Kontsumobide

Irakaskuntza-zentroak

Ikasketa ez-arautuko zentroak dira prestakuntza-ikastaroak eman eta ofizialak ez diren tituluak ematen dituztenak. Hizkuntza-akademiak, diseinu- edo informatika-zentroak dira era horretako zentroen adibide.  Enpresa pribatuek eskaintzen dituzten zerbitzuak dira.

182/1997 Dekretuak arautzen du irakaskuntza ez arautuko zentro pribatuetako erabiltzaileek informazioa izateko duten eskubidea. Arautegia irakaskuntza ez-unibertsitarioa ematen eta balio akademikorik gabeko titulua lortzera bideraturik dauden Euskadiko zentro pribatu guztiei aplikatzekoa da.

Ikastaroaren publizitateak ez du nahasbiderik sortu behar. Irakaskuntzak zer balio akademiko edo profesional duen argi eta garbi azaldu behar du. Era berean, ezin du nahasbiderik sortu Administrazioak ikastaroak ofizialtzat jotzen dituela edo baimen ofiziala dutela pentsarazteko, edo eskuratuko diren titulu edo ziurtagiriak ofizialak direla pentsarazteko ere.

Halaber, zentroek jendearen eskura jarri behar dituzte uneoro, ikastaroa eskaintzen dutenetik amaitu arte, ikastaro bakoitzari buruzko liburuxkak eta informazio-agiriak, zeinetan datu hauek agertu behar diren:

  • Ikastaroaren izena.
  • Iraupena, ordutegiak eta edukiak.
  • Zer diploma eskuratuko den.
  • Lan-poltsaren bat aipatzen badute, zer baldintza dituen azaldu behar dute, bai eta, hala badagokio, enpresaren batekin hitzarmenik baduten ere.
  • Ikastaroaren prezioa -zergak barne- eta ordaintzeko eraIkasketa-materialaren prezioa ere azaldu behar da, baldin eta zentroan bertan merkaturatzen badute.
  • Ikastaroa emango duten irakasleek zer prestakuntza duten.

 Euskaraz eta gaztelaniaz egon behar du zentroan etengabe ikusgai dagoen informazioak. Testu horietan datu hauek agertu behar dute:

  • Zentroaren izena, helbidea eta herria.
  • Arduradun fisiko edo juridikoaren izena.
  • Ikastaro bakoitzaren informazio-liburuxkak.
  • Erreklamazio-orriak.

Irakaskuntza-zentroak kontratu bat egin behar du. Kontratuan jaso behar da:

  • Nork parte hartzen duten.
  • Zer ikastaro emango den edo duten.
  • Iraupena, prezioa eta ordaintzeko era

Kontratuarekin batera informazio-liburuxka eman behar dizute.

Zentroak zuk egindako ordainketa bakoitzeko faktura bat edo frogagiri bat eman behar dizu.  Fakturan datu hauek jaso behar dira:

  • Faktura-zenbakia.
  • Enpresaren izena,  helbidea eta identifikazio fiskalaren zenbakia.
  • Ikaslearen izen-abizenak.
  • Ikastaroaren izena.
  • Zer likidazio-aldiri dagokion.
  • Prezioa, guztira, azalpenen arabera banakaturik, BEZa barne dela.
  • Zer lekutan eta noiz eman den.

Behin ikastaroa bukatuta, zentroek zer ikasketa egin diren ziurtatzen duten agiriak eman behar dituzte. Agiri horietan, gutxienez, agertu behar dira:

  • Jasotako ikastaroaren iraupena.
  • Oordu-kopurua
  • Edukiak.

Ikasketa ez arautuko zentro pribatu gehienek eskaintzen dute ikastaroak finantzatzeko aukera. Aukera interesgarri bat izan daiteke, baina kontuan izan ezin dizutela eskatu ikastaroa erakunde jakin batekin finantzatzeko. Aukera eskaini diezazukete, baina zure esku dago norekin finantzatu aukeratzea.

Ikastaroa finantzatzea erabaki baduzu, eskubidea duzu kontratua egin aurretik kopia bat jasotzeko. Kontratu horretan agertu behar du zer baldintzatan finantzatuko dizuten ikastaroa eta zer baldintza onartuko dituzun.

Ekainaren 24ko 6/2011 Legeak, kontsumorako kredituen kontratuei buruzkoak, ezartzen du kredituak zer baldintza dituen idatziz argi eta garbi agertu behar dela. Kontratuaren funtsezko baldintzez gain, agiri horretan argi eta garbi jaso behar dira beste zenbait datu ere:

  • Kreditu-mota.
  • Kontratua egin duten aldeen izena eta egoitza sozial.
  • Kreditu-kontratuaren iraupena.
  • Kredituaren zenbatekoa guztira eta hura jasotzeko baldintzak.
  • UTB.

Osorik edo zati batean kreditu-kontratu lotu baten bidez finantzatutako ikastaroaren kontratua atzera egiteko eskubidea erabiltzen baduzu, ez duzu azken kontratu horrekin jarraitu beharko, eta zigorrik ere ezingo dizute jarri.

Iraganean zenbait hizkuntza-akademiarekin izandako arazoak ikusita, administrazio publikoa eta sektoreko enpresak elkarrekin aritu dira lanean irakaskuntza ez arautuko zentro pribatuek arautegia benetan bete dezaten, eta, ahal dela, era horretako gertaera gehiagorik berriz ere izan ez dadin.

Horrenbestez, Neurriz kanpoko klausulen kontra egiteko plana izenekoa jarri zen abian. Hala, Zentro eta Akademia Pribatuen Espainiako Konfederazioak (CECAP) eta  bere 64 erakunde autonomiko, probintzial edo sektorialek neurriz kanpoko klausularik gabeko kontratu-ereduak egin dituzte. Kontratu horiek egiteko estatuko arautegia soilik hartu da kontuan eta, horrenbestez, autonomia erkidego bakoitzeko arautegira egokitu behar dira eredu horiek.

  • Gorde zentroen liburuxkak eta publizitatea; izan ere, lotesleak dira eta oso baliagarriak izan daitezke, kontsumoko gatazka bat izanez gero, erreklamazioa bideratzeko.
  • Ondo irakurri kontratua sinatu aurretik. Zalantzaren bat izanez gero, argitu sinatu aurretik. Egiaztatu atzera egiteko eskubidea agertzen den; hau da, kontratu bat baliogabetzeko eta eskuratutako ondasuna edo zerbitzua itzultzeko duzun ahalmena, arrazoia adierazi gabe eta zigorrik ordaindu gabe.
  • Gorde ikastaroarekin erlazionatutako dokumentu oro: fakturak, liburuxkak, kontratua eta abar.
  • Identifikatu zentroko pertsona fisikoa edo juridikoa.
  • Jaso irakaskuntza-zentroarekin harremanetan jartzeko datuei buruzko informazioa: non dagoen, helbidea eta izena.
  • Jaso ikastaroarekin zerikusia duten datu guztien gaineko informazioa: prezioa, iraupena, edukiak eta abar.
  • Izan gogoan garantia bat dela akademia Kontsumoko Arbitraje Sistemaren kide izatea, kontsumoko gatazka bat sortuz gero.

Azken aldaketako data: