zorrozki kontrolatzea.

 

Segurtasuna berrezartzeko edo bermatzeko administrazio-neurri ez-zehatzaileak

Administrazioak, ofizioz nahiz salaketen edo erreklamazioen ondorioz, berehala hartu behar ditu kontsumitzaileen osasuna edo segurtasuna bermatzeko neurri egokiak.

Neurri horiek hartu ahalko ditu, eskura duen informazioa ebaluatu ondoren, are osasunerako edo segurtasunerako ondorio kaltegarriak izateko aukera dagoenean ere, nahiz eta oraindik ez izan produktuaren arriskutsutasunaren inguruko ziurtasun zientifikorik ('zuhurtasun-printzipioa').

Neurri horiek ez dira zehatzaileak eta horiek hartzeak ez du ekoizleen edo banatzaileen erantzukizun penala edo administratiboa aurrez epaitzen. Alabaina, horiek beren eginbeharrak betetzen ez badituzte, oztoporik jartzen badute edo Administrazioaren jarduketari aurre egiten badiote, zehapena jaso ahal izango dute.

Produktuen segurtasuna berrezartzera edo bermatzera bideratutako administrazio-neurriei dagokionez, Kontsumobidek, kontsumo arloan erakunde eskuduna izanik, besteak beste, honako ahalmen hauek ditu:

  • Egiaztapen egokiak antolatzea, are produktu seguru moduan merkaturatu ondoren ere.
  • Alde interesdunei beharrezko informazioa eskatzea.
  • Produktuen laginak biltzea, beren segurtasuna aztertze aldera.
  • Ekoizleei eta banatzaileei dagozkien ohartarazpenak edo errekerimenduak egitea.
  • Osasuna eta segurtasuna berrezartzeko edo bermatzeko beharrezkoak diren erreakzio-neurriak hartzea. Besteen artean:
    • Segurua ez den produktuaren hornidura behin-behinean debekatzea (ikuskapenak, segurtasun-ebaluazioak eta abarrek iraun bitartean).
    • Segurua ez den produktua merkaturatu dadila debekatzea. Haatik, Administrazioak uste badu aldaketa, arreta edo ohartarazpen jakin batzuen bidez arriskua saihestu daitekeela, produktua merkaturatu daiteke jarraibide horiek betetzen badira.
    • Produktua merkatutik kentzea, eta, hala badagokio, kontsumitzaileengandik berreskuratzea.
    • Produktua suntsitzea.
  • AECOSANek estatuko eskuduntzen arloan hartutako neurriak egikaritzea.

Hartutako neurriak gauzatzeak eragina izan ahalko du ekoizleengan, banatzaileengan, zerbitzuak ematen dituztenengan eta beste edozer pertsonarengan, arriskua ahalbidetzen ari bada edo hura gainditzea eta neurria erabat eraginkorra izatea bere esku badago.

Administrazioak erabakitako neurrien erabateko eraginkortasuna bermatzen du eta hala izateko ardura hartzen du, aintzat hartu ez diren debekuak eta aginduak egikaritzera behartuta edo zuzenean eginarazita.

Edonola ere, produktuak merkatutik kentzeko, berreskuratzeko, ohar bereziak egiteko, biltegiratzeko, garraiatzeko eta, hala badagokio, suntsitzeko gastuei aurre egin beharko diete beren legez kontrako jokabideen bidez gastuok eragin dituztenek.

 

Arriskuen inguruko informazioa eta kontsumitzaileen informaziorako eskubidea

Herritarrek, oro har, eskubidea dute Administrazioak produktuek kontsumitzaileen osasunerako eta segurtasunerako eragin ditzaketen arriskuen inguruan duen informazioa eskuratzeko, bereziki produktuaren identifikazioa, arrisku mota eta hartutako neurriak.

Arriskuaren motaren eta larritasunaren arabera, Kontsumobidek honako informazio hau helaraz diezaieke produktuak erasan ditzakeen kontsumitzaileei:

  • Arriskuak eta irregulartasunak.
  • Produktuaren identifikazioa.
  • Bidezko neurriak.

 

Administrazio-lankidetza: Administrazio eskudunen arteko informazioaren komunikazioa

Estatu-mailan, AECOSANek eta autonomia-erkidegoek ezartzen dituzte merkatuan produktu seguruak hornitzen eta banatzen direla bermatzeko elkarlan-, lankidetza- eta koordinazio-mekanismoak.

Era berean, autonomia-erkidegoek udalekin elkarlan-, lankidetza- eta koordinazio-tresnak ezartzen dituzte arlo horretan.

Alerta-sarea

Alerta-sarea Administrazio eskudunen eta Estatuaren artean informazioa modu azkarrean trukatzeko sistema da, komunikazio eta informazio-truke azkarra errazteko kontsumitzaileen osasunerako edo segurtasunerako arrisku larria dagoen kasuetan abiarazitako jarduketei dagokienez.

Alerta-sarea Europako RAPEX (Rapid Alert System for non-food dangerous products) alerta-sisteman integratuta dago.

AECOSAN da RAPEX sistemak Espainian duen harreman-gunea eta, aldi berean, Alerta-sare nazionalaren sistema (SIRI) koordinatzearen arduraduna, eta haren bitartez lotura ezartzen da EBko estatuen, Europako Batzordearen eta autonomia-erkidegoetako kontsumo-organismoen artean.

Alerta-sareak harremangune bakarra dauka autonomia-erkidego bakoitzean (Euskadin: Kontsumobide, Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Sailaren bitartez).

 

Estekak

EBn ohartarazitako produktuei buruzko alertak (Iturria: Europako Batzordea. Rapid Alert System for non-food dangerous products)

Espainiar Estatuan ohartarazitako produktuei buruzko alertak (Iturria: AECOSAN)

Nazioarteko alertak (Iturria: ELGA)

 

Araudia:

(Euskadi) 6/2003 LEGEA, abenduaren 22koa, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuarena.

(Euskadi) 159/2011 DEKRETUA, uztailaren 12koa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren egitura eta antolaketari buruzkoa (7. artikulua: Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatearen eginkizunak).

1/2007 LEGEGINTZAKO ERREGE DEKRETUA, azaroaren 16koa, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen Testu Bategina onartzen duena (testu kontsolidatua ondorengo aldaketekin). [es]

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko abenduaren 3ko 2001/95/EE ZUZENTARAUA, produktuen segurtasun orokorrari buruzkoa. [es]

Abenduaren 26ko 1801/2003 ERREGE DEKRETUA, produktuen segurtasun orokorrari buruzkoa (2001/95/EE Zuzentaraua barne-ordenamendu juridikoa ordezkatzen du). [es]

2009ko benduaren 16ko Batzordearen 2010/15/EB ERABAKIA, RAPEX Informazioaren Truke Azkarrerako Komunitate Sistemarako arauak ezartzen dituena, 2001/95/EE Zuzentarauaren 12. artikuluaren (produktuen segurtasun orokorrari buruzko zuzentaraua) eta zuzentarau horren beraren 11. artikuluan ezarritako jakinarazpen-prozeduraren arabera sortua. [es]

Otsailaren 29ko 330/2008 ERREGE DEKRETUA, produktu jakin batzuen inportazioa kontrolatzeko neurriak hartzekoa, produktuen segurtasunaren arloan aplikatu daitezkeen arauen arabera. [es]

Azken aldaketako data:  2016/03/30
Euskadi, auzolana