Kontsumobide

Telefono-faktura: tarifikazio bereziko zenbakiak, mugikorraren bidezko ordainketak eta SMS Premium

Telefono-fakturak ustekabeko gehikuntza izan dezake tarifikazio gehigarriko telefono batera deitzeagatik edo zerbitzuren bat eskuratzeko SMS bat bidaltzeagatik. Telefono Zenbakien Plan Nazionalak aukera ematen du zenbaki-mota desberdinak detektatzeko, eta konprobatzeko doakoak edo ordainpekoak diren eta, horrela badagokio, haiek erabiltzeagatik enpresek kobra ditzaketen kopuruak zein diren.

Zure operadoreari zerbitzu horietako batzuk blokeatzeko eskatzeko eskubidea duzu, hala nola tarifikazio gehigarrikoak edo nazioarteko deietakoa. Deskonexio-eskubidea deiturikoa da hori. Eskatu ez baduzu eta fakturan kontzeptu arraroren bat ikusten baduzu, jarraibideak ematen dizkizugu zer zenbaki-mota den eta nola jokatu behar duzun jakiteko.

Ezustekoak saihestu nahi badituzu, mugikorraren fakturaren kargura Internetez kontratatutako zerbitzuen ordainketa aktibatuta daukazun konprobatu behar duzu; izan ere, konpainia askok besterik adierazi ezean aktibatzen dute ordainketa-modu hori.

Komunikazio elektronikoetako zerbitzuen erabiltzaileen eskubide-gutunak jasotzen duenez, zure operadoreari zenbait zerbitzutatik deskonektatzeko eskatzeko eskubidea duzu; hau da, sarbidea blokeatzeko, zure fakturan nahi ez dituzun karguak saihesteko. Besteak beste, nazioarteko deiak edo tarifikazio gehigarriko zerbitzuetarako sarbidea eragozteko eska dezakezu.

Konpainiek obligazio batzuk bete behar dituzte:

  • Kontratuek deskonexioa eskatzeko prozedura jaso behar dute.
  • Edozein kasutan, eskaera idatziz, telefonoz edo internetez egin dezakezu.
  • Operadoreak eskaera jaso eta hamar eguneko gehieneko epean gauzatu behar du. Epearen barruan egin ezean, zerbitzu horiek erabileragatik sortutako kostuan bere gain hartu behar ditu, zuri egotz dakizkizukeen arrazoiengatik egiterik izan ez badu.

Zenbaki finko eta mugikor nazionalak errazak dira detektatzen. Bi kasuetan bederatzi digituz osatuta daude.

  • Finkoak: 9 edo 8 zifrarekin hasten dira, eta bigarren zenbakia ez da inoiz zero.
  • Mugikorrak: 6 edo 71, 72, 73 eta 74 zifrekin has daitezke.

Zenbaki laburrek bederatzi digitu baino gutxiago dituzte. Honela sailkatzen dira:

  • Gizarte-intereseko zenbakiak. Batzuk doakoak dira; hala nola Europako larrialdietako 112 zenbakia, edo genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko 016 zenbakia. Azken hori, gainera, ez da fakturan agertzen. Beste batzuk ordainpekoak dira; hala nola 010, udal informaziokoa; 012, autonomia-erkidegoko informaziokoa, eta 060, Estatuko Administrazio Orokorraren informaziokoa. Kontuan izan behar duzu kontratu askotan telefono horiek dei nazionalen tarifa lautik kanpo uzten direla, eta badutela haien erabilera kobratzea eta fakturan banakatuta jasotzea. Hori saihestu nahi baduzu, 010 eta 012 zenbakien kasuan tokiko administrazioaren edo administrazio autonomikoaren telefogunearen zenbaki finkora dei egin dezakezu.
  • Direktorioko 118xx zenbakiak, edo abonatuen zenbakiak kontsultatzekoak. Kobratzen dira eta, deia luzatuz gero, neurrigabeko kostua eragin dezakete.
  • Bezeroentzako arretako telefonoak. Lau digitu dituzte, eta 13, 14, 15, 16 eta 17 zifrekin hasten dira. Doakoak izan ohi dira.

Hasieran 118 duten zenbakiek beste abonatuen telefonoen kontsulta eskaintzen dute. Bost digituz osatzen dira (118xx) eta enpresek askatasuna dute nahi dituzten tarifak ezartzeko. Horrez gain, beste prestazio gehigarri batzuk ezar ditzakete; hala nola posta elektronikoko helbideei, domeinu-izenei edota deiaren amaierari buruzko datuak ematea.

Deiaren amaierak aukera ematen dio hornitzaileari pertsona eskatutako telefonoarekin zuzenean konektatzeko, eskegi eta berriro markatu beharrik gabe, telefonogune bat balitz bezala. Kasu hauetan, hala ere, konpainiak jarrai dezake tarifikazio berezia aplikatzen, zuzenean deituta legokiokeena aplikatu ordez. Hala, zure udalerriko telefono batez galdetzen baduzu eta operadoreak transferitzea onartzen baduzu, 118xx zenbakiarekin hitz egingo bazenu bezala ordainduko duzu elkarrizketa; ez zaizu aplikatuko tokiko deietarako kontratatu duzun tarifa. Dena dela, egungo araudiak debekatzen du 803, 806, 807 eta 905 zenbakietara bideratzea, berez fakturazio altukoak baitira.

Zerbitzu horien hornitzaileek, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Telekomunikazioen Numerazioaren Erregistroan jasota daudenek, hainbat obligazio dituzte:

  • Deiak zortzi segundoko lokuzio batekin hasi behar du, non enpresaren izena eta deiaren prezioa azalduko baitira.
  • Grabazioaren ondoren, hiru segundoko tartea utzi behar da, esekitzea edo linean jarraitzea erabakitzeko. Lehen hamaika segundo horiek informazio-izaera dute, eta prezio apalago batean fakturatu behar dira. Komunikazioa finko batetik egiten bada, 0,15 euro izaten da, eta, mugikorretik egiten bada, 0,29 eta 0,42 euro artekoa izan daiteke.
  • Deiaren amaiera onartzen baduzu, beste lokuzio batek azaldu behar dizu 118xx zenbakiaren tarifaberbera aplika dezaketela.

Prezio-askatasunaren ondorioz, prezio alde handia dago konexioa finko batetik edo mugikor batetik egitearen artean. Berez, finko batetik egindako bi minutuko deiak 0,60 eta 8,60 euro bitarteko prezioa izan dezake, baina, mugikor batetik eginez gero, prezioa 1,20 eta 11,80 euro bitartekoa izan daiteke.

Hasieran 70, 80 eta 90 duten zenbakiei zenbaki adimendun deitzen zaie. Kontzeptu horren barruan sartzen dira bai doako zerbitzuak, bai prezio arrunta duten ordainpekoak eta baita tarifikazio gehigarrikoak ere. Haien lehen digituak zein diren, honela sailkatzen dira:

  • 800 eta 900 zenbakiak: automatikoki hartzaileak ordaintzekoak dira; beraz, doakoak dira erabiltzailearentzat. Batzuetan enpresek mugikorretatik erabiltzea eragozten dute, beraiek ordaintzen baitute deiaren prezioa.
  • 901 zenbakiak: ordainketa partekatukoak dira, enpresaren eta deia egiten duenaren artean. Tarifa dei nazional arruntarenetik gertu egon ohi da; hau da, 3 eta 5 zentimo bitarte minutuko konexioa finko batetik egiten bada eta 20 eta 30 zentimo bitarte minutuko mugikor batetik egiten bada.
  • 902 zenbakiak: Deitzen duenak ordaintzen du soilik. Tarifa finkatzeko askatasuna dago, baina hori ere dei nazionalen zenbatekotik gertu dago. Finko batetik deituz gero, minutuko 5 eta 7 zentimo bitarte kobratu dezakete; mugikor batetik deituz gero, berriz, minutuko 35 eta 55 zentimo bitarte.
  • Tarifikazio gehigarriko zerbitzuen zenbakiak: aparteko kopuru baten ordainketa dakarte zerbitzu jakin batzuk jasotzeagatik. Honela banaka daitezke:
    • 803 zenbakiak (helduak), 806 zenbakiak (aisialdia) eta 807 zenbakiak (profesionalak). Jokabide-kode bat jarraitu behar dute haien jardunean, eta Tarifikazio Gehigarriko Zerbitzuak Gainbegiratzeko Batzordeak gainbegiratzen ditu. Komunikazioak 15 segundoko grabazio batez hasi behar du, non enpresaren izena eta deiaren kostua adierazten baitira; jarraian 5 segundoko tartea uzten da esekitzea edo jarraitzea erabaki ahal izateko. Hasierako hogei segundo horiek prezio murriztuarekin fakturatzen dira. Zenbaki horietarako deiak ezin dira 30 minutu baino luzeagoak izan, eta haien prezioa aldatzen da, zenbakiaren laugarren digitua zein den. Telefono finko batetik deitzen baduzu (mugikor batetik deituz gero, minutuko 30 zentimo gehitu behar dizkiezu prezio horiei):
      • Laugarren digitua 0 edo 1 bada: gehieneko prezioa minutuko 0,35 eurokoa.
      • 2 edo 3 bada: minutuko 0,75 euro gehienez.
      • 4 edo 5 bada: minutuko euro 1 gehienez.
      • 6 edo 7 bada: minutuko 1,65 euro gehienez.
      • 2 edo 8 bada: minutuko 3,15 euro gehienez.
      • 9 bada: gehieneko mugarik gabe.
    • 905 zenbakiak: Entretenimenduko, izaera profesionaleko eta telebozketako zerbitzuetan erabiltzen dira. Lehen bi kasuetan, deiaren kostuaz eta hornitzailearen izenaz informatu behar da, 15 segundoko grabazio batean, eta 5 segundo utzi eseki ala ez erabakitzeko. Hogei segundo horiek prezio murriztuarekin fakturatzen dira. Telebozketan, berriz, informazio-lokuzioaren aurretik kobratzen da prezioa. 905 zenbakiko tarifak dei bakoitzeko aplikatzen dira, haien iraupena edozein dela ere. Zenbakiaren laugarren zifrak prestazioaren tarifa eta mota zein den adierazten du. Telefono finko batetik deitzen baduzu (mugikor batetik deituz gero, dei bakoitzeko 45 zentimo gehitu behar dizkiezu prezio horiei):
      • Laugarren digitua 1 bada: dei bakoitzeko gehieneko prezioa 0,30 euro.
      • 2 edo 6 bada: 0,60 euro gehienez.
      • 4, 5 edo 8 bada: 1,20 euro.
  • Hasieran 70 duten zenbakiak edo numerazio pertsonalekoak: deiak non jaso erabakitzeko aukera ematen diote titularrari. Batzuetan, titularrak erabaki dezake deiaren kostuaren zati bat bere gain hartzea. Finko batetik deituz gero, minutuko 5 eta 7 zentimo bitarte daude prezioak; mugikor batetik deituz gero, berriz, minutuko 25 eta 35 zentimo bitarte.

Mugikorraren fakturaren kargura ordaintzeak aukera ematen dizu telefono konpainiaz besteko enpresek eskaintzen dituzten zerbitzuetarako harpidetza egiteko eta hainbat produktu erosteko aplikazioak, eduki digitalak eta jokoak, besteak beste. Ordainketa bide horren funtzionamendua erraza da. Interneten erosketak egin ditzakezu, kreditu-txartelaren datuak eman gabe eta kontu-zenbakia jakinarazi gabe: erosketak telefono-fakturan kargatzen dira zuzenean. Horrela, hileko karguan prezioa kobratu besterik ez du egiten operadoreak, eta hirugarren edo hornitzaile deiturikoa da produktua entregatzeko edo zerbitzua emateko arduraduna

Arazo nagusia hau da: telefono-konpainia askok besterik adierazi ezean aktibatzen dute produktua, zuk ez eskatu arren. Litekeena da ordainpeko zerbitzu bat eskaintzen dizun web batean ibiltzea eta, banku-daturik sartu behar ez duzunez, aurrera jarraitzea, zure fakturan kargu bat egiteko baimena ematen ari zarela konturatu gabe, betiere kontratu bat baldin baduzu, edo saldo positiboa zure aurreordainketako txartelean.

Pantailak eragiketa-kostuaren berri ematen badu ere, kontsumitzaileak batzuetan ez dira jabetzen haien fakturan edo aurreordainketa txartelaren saldoan kargu bat baimentzen ari direla.

Etorkizunean arazoak saihestu nahi badituzu:

  • Konprobatu ea fakturaren kargurako ordainketa kontratatuta eta aktibatuta daukazun. Funtzio horren izena aldatzen da operadore batetik bestera: Movistar ordainketak, hirugarrenei egindako ordainketak, fakturan eta edukiak erosten egindako ordainketak, besteak beste.
  • Zerbitzu hori nahi ez baduzu, jarri harremanetan konpainiarekin eta desaktibatu.
  • Aktibo eduki nahi baduzu, oso kontuz ibili etxean adingabeak badaude. Heldu baten mugikorretik Internetera konektatzen badira, konturatu gabe erosketa bat egin dezakete. Beste gailu batzuetatik konektatuz ere (ordenagailua, telebista edo tableta) produktuak eros ditzakete: mugikorraren zenbakia eta SMS bidez bidaltzen den egiaztapen-kodea sartu baino ez dute egin behar.

SMS Premium 5 edo 6 zifrako zenbaki laburretara bidalitako testu-mezuak dira, tarifikazio gehigarria duten edukien kontratazioa eskatzeko helburua dutenak. Jakin dezakezu zein den haien gehieneko prezioa, BEZ gabe, eta zer zerbitzu-mota ematen duten, zenbakiaren lehen digituari erreparatuz:

  • 2 bada, aisialdiari lotutako edukiak eta eduki profesionalak, harpidetzarik gabe: 1,20 euro gehienez.
    • Hasieran 23 badu eta bost digitu baditu, jokoari lotutako helduentzako zerbitzua da.
    • Hasieran 280 badu, haren helburua funtsak biltzea da, elkartasun-kanpainetarako.
  • 3 bada, aisialdiari lotutako edukiak eta eduki profesionalak, harpidetzarik gabe: 1,20 eta 6 euro bitarte.
    • Hasieran 33 badu eta bost digitu baditu, jokoari lotutako helduentzako zerbitzua da.
    • Hasieran 380 badu, haren helburua funtsak biltzea da, elkartasun-kanpainetarako.
  • 7 bada, harpidetza eskatzen duten zerbitzuak: 1,20 euro gehienez jasotako mezu bakoitzeko.
    • Hasieran 7980 badu, harpidetza-zerbitzu bat da, elkartasun-kanpainetarako funtsak eskatzeko. Kasu honetan, hornitzaileak tarifikazio bereziko lau mezu bidali ahal izango ditu, gehienez, hilabete natural bakoitzeko.
  • 9 bada, helduentzako zerbitzuak: 6 euro gehienez. Zerbitzu horiek 18 urtetik gorakoei baino ezin zaizkie zuzendu.

Zerbitzu horien hornitzaileek jokabide-kode bat bete behar dute haien jardunean. Zehazkiago, informazio eta publizitateari eta eskainitako zerbitzuen eduki eta baldintzei buruzko arauak bete behar dituzte.

Enpresari eta prezioei buruzko informazioa

Zenbakiaren titularra den enpresak erraz identifikatzeko modukoa izan behar du publizitate edo komunikazio komertzial guztietan. Informazio-mezuen bidez, informazio hau eman behar du, espresuki:

  • Izen-abizenak edo sozietatearen izena:
  • Bezeroentzako arreta-zerbitzuaren telefono-zenbakia.
  • Posta-helbidea.
  • Posta elektronikoa.

Web-orrian ere posta-helbideak agertu behar du, ondo ikusteko moduan.

Enpresak azken prezio osoa sartu behar du publizitatean, zergak barne.

  • Harpidetzako zerbitzuetan, jasotako mezu bakoitzaren azken prezio osoa sartu behar du, zergak barne, edo, horrela badagokio, aldizkako kuotena. Mezu bakoitzeko fakturatzen badu, "jasotako sms bakoitzeko" esaldiak agertu behar du zenbatekoaren ondoren.
  • Lotutako zerbitzuak badaude (adibidez, WAP nabigazioa), honen moduko esaldi batek agertu behar du: "Mezu bakoitzaren prezioa x,xx € + WAP nabigazioaren prezioa, kontsultatu zure operadorearekin".

Zerbitzuaren arabera nahitaezkoa den informazioa

Zenbakiaren titularra den enpresak mezu bat bidali behar dizu bere eta zerbitzuaren datuekin, zerbitzua eman aurretik (hasierako mezua) edo ondoren (amaierako mezua). Mezu horiek gorde behar dituzu.

Zenbakiak hasieran 2 zifra badu, zerbitzua eman ondoren, doako mezu bat edo batzuk bidali behar dizkizu, informazio honekin:

  • Izena eta helbide elektronikoa.
  • Bezeroarentzako arreta-zenbakia.
  • Zerbitzuaren guztizko prezioa, zergak barne.

Hasieran 3, 79 edo 99 badu, zerbitzua eman aurretik, doako mezu bat edo batzuk bidali behar dizkizu, datu hauekin:

  • Izena  eta helbide elektronikoa.
  • Bezeroarentzako arreta-zenbakia.
  • Zerbitzu-mota.
  • Zerbitzuaren guztizko prezioa, zergak barne.
  • Kontrataziorako gonbidapen bat. Erantzun ezean, zerbitzuari uko egiten diozula ulertuko da.

Hasieran 79 badu, hau da, harpidetzako zerbitzu bat bada, hornitzaileak arau gehigarri batzuk bete behar ditu:

  • Aurretiko informazio-mezuan:
    • Zerbitzu-mota jaso behar du.
    • Baja emateko prozedura.
    • Jasotako mezu bakoitzaren edo aldizkako kuoten guztizko prezioa, zergak barne.
  • Harpidetzako altaren edo bajaren izapidea mezu bat bidaliz gauzatuko da, non letra larrien edo xeheen erabilerak ez dion axolarik izango, eduki honekin:
    • Harpidetza egiteko, interesdunak "ALTA" hitza bidaliko du, zerbitzua identifikatzen duen gako-hitzaren aurretik. Eskaera jasota, enpresak nahitaezko informazioa bidali behar dizu.
    • Baja emateko, gako-hitzaren aurretik "BAJA” hitza jasotzen duen mezu bat bidaliko du. Mezua bidali ondoren, hornitzaileak bajaren berrespena bidali behar dio eskatzaileari.

Telefono-faktura batean ustekabeko kopuru bat baduzu, saiatu identifikatzen zure ustez gehiegizkoak diren kontzeptuak. Konprobatu hauetako baten ondorio den:

  • Tarifikazio gehigarriko zenbakietara egindako deiak.
  • Premium SMSen bidalketa.
  • Fakturaren kargura ordaindutako zerbitzuak edo erosketak.
  • Hileko tarifaren igoera, konpainiaren aldetik.

Ordainagiria helbideratuta badaukazu, ez itzuli zuzenean. Ez ordaintzeak linearen mozketa eragin dezake.

  • Aurkeztu erreklamazio bat zure konpainiaren arreta-zerbitzuan. Telefonoz egiten baduzu, erreferentzia-zenbakia eskatu. Hilabete bat daukazu faktura jasotzen duzunetik.
  • Ados ez bazaude tarifikazio gehigarriko zenbakietarako deien edo aparteko beste zerbitzuen karguekin (adibidez, fakturaren kargurako ordainketa), bi faktura independente bidaltzeko eska dezakezu. Komunikazio elektronikoei dagokiena ordaintzen baduzu (hau da, mugikorra, finkoa eta Internet), ezin izango dizute zerbitzua moztu. Gainerakoa ordaintzeke geratuko da erreklamazioa ebatzi arte, eta zerbitzu horietarako sarbidea blokeatu ahal izango dizute.
  • Konpainiak hilabeteko epean erantzun beharko dizu. Erantzuten ez badu, edo erantzunak asebetetzen ez bazaitu, erreklamazio bat aurkeztu dezakezu:
  • Horrela ere konponbiderik aurkitzen ez baduzu, epaitegira jo dezakezu.

Azken aldaketako data: